Botoen zenbaketaren aurka egin du Donald Trump hautagai errepublikarrak lehenengo momentutik. Zenbait estatutan oraindik egiten ari diren lanak geldiarazten saiatzen ari da eta azken finean dena auzibidean jarriko duela iragarria du. Alderdi Errepublikanoan ez dute aurretik iragarria zen estrategia honen kontra egin, baina ahots batzuk behintzat ageri dira, zenbaketak bukatzen uztearen alde eta horien zilegitasuna ezbaian jarri gabe.
Mitch McConnell eta Marco Rubio senatari aski ezagunak daude haien artean.
Senatuan gehiengo errepublikanoaren liderra da McConell, bai eta Trumpen aliatu estua ere, baina oraingoan berak hartutako bideari aurre egiten diola eman du aditzera. Aurtengo egoeran ezin dela aurrekoetan bezala jokatu aipatu du, pandemiaren ondorioz eta beste zenbait aldagai direla medio 101 milioi boz posta bidez eman direla gogora ekarriz. Hau dela eta, hautagaiek «estatu bakoitzean dauden arauak» errespetatu behar dituztela azaldu du.
Trumpek bere burua irabazletzat jo ondoren, «zenbaketa bukatu behar dela» adierazi du McConnellek, adierazpen horrekin ados ez dagoela baieztatuz. «Estatu bakoitzak zenbaketa nola egiten ez duen ez da Gobernu federalari dagokion kontua», erantsi du.
Oraindik argiago mintzo da Marco Rubio Twitterren: «Zuzen emandako bozak zenbatzeko egunak hartzea EZ da iruzurra», idatzi du. Jakina da Donald Trumpek prozedura honen gainean sustatzen dituela bere akusazioak eta susmoak. Posta bidez emandako bozak kontatzea, bere hitzetan, «hautesontzietan bozak goizeko 4etan sartzea da, ezin dugu baimendu».
Taking days to count legally cast votes is NOT fraud
— Marco Rubio (@marcorubio) November 4, 2020
And court challenges to votes cast after the legal voting deadline is NOT suppression
Aurreko mezu batean zera nabarmendu zuen Rubiok: «Legez zuzen emandako boz guztiak zenbatu ostean jakingo da Presidentziarako lasterketaren emaitza».
Hirugarren ahots bat Chris Christie gobernari-ohiarena da. ‘ABC News’ telebista-kateari adierazi dionez, zenbaketa zalantzan jartzea «erabaki estrategiko txarra eta erabaki politiko txarra da. Eta ez da kargu hori betetzen duen norbaiten aldetik espero genezakeen erabaki bat», erantsi du, Trumpen jokabidea zuzen seinalatuz.