NAIZ

Protestak hedatzen doaz AEBetan emaitzen inguruan urduritasuna handitzen doan heinean

Botoen zenbaketa aurrera doan bitartean, istiluak izaten ari dira Estatu Batuetako hainbat hiritan. Dena den, momentuz, ez da enfrentamendu larririk izan, Poliziak hainbat lagun atxilotu baditu ere.

AEBetako bandera bat erre dute Portlanden arrazakeriaren kontrako militanteek. (Nathan HOWARD-GETTY IMAGES/AFP)
AEBetako bandera bat erre dute Portlanden arrazakeriaren kontrako militanteek. (Nathan HOWARD-GETTY IMAGES/AFP)

Estatu Batuetako hauteskunde-gauean datozen lau urteotan Etxe Zurian nor egongo den jakitea zaila da, zalantza nagusi baita. Honekin batera, hiri nagusietako kaleetan protestak izaten hasi dira, momentuz istilu larririk izan ez direlarik.

Etxe Zuriaren inguruetan indarkeri ahaleginak izan dira. Hemen eman dira Trumpen aurka Washingtonen antolatu diren mobilizazio nagusiak. Hiriburutik atera gabe, egungo presidentearen alde txano bat zeraman emakume ustez erasotu dute Black Lives Matter enparantzan, Bloomberg agentziaren arabera. Indarkeria polizialaren aurako mugimendua omentzen du plaza honek.

Minneapolisen hainbat lagun atxilotu dituzte indarkeri polizialaren kontrako manifestazio baten ondoren. Pintadak egin eta polizien kontra gailu piroteknikoak jaurti dituzte. Poliziaren eledun batek, John Elderrek, gutxienez hamahiru emakume atxilotu dituztela konfirmatu du, bertako komunikabideen arabera.

Bestalde, 800 bat lagun bildu dira elkarretaratze batean Portlanden. Horietako batzuek armak zituztela dirudi. Antza, Poliziak George Floyd maiatzean hil zutenetik eman ziren protesten jarraipena da.

Seattlen ere zortzi lagun atxilotu dituzte hainbat mobilizazio izan ondoren. Los Angelesen, berriz, Poliziak legez kanpokotzat jo du Staples Center estadioaren inguruan antolatu den mobilizazioa. «Hainbat lagun» atxilotu dituztela adierazi du Poliziaren eledun batek.

Ipar Karolinan, Graham hirian, tentsiogune nagusia Gerra Zibilean hildako konfederatuen omenezeko monumentua izan da. Oroigarriaren kontra daudenak Trumpen aldekoekin topo egin dute.

Dena den, izan dira adostasunerako guneak ere. Michigango Estatuko Gobernuak sare sozialetan zabalduko bideo batean Trumpen eta Bidenen aldekoak ‘God Bless America (Jainkoak Amerika bedeinka dezala)’ elkarrekin kantatzen azaltzen dira Warren hirian.