NAIZ

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finala ez da egingo

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa azaroaren 14an Abadiñon egitea zen asmoa, baina egoera aintzat hartuta, bertan behera uztea erabaki dute Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Lurraldeetako saioak egin dira baina azken saioa ez da egiterik. (NAIZ)
Lurraldeetako saioak egin dira baina azken saioa ez da egiterik. (NAIZ)

Hitzordua zehaztuta zegoen: azaroaren 14an Abadiñon. Baina bertan behera utzi dituzte euren asmoak Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak. «Egin ala ez egin: Eskolartekoek lurraldeetan bere bidea egin artean, egoeraren bilakaera adi jarraitu dugu, Euskal Herriko Eskolartekoa gauzatu ote zitekeen erabakitzeko. ‘BertsoZalea’ berripaperean bazkideei aurreratu bezala, hitzordua zehaztua genuen: azaroaren 14an genuen egitekoa, Abadiñon, Saran hirurtekoa egin eta gero. Pandemia egoerak, ordea, ez du ekitaldia gauzatzeko aukerarik eman, eta aurten Euskal Herriko Eskolarteko azken saiorik ez egitea erabaki dugu», azaldu dute antolatzaileek.

Azken saioa da egingo ez dena, gainerakoan, lurraldeetako Eskolartekoak egin ahal izan baitira neurriak hartuta.

Gipuzkoako Eskolartekoari bi saio falta zitzaizkiola eten zen bat-batean Eskolartekoa. Urriaren 2an berriz ekin zioten Gipuzkoako saioetako bati eta finala urriaren 16an egin zen Azkoitian: Aner Peritzek irabazi zuen, eta Naia Arrizabalagak ere lortu zuen Euskal Herriko finala izango zenerako sailkapena.

Urrian egin ziren lurralde gehienetan eskolarteko saioak. Urriaren hasieran egin zen, Murgian, Arabakoa: Aitor Ugarte eta Eukene De Los Aires izan ziren txapeldun eta txapeldunorde. Bizkaiko Eskolarteko finala urriaren 17an egin zen Arrigorriagan, aurretik hiru kanporaketa saio eginda: Irune Basagoitik eta Leire Vargasek eskuratu zuten finalerako txartela. Nafarroak pasa den ostiralean egin zuen bere Eskolarteko saioa: Ekhiñe Zapiainek eta Bittori Elizaldek eskuratu zituzten lehen bi postuak.

Eta uztailean egin zen Bertsularien Lagunak elkarteak elkartzen dituen hiru lurraldeetako (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa) txapelketa: Haira Aizpuruak jantzi zuen txapela eta Irantzu Idoate izan zen txapeldunorde.