KUTXABANK ARASKI 61 - MOVISTAR ESTUDIANTES 67
etxean galtzea zer den ere badaki orain Kutxabank Araskik, Estudiantes gainetik kendu ezinda aritu ostean. Bikain ekin diote lanari Madelen Urietarenek, batez ere Laura Quevedoren –21 puntu– rasoko lanari esker eta erreboteetan nagusi izan direlako. Baina nekea, Estudiantesen lana, zonakako defentsekin lanean behin eta berriz arabarrak partidatik atera arte, eta Tamara Sedaren lesioak nahi ez bezalako amaiera mikatza ekarri du azken laurdenean.
Estudiantesek maila berreskuratu berri du, baina Emakumeen Endesa Ligan eskarmentua sobera duen jokalariak ditu. Hala, erraz ulertzen da Mendizorrotzara egin duen bisitan 3-1eko balantzeaz iritsi izana. Ez hori bakarrik, memento txarretan burua galdu gabe jokatzen jarraitzen ere badaki. Hala eutsi dio talde madrildarrak Araskiren hasiera bikainari; 13-3 aurreratu dira Madelen urietaren jokalariak, Laura Quevedoren bitarez batik bat.
Madrilgo hegalekoak gasteuztarren aurreneko 17 puntuetatik 12 saskiratu ditu eta partida aurreneko minutuetan hautsiko zelako irudia eman du, baina erasoko errebotearen bila gogor ekin dio Estudiantesek eta horrez gain, Leslie Knight pibot beteranoak puntuak ere eman dizkio. Ondorioz, aurreneko laurdenak 17-13 amaitu da, eta Araski nahiko deseroso, batez ere Abalde eta Sedak bina pertsonal egin ostean.
Ez da etorri, hala ere, esperotako erreakziorik Estudiantesen aldetik. Araskik aurreneko laurdenean adina puntu saskiratu du ditu, Quevedoren lanari Maria Asurmendi antolatzaile nafarraren puntuak gehitu zaizkiolako. Iruindarrak Estudiantesek utzitako hutsuneak bapo baliatu ditu, baita erreboteko lana ere bigarren aurkerako saskiratzen zenbait lortzeko ere.
Dena den, zer hobetua erakutsi du arabarren jokoak. Izan ere, defentsarako balantzea oso motel egin dute Madelen urietarenek; hau da, aurrerantz korrika egiteko arazorik ez duten arren, atzerantz asko kostatzen zaie lasterka egitea, eta hutsune hori baliatu du talde madrildarrak partidan sartuta jarraitzeko, baita Knight eta Ramanen lan bikaina taulapean ere. Ondorioz, atsedenaldira markagailua 34-27 dela iritsi da norgehiagoka. araskiren alde beti, baina arnasa lasai hartu ezinik, era berean.
Tamara Sedaren lesioa, gako
Gracia Alonsok hiru hiruko sartu ditu segidan eta 36na berdindu du neurketa. Une hartatik aurrera, Mendizorrotzako partida buruz buruko lehia bilakatu da. Gasteiztarrek aldetxoa hartu dute tarteka, baina ezin partidarik hautsi eta Estudiantes, kaparra balitz bezala, ezin gainetik kendu.
Hori gutxi ez eta, laugarren laurdenean Tamara Sedak min hartu du eskuineko sorbaldan, Melissa Gretter aurkariarekin tupust egin ostean. Ordura arte arabarrek alde txikia izan dute, 54-50, laurdenaren hasieran Quevedok eta Tania perezek hiruko bana saskiratu ondotik, baina talde gasteiztarrari Mozalbiqueko pibotak eman dio, eta bera min hartuta joan denean, akabo.
Asko kosta zaio Estudiantesi aurrea hartzea, baina Nyngifa, Knight eta Ramanen artean Joy Adams eta Tamara Abalderi gailendu da Madilgo taldea. Anna Cruzen bidez 61-61ekoa lortu du Araskik hiru minutu pasatxoren faltan, baina ez da gauza izan puntu bakar bat bera ere gehiago sartzeko, Estudiantesen zonakako defentsa ezberdinen aurrean galduta. Hain galduta, ezen azkenerako galdu dituen 12 baloietatik gehienak azken laurdenean izan diren, tartean hondoko marratik Izaskun Garcia urlezaga muxikarrak aurkariari zuzenean eskura eginiko sake bat, edota presaren presaz, handik segundo gutxira Maria Asurmendik Zadorrara botatako hirukoa.
Bestetik, defentsan ere egokipen akatsak egin ditu Araskik azken minutuetan eta Nyngifa eta Melissa Gretterrek Estudiantesi azken bultzada eman diote Araskiren kontura denboraldiko laugarren garaipena Madrila eramateko.