Pello Jauregi Etxaniz (Donostia, 1958) ikerlari eta irakasleak jasoko du 2020ko Abbadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzen du Abbadia sariak.
Jauregi Pedagogian Lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria da, besteak beste. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da.
Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen Lasarte-Orian 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan jasotzen diren gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu.
Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du aukera honekin Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian ikerlari donostiarraren lanek izandako garrantzia. Hala, Euskaraldia ekimenaren «teorizatzaile den aldetik, hein handi batean, euskararen hedapenerako aukerak neurtezinak sortu ditu».
Horrekin batera, Jauregik egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik «dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du», «konbinatu ditu ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi da».
Epaimahaiaren arabera, bere ikerketarekin «oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu; eta hiru hilabetera berriz neurtu».
Ohitura denez, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian egingo da Abbadia Saria emateko ekitaldia, momentuan momentuko osasun eta segurtasun gomendioak jarraituta: azaroaren 27an izango da, hain zuzen ere.
Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia Sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Xabier Anunzibai (1985) beasaindarra izan da aukeratua eta, beraz, okasiorako propio egindako artelan bat jasoko du Pello Jauregik.