NAIZ

Nafarroako neurriak beharrezkoak direla baina baliabideak abiarazi behar direla dio EH Bilduk

Maria Chivite lehendakariak Nafarroan koronabirusari aurre egiteko ezarri dituen neurriak egokiak direla adierazi ondoren, osasun balialideak martxan jartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du EH Bilduren eledun Bakartxo Ruizek.

Bakartxo Ruiz EH Bilduren eleduna. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)
Bakartxo Ruiz EH Bilduren eleduna. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

EH Bildu Nafarroak berretsi du «neurri integralak» hartu behar direla «kutsatzeen erritmoa eta kasuen larritzea geldiarazteko», eta gogorarazi du pandemiaren hasieratik aldarrikatu duela. Ildo horretan, EH Bilduk uste du Chivite lehendakariak atzo jakitera eman zituen neurriek «Nafarroaren egoera larriari erantzuten» diotela, eta balioan jarri du «Nafarroako Gobernuak erabaki horiek gure lurraldearen errealitatean oinarrituta hartu izana, hasieratik eskatu dugun bezala».

Hala ere, EH Bildurentzat «ezinbestekoa da neurri murriztaile berriekin batera baliabideak jartzea». Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak defendatu duenez, «osasun baliabide gehiago behar direla azpimarratzen jarraitzen dugu, batez ere Lehen Mailako Arretan, eta premiazkoa dela beharrezko baliabideak jartzea osasun sistema gehiago arriskuan ez jartzeko», gaineratu du.

Ruizen hitzetan, «covid-19 kasu posibleei arreta azkarra eta eraginkorraren bidezko detekzio goiztiarra, testatzea eta arakatzea funtsezkoak dira pandemia ongi kudeatzeko». «Nafarroa, oro har, ez da oraindik testatzeko bere gaitasun osoa erabiltzen ari, eta arakatzaileen plantilla ez da nahikoa», kritikatu du. Hala, «eguneroko proba kopurua handitzeko beharra» azpimarratu du, baita «miaketa lanak egiteko langile kualifikatu gehiago sartzeko beharra» ere.

Halaber, EH Bilduko bozeramailearen esanetan, «neurri berrien ondorioak gehien jasango dituzten sektoreei zuzendutako laguntzak premiaz abiarazi behar dira, hala nola ostalaritzari eta kultur ekitaldiei dagozkienak». «Neurri murriztaileekin batera, ezinbestekoa da sektore horiei laguntzea, ahal den neurrian, egoera horrek kolektibo jakin batzuengan eta pertsona zaurgarrienengan dituen ondorio negatiboak arintzeko», gaineratu du Ruizek.