NAIZ
BILBO

Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdiak 84 lan eskainiko ditu

Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdiak ostegun honetan irekiko ditu edizio berriaren ateak. Datorren urriaren 22ra arte 46 herrialdetatik heldutako 84 lan ikusi ahal izango dira. Ia erdien zuzendariak edo zuzendarikideak emakumezkoak dira.

Zinema Ikusezina jaialdiak urriaren 22ra arte eskainiko ditu proiekzioak. (NAIZ)
Zinema Ikusezina jaialdiak urriaren 22ra arte eskainiko ditu proiekzioak. (NAIZ)

«Urte arraro honek» eragin dituen gora beherak alde batera utzita, Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak eutsi egin dio eta ostegun honetan bertan edizio berri bati ekingo dio Bilbon. Gogotsu dator, eta datuek berresten dute hori: XXII. edizio honetan mila obra baino gehiago aurkeztu dira lehiaketan parte hartzeko.

Jaso dituzten proposamen horien artean 84 hautatu dira, 46 herrialde eta lurraldekoak, eta lanen ia erdien zuzendaria edo zuzendarikidea emakumeak dira. Ikusi ahal izango diren filmetatik, 30 fikziozkoak dira, 50 dokumentalak eta sei animaziozkoak. Bideoklip bat ere badago aukeratutako izenburuen arten. Obretatik, zortzi euskaraz egin dira eta hogei Afrikatik heldu dira; gehienek azpitituluak izango dituzte.

Guztira, 450 emanaldi izango dira, 24 egoitzatan banatuak. Bilboko Alondegiko Golem aretoak egoitza nagusia izan arren, lurraldeko beste gune batzuetara zabalduko da jaialdia eta lanak ikusi ahal izango dira Barakaldon, Elorrion, Erandion, Getxon, Iurretan, Leioan, Mungian, Portugaleten, Sestaon eta Gasteizen. Antolakuntzak azpimarratu duenez, leku horietako hamalau Bizkaiko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako institutuak dira.

Ordutegi berriak

Inaugurazio-gala ostegun honetan izango da, hilak 15, 19.30ean, Alondegian. Jarraian lau film labur ikusiko dira, haien artean, ‘Mateoren ama’, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren azken film laburra. Biak Moriarti ekoiztetxearen fundatzaileak dira, eta sari ugari jaso dituzten filmak ekoiztu dituzte, hala nola ‘La Trinchera infinita’, ‘Handia’ eta ‘Loreak’.

Gaur bertan egindako aurkezpenean aurreratu dutenez, Covid-19ari aurre egiteko neurriak direla eta, jaialdiak ordutegi berria izango du Bilboko Golem Zinemen egoitza nagusian. Saioak 16.15ean, 18.30ean eta 20.45ean izango dira. Hori dela eta, filmen zuzendariekin egin ohi diren eta oso gogokoak diren foroak azken saioan egingo dira.

Gainera, emanaldiak presentzialak izateko programatu badira ere, KCD GGKEk bigarren agertoki bat aurreikusi du, egungo egoerak zinemetara joatea galaraziko balu. Hori gertatuz gero, filmak online egongo lirateke eskuragarri. «Modu batera edo bestera, jaialdia egin egingo da», ziurtatu du Juan Carlos Vazquez jaialdiko zuzendariak.

Sariak emateko gala urriaren 22an egingo da, 19.30ean Alondegian baita ere. Bertan, guztira 19.500 euroko balioa duten hamaika sari emango dira eta lehen aldiz ekitaldia online jarraitzeko aukera egongo da. Film irabazleak urriaren 26tik 30era bitarte ikusi ahal izango dira jaialdiaren plataforma digitalaren bidez.

Afrikako emakumeak

Jaialdiarekin batera, modu paraleloan, ‘Afrikako emakumeen parlamentua’ argazki-erakusketa egongo da ikusgai Bilboko Zabalguneko eraikinean. Afrikako artista ez-profesionalen erakusketa honetan, kontinenteko hainbat herrialdetako herritarren erretratuak eta eguneroko uneak ikusi ahal izango dira.

Artista gazte horiek, beren kameren eta begiraden bitartez, emakumeen eskubideei eta genero-desberdintasunei lotutako gaien inguruan sentsibilizatzen dute, eta egoera horiek salatzen dituzte. Erakusketaren aurkezpenean, Mamadou Gomis komisarioak parte hartuko du, Afrikako Argazki Artearen Federazioaren (FAAP) presidentea eta sortzailea, eta proiektu honen bultzatzailea.

Erakusketaren inaugurazioa asteazken honetan egingo da, 19.00etan, eta astelehenetik larunbatera bitartean egongo da zabalik, datorren azaroaren 4ra arte.