NAIZ

LABek pentsioen sistema propio bat eraikitzeko beharra berretsi du

LABek Toledoko Itunaren jarraipen batzordean astearte honetan onartutako proposamenak kritikatu ditu, eta pentsioen sistema propio bat eraikitzeko beharra berretsi du. «Pentsioen sistema publiko bat bermatzeko eredua eraldatu behar da, eta horrek sistema propio baten beharraz hitz egitera ekartzen gaitu berriro», adierazi du Aranburuk.

Garbiñe Aranburu eta Jose Felix Agilera gaurko agerraldian. (LAB)
Garbiñe Aranburu eta Jose Felix Agilera gaurko agerraldian. (LAB)

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak Toledoko Itunaren jarraipen batzordeak onartutako azken proposamenak kritikatu ditu eta pentsioen sistema propio bat eraikitzeko beharra berretsi du. Proposamen horien artean daude pentsioak KPIaren arabera igotzea, erretiro adina atzeratzea eta erretiroa aurrez hartzeko baldintzak gogortzea.

«Toledoko Itunaren gomendio hauek pentsioen erreforma bat ekarriko dute hemendik hilabete batzuetara. Ezin dugu Madrilera begiratzen jarraitu eta Estatutik inposatzen zaizkigun neurriak baloratzera mugatu. Pentsioen sistema publiko bat bermatzeko eredua eraldatu behar da, eta horrek sistema propio baten beharraz hitz egitera ekartzen gaitu berriro», nabarmendu du Aranburuk Bilbon egindako agerraldian.

Azaldu duenez, Toledoko Itunaren azken proposamenek ez dute pentsioen sistema publikoaren «nahikotasuna eta iraunkortasuna bermatuko». «Ez lirateke 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera utziko, erreforma hauek pentsioak jasotzeko baldintzak gogortu zituztenean; besteak beste, kotizazioaren urteak handituta kalkulua egiteko eta erretiro adina atzeratuta», azaldu du.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, Gizarte Segurantzaren iraunkortasuna ere ez lirateke bermatuko eta adostutako neurriak ez lukete 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko. «Ez litzateke gutxieneko pentsioa bermatuko, eta ez da inolako neurririk proposatzen gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala txikitzeko. Ez da jasotzen, ezta ere, inolako aitortzarik eta konpentsazio ekonomikorik emakumeek egindako doaneko zaintza lanengatik».

Egoera honen aurrean, LABek halako neurriak proposatu ditu: kotizazioak handitzeko neurriak, gutxieneko soldata 1.200 eurotan finkatuta eta soldata baxuenak hobetuta; kotizazioak handitu, soldata altuenek dituzten kotizazio mugak kenduz; eta politika fiskala berritu, diru gehiago jasotzeko eta modu progresiboago batean egiteko».

Bestalde, LAB Gizarte Segurantzako Lege berri bat egiteko proposamen bat lantzen ari dela iragarri du Aranburuk. «Ez dugu nahi Madrilek erabakitzen duen hori kudeatzera mugatu. Ez da nahikoa Autonomia Estatutua eta Foru Hobekuntza betetzearekin, kudeaketa hori egitera mugatzen baitu guztia. Egungo esparru juridiko eta politikoa gainditu beharra dago», gaineratu du eta Gizarte Segurantzako Lege berrirako proposamenaren lanketan, pentsiodunen eta babes sozialaren arloan lan egiten duten jendarte mugimenduen iritziak, ideiak eta proposamenak jaso nahi dituztela azpimarratu du.