Ameriketako Estatu Batuetako Senatua prest dago gaur bertan Amy Coney Barrett epaile kontserbadorea Auzitegi Goreneko biziarteko kide bezala hautatzeko.
Ganberan errepublikarrek duten gehiengo zabalak atzera bota zuen igandean Alderdi Demokratak, azaroaren 3ko hauteskundeak bertan direla eta, hautaketa prozesua atzeratzeko helegitea.
51 senatari atzeratzearen aurka azaldu ziren. 46 demokratez gain, Susan Collins eta Lisa Murkowski errepublikarrek alde bozkatu zuten.
Hala ere, gaur azkeneko orduan (bihar egunsentian EHn) egingo den bozketan 51 baietzekin nahikoa dute errepublikarrek. Are gehiago, 50ekin ere hautaketak aurrera egingo luke, Mike Pence AEBetako presidenteordea Senatuko presidentea delako eta bere bozak berdinketa apurtuko lukeelako.
Azkenean horren beharrik ere ez da izango. Gainera, oraingoan, Lisa Murkowski senatari errepublikarrak Barrett epailearen izendapenaren alde bozkatuko duela iragarri du.
48 urte dituen eta muturreko kristaua den Barretten izendapenak Auzitegi Gorena eskuinera muturtuko du hamarkadetarako. Izan ere, bederatzi epaileetatik sei kontserbadoreak izango dira eta soilik hiru progresistak.
Ginsburgen azken nahia, bete gabe
Barrettek irailaren erdialdera zendu zen Ruth Gaber Ginsburg Goreneko epaile progresista eta feminista ordezkatuko du. Ginsburgek bera idatzita utzi zuen bere «berebiziko nahia AEBetako presidentea hautatu arte ordezkatua ez izatea».
Donald Trump presidenteak eta gehiengo errepublikarrak ez diote jaramonik egin eta bere ordezkoa hauteskunde presidentzialetarako aste bat baino falta ez denean hautatzekotan dira.
2016an, beste heriotza batek Gorenean plaza bat hutsik utzi zuenean orduko presidenteak, Barack Obamak, epaile-hautagai bat proposatu zuen. Errepublikarrek ez zuten onarpen prozesua hasi ere egin, handik zortzi hilabetera hauteskunde presidentzialak ospatuko zirela eta.
Hauteskunde haiek irabazi zituenak, Trumpek, bi epaile kontserbadore sartu ditu Gorenean dagoeneko ordutik hona, Neil Gorsuch y Brett Kavanaugh.
Barrett hirugarrena izango da eta bere lehen erabakia hauteskundeen ostean iritsiko diren helegiteak aztertu ala ez izango da. Presidentzialetan lehiakide den Trumpek berak izendatuko badu ere, ez du oraindik argitu helegiteen aurrean zer egingo duen.
Dena den, Barretten konfirmazioa garaipen historikoa da AEBetako sektore atzerakoientzat, epailea 1973tik bermatuta dagoen aborto eskubidearen aurka dagoelako.
«Gerra kulturalean» erdi-erdian
1973 urte hartan hasi zen Alderdi Errepublikarraren deriba atzerakoia. Muturreko kristauen mugimenduak abortuaren aurkako jarrera Old Partyren alderdiaren idearioan sartzea lortu zuen hiru urteren buruan.
Ordutik hona, eta ia salbuespenik gabe, alderdiak epaileak eta auzitegiak «gerra kulturalaren» aurreko talde bihurtu ditu, era kontziente eta luzarora begirako estrategia baten barruan.
Muturreko kristauen boza ezinbestekoa duen Trump boterera iritsi denetik areagotu egin da estrategia hori.
Horrela, bada, eta Auzitegi Gorenez gain, magnateak AEBetako epaile federalen laurdena izendatu du lau urtetan. Guztira 220 dira, gehienak gizonezko zuriak eta kontserbadoreak.
Adibide gisa, Barack Obamak 324 epaile izendatu zituen, baina zortzi urtetan. Hala ere, presidente beltzaren aztarna hor dago, egun lanean jarraitzen duten epaile federalen %39a bere sinadurarekin aukeratuak izan zirelako.
Aztarna hori desagerraraztea da errepublikarren helburua eta Trumpen zeregina hauteskundeak irabaziko balitu.
Bitartean, Trump Apelazio Auzitegietarako epaileak izendatzen saiatu da batez ere, hainbat auzitan zeresan handia dutelako Gorenaren atzetik. 53 apelazio epaile izendatu ditu, bere aurrekoak baino askozaz gehiago. Jimmy Carter presidente demokrata (1977-1981) izan da Trump baino epaile gehiago izendatu zituen bakarra (58), duela 40 urte luze.