Afizioa egiten duten etapa horietakoa izan da Giroko hemezortzigarrena, 207 kilometro Pinzolo eta Laghi di Cancano artean, ibilbidean Stelvio handia igoz.
Asko espero zen etapa honengandik, eta ikusitakoa edonor asebetetzeko modukoa izanda: oilarren arteko borroka urrutitik, bakarkako borroka gainera, lider aldaketa sailkapen nagusian eta txirrindulari euskaldun bat punta-puntan, Pello Bilbao.
Gernikarrak sekulako etapa egin du, hirugarren izan da helmugan, eta sailkapen nagusian laugarren kokatu da Kelderman liderrarengandik 1:19ra, podioaren borrokan bete-betean sartuz.
Lider berria Wilco Kelderman herbeheretarra da, baina sailkapenean oso alde txikiarekin eta asko sufrituta. Izan ere, Sunweb taldeko liderrak 12 segundoko aldea besterik ez dio ateratzen Jay Hindley bere taldekideari, hain zuzen ere gaurko etapa irabazi duen australiarrari, eta 15ekoa Tao Geoghegan Hart britainiarrari, gaurko etapan bigarren izan denari.
Larunbatean mendiko azken etapa izango dute, Sestriere eski estazioan amaitzen dena, nahiz eta Covid-19agatik egindako aldaketen ostean hasieran baino gogortasun gutxiago izango duen. Eta azken irabazlea Milanoko erlojupekoan erabakiko da, Keldermanek bere alde izango du hori.
Rohan Dennisen txikizioa
Etapa Stelvioko lehen kilometroetan apurtu da. Sunweb taldeak erritmoa bizia ipini du azpi-azpitik, eta Joao Almeida liderra kilometro askoren faltan geratu da atzean, bere indarrak neurtu behar zituela jakitun.
Baina benetako txikizioa eragin duena Ineos taldeko Rohan Dennis izan da. Australiarrak sekulako igoera egin du Stelvio beldurgarrian, eta ia faborito guztiak atzean uzten joan da banaka-banaka. Baita Wilco Kelderman bera ere oraindik gaina harrapatzeko zortzi kilometro falta zirenean.
Dennisen gurpila jarraitu ahal izan duten txirrindulari bakarrak Tao bere taldekidea eta Hindley izan dira. Eta mendate gainean 45 segundoko aldea ateratzen zioten Keldermani, 1:40koa Pello Bilbao eta Jakob Fuglsangi, eta 3:36koa Almeidaren taldetxoari, Majka, Konrad, Masnada eta Pernsteinerrek osatua.
Baina Rohan Dennisen erakustaldia ez da horretan gelditu. Stelvioko jaitsiera ere oso azkar egin du eta Laghi di Cancano igotzen hasi aurreko azken kilometro lauagoetan atzekoei aldea handitu egin die erlojupekoetan erakutsi ohi duen gaitasun horri esker. Keldermanek, esaterako, 1:45 galtzen zuen azken mendatea igotzen hasterako.
Pello Bilbao, atzetik aurrera
Azken mendate horretan Tao Geoghegan bera izan da erritmoa jarri duena, Hindleyek Kelderman zuelako atzetik. Eta Taok egindako lan guztiari zukua atera dio Hindley australiarrak helmugan, espintean azkarrago ibili eta etapa garaipena eskuratuz.
Atzetik, aldiz, Pello Bilbao izan da sekulako igoera egin duena. Fuglsangekin batera lehenik Kelderman harrapatu eta pasatu dute, eta helmugarako sei kilometroren faltan Fuglsang atzean utzi eta bakarrik joan da aurrera, lasterketa buruan zegoen bikoteari asko hurbilduz. Azkenean 46 segundora sartu da helmugan, hirugarren, eta sailkapen nagusian laugarren kokatu da 1:19ra.
Fuglsang 1:25era sartu da, nagusian seigarren kokatuz, eta Keldermanek 2:18 galdu ditu. Herbeheretarra lider jarri da baina 12 segundoko aldea bakarrik ateratzen dio Hindley taldekideari eta 15ekoa Tao Geoghegani.
Almeida 4:50era sartu da eta agur esan behar izan dio horrenbeste denboran eraman duen maglia arrosari. Orain bosgarren dago sailkapen nagusian 2:19ra.