Denboraldi hasiera honetako albiste pozgarriena Jon Morcillo izan da Athleticentzat. Zornotzarrak orain arte jokatutako zazpi partidetan parte hartu du eta lautan hasieratik zelairatu da. Garitanok gehien erabilitako hamargarren jokalaria da eta berarekin debuta egin duten gazteen artean partida osorik jokatu duen bakarra da. Granadan izan zen Ligako lehen jardunaldian.
Txikitako «ametsa» betetzen ari dela azaldu du 22 urteko jokalari gazteak gaur Lezaman egindako agerraldian. Erreferenteak izandako jokalariekin aldagela elkarbanatzerakoan taldekideen partetik jaso duen babesa nabarmendu du eta San Mamesen zaleekin batera jokatzeko irrikitan dagoela.
Oraindik hobetzeko asko daukala onartu arren, taldean egonkortu eta kamiseta zuri-gorriarekin ibilbide luzea egitea gustatuko litzaiokeela azaldu du. Dagoeneko behintzat lortu du lehen taldera igotzea eta 2 zenbakia eman diote. Bere garaian Gaizka Toquerok aurrelaria izan da ospetsu egindakoa.
Iaz Bilbao Athleticeko golegile nagusia izan ondoren -10 gol lortu zituen 29 partidetan-, 2023rarte kontratua berritu eta lehen taldearekin aurre denboraldia egiteko aukera jaso zuen.
Adiskidantzazko norgehiagoketan nabarmentzea lortu zuen Morcillok, erasoko jokora begira golak eta erdiraketak egiteko gaitasuna zeukala erakutsiz. Horren lekuko, Levanteren kontra aulkitik atera bezain laster Williamsek gola egiteko emandako pasea. Jaurtiketa indartsua eta zehatza ere da beste dohaietako bat eta berak aterako kornerrean iritsi zen Sevillaren kontrako berdinketa.
Azken partida horretan hasierako hamaikakoan izan zen Oier Zarragarekin batera. Iñigo Vicentek eta Unai Vencedorrek, gutxiago bada ere, jokatu dituzte minutu batzuk lehen partida hauetan. Ahaztu gabe hor daudela ere Oihan Sancet edo Asier Villalibre.
Morcillok azpimarratu duenez, «harro» egoteko modukoa da harrobitik igotako hainbeste jokalari batera aritzea. Azaldu duenez, behetik iritsitako gazteek erakutsi dute maila eman dezaketela eta bigarren taldean daudenei «estutu eta lan egiteko» gomendioa eman die gertu daudelako.
Berenguerren fitxaketa ere izan du hizpide eta bera aritzen den toki berean jokatzen badu ere, taldearen lehiakortasuna handietzeko eta laguntzeko etorri dela komentatu du. Ildo horretan, Sevillaren kontra biek batera jokatu zutela aipatu du. Nafarra eskumatik hasi zen eta Morcillo ezkerretik. Bigarren zatian Muniain atera zenean, zornotzarra eskumara bidali zuen Garitanok. Morcillok esan duenez txikitan askotan jokatu izan du hegal batean zein bestean eta bi postuetan aritu daitekeela uste du. Zelaian ez kikiltzeko eskatzen diola Garitanok gaineratu du eta Lezamara iritsi zenetik barneratu duela ere jokoan hain berekoia ez izaten.
Athleticen egoeraren inguruan partidaz partida joan beharra daukatela dio eta beren helburua Valladoliden igandean irabaztea dela.