Fortunato Agirrek utzitako hazi hura Oier Sanjurjorengan eta Koldo Leozengan ernetu da gaur, 84 urte pasata. Osasuna eta Lizarra dira hiruen arteko loturak. Izan ere, Lizarraldeko Arellano herrian jaiotako gizona politika arloan nabarmendu zen bereziki baina Osasunako aintzindarietako bat ere izan zen, batzar eragileko kide.
Osasunak lehen hamarkada bete berria zuenean, EAJko ordezkari zela, 1931ean izendatu zuten Lizarrako alkate Fortunato Agirre. Aho batez gertatu zen, eskuineko bozak ere jaso zituen eta. Bost urteko jardueran, besteak beste Lizarrako Estatutua izan zenaren bilkura antolatzeko ardura izan zuen Agirrek.
Toki hartatik, Estatu-kolpea prestatzen ari zela iragartzen zituen seinaleak antzeman zituen alkateak, Irantzuko monastegiak armak gordetzen ari baitziren eta Lizarra ondoko Iratxekoan jarduten zuelako Mola jeneralak. Santiago Casares Quiroga Gobernuko presidenteari jakinarazi zion Agirrek baina honek ez omen zion jaramon handirik egin.
Larrutik ordainduko zuen balentria hura Fortunato Agirrek. Uztailaren 18an bertan atxilotu zuten eta irailan afusilatu; bi alaba biki ezagutu gabe joango zen, oraindik amaren sabelean zirelako.
Historiaren bideak bihurri-bihurriak dira sarritan; Taxoaren kendu zioten bizitza eta herri berbera hartuko zuen Osasunak egoitza nagusi gisa 1982. urtean, gaur arte.
Bertako entrenamendu zelaietan kilometro asko eta asko eginak dituzte Lizarrako bi gaztek. Bata Oier Sanjurjo da, Osasunako kapitaina eta arima, eta euskaldun peto-petoa (Iñigo Urizen irudian, Nafarroako ikurrarekin, Gironan Lehen Mailarako igoera lortu eta minutu gutxira, 2016an).
Familiko historiari une batez erreparatzea ere adierazgarria da; Oierren ama, Ana Maté, jaiotzez Segoviakoa izanik gaztetan etorri zen Iruñera Magisteritza ikastera, Nafarroan bilakatu zen euskaldun eta Lizarrako Ikastolako idazkaria izatera heldu da. Ikastola hori, nabarmendu beharrekoa da, Fortunato Agirreren ametsa bazen.
Bestea Koldo Leoz dugu, Osasuna Promesas-eko aurrelari ohia: Lehen Mailan ibilitako Orbaiz, Muñoz edota Palacios izan zituen taldekide duela 20 urte. Baina futbola utzi ostean hartu du sona benetan, 2015. urtean Lizarrako alkatea izatera heldu baitzen Leoz, EH Bilduren zerrendaburu gisa, eta gaur egun ere aginte-makila eskuetan darama.
Kargua hartu zuen egunean, duela bost urteko ekainaren 13an, Fortunato Agirre oso gogoan izan zuen Koldo Leozek. Lore batzuk utzi zituen omenaldi gisa alkate berriak, bai 84 urte lehenago alkatea izandakoari, bai eta berarekin batera errepresaliatuak izan ziren gainerako udal langileei ere.
Fortunato Agirre armaz akabatu zuten 1936an, hamarkada askotarako abertzaletasunaren erreferentzia eta bilgune den Lizarra alkate abertzalerik gabe utziz. Koldo Leoz ezin izan dute orain alboratu.
Bitxi-bitxia eta adierazgarria da legealdiaren lehen parte honetan gertatutakoa, 2019an Navarra Suma eskuindarrak hartu zuelako alkatetza baina urtebete baino gutxiago iraun du udal gobernu hark. Martxoan zentsura mozioa aurrera atera eta geroztik Leoz da berriz alkate. 41 urte baino ez dituela, bigarren legegintzaldia du. Agirrek burua altxatuko balu, ez soilik Osasuna, Lizarra ere osasuntsu dagoela ondorioztatuko luke.