«Euskararen aurrera begirako erronkak ilusioz ikusi behar ditugu entitate pribatuetan»
Euskaltzaindiak eta Lakuako Gobernuaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatzen duten XXV. Jagon Jardunaldian, El Corte Ingleseko, Kutxabankeko eta Goienerreko ordezkariek euskarak beren enpresetan etorkizunari begira dituen erronkei buruz hitz egin dute.
Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak eta Lakuako Gobernuaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatutako XXV. Jagon jardunaldia burutu da ostiral honetan. Covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak direla eta, ez da aurrez aurrekoa izan, baina streaming bidez jarraitu ahal izan dira hitzaldi eta mahai-inguru guztiak.
Jagon Jardunaldiaren bidez, hausnarketarako, esperientzien trukerako eta elkarlanerako foro edo gune bat eskaini nahi izan dute, «sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinak bilduz». Aurtengo jardunaldia entitate pribatuetan zentratu da eta gaur egungo gizarte elebidunean euskarazko zerbitzua nola ematen duten aztertu da.
«XXI. mendeko euskal gizartea herritar eleaniztunek osatzen dute eta entitate pribatuek errealitate horren baitan ematen dute euren zerbitzua. Hizkuntzak kudeatzeko arrazoiak arauzkoak izan daitezke, merkatuari lotutakoak, erantzukizun sozialetik hurbilago daudenak, erakunde publikoek egindako sustapen lanaren ondoriozkoak...», hausnartu dute antolatzaileek.
Azkeneko mahai-inguruan, aurrera begirako erronkei buruz aritu dira Iratxe Zuazola El Corte Ingleseko Euskara Zerbitzuko arduraduna; Ainhoa Arruabarrena, Kutxabanken Gipuzkoako sareko arduraduna, eta Asier Arsuaga, Goiener-eko Komunikazio taldeko eta hizkuntza batzordeko kidea. Nico Cuenca ekonomialariak moderatu du topaketa.
Lehenik eta behin, pandemiak iraun duen bitartean euskarak izan duen garrantzia aztertu dute, baita pandemiak eragin duen kontsumo motaren aldaketan (online egiten dira erosketa gehiago) izan duen eragina ere.
Arruabarrenak azaldu duenez, Kutxabankek zerbitzuaren %98a gaztelaniaz zein euskaraz ematen du, baina pandemiak iraun bitartean euskararen erabilera beti ez dutela bermatu aitortu du: «Premiazko gauza batzuetan, lehen komunikazioak gaztelaniaz baino ez ditugu egin». Bezeroei dagokienez, gaztelaniazko online operazioak %20 igo direla adierazi du eta euskarazkoak, berriz, % 60; «egia da, baita ere, euskarazkoak oinarri baxuago batetik abiatu zirela».
El Corte Ingleseko Iratxe Zuazolak adierazi duenez, kontsumo mota asko aldatu da pandemian. Hala ere, onartu du sarean egiten diren erosketetan, zerbitzuan eta sare sozialean ez bezala, ez dutela euskararen erabilera inplementatu, eta enpresaren «erronka handienetako bat» dela.
Goienerren euskarazko arreta zerbitzuaren %100 dutela ziurtatu du Arsuagak. «Baina pandemian, arreta ezin izan dugu aurrez aurre egin, eta ikusi dugu pertsona batzuek segurtasuna galtzen dutela euskaraz telefonoz hitz egitean», adierazi du.
Gazteak eta euskara
Bezero gazteek enpresekin naturaltasun handiagoz jarduten dutela ziurtatu dute hiru hizlariek. Zentzu horretan, gazteen artean euskara bultzatzen jarraitu behar dela azpimarratu du Arruabarrenak, eta UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) herrietako 30 urtetik beherako herritar guztiei bezero fitxan hizkuntza aldatu dietela azaldu du, euskara jarriz. Era berean, gazteleraz hautatzen duten bezeroei, informazioa gazteleraz zein euskaraz bidaltzen dietela azaldu du.
Euskara planak, kalitatea eta etorkizuna
Hirurek esan dute beren enpresek euskarazko plan bat dutela. Arruabarrenak azaldu duenez, Kutxabankekoak hiru helburu ditu: «lurralde bakoitzeko legedia eta errealitate soziala betetzea; bezeroen hautua errespetatzea; eta paisaian euskara bermatzea».
Hiru enpresatik batek ere ez du euskararen kalitatearen ziurtagiririk bere zerbitzuan, Bai Euskarari edo Bikain kasu. Kutxabankek eta Goienerrek adierazi dutenez, datozen urteetan lortzea espero dute, eta hori da euren helburuetako bat.
«Erronka bat da guretzat. Ez dugu nahi espektatiba faltsuak sortu, muga asko ditugu eta bide oso luzea daukagu aurretik. Asko daukagu egiteko. Epe laburrean ez dugu lortuko Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiririk. Hainbat ahulguneak ditugu», adierazi du Zuazolak.
Hirurak ere bat etorri dira euskara inbertsio gisa ikusten dutela esatean eta azpimarratu dute etorkizuna ilusioz ikusi behar dela eta modu proaktibo eta dinamikoan lan egin behar dela.