Abenduaren 4an, ostiralez, dendak irekitzeko proposamena luzatu du Serge Istequek, Biarrizko Merkataritza Bulegoko lehendakariak, Donibane Garazin dendari txikiek larunbat eguerdian egin duten elkarretaratzean.
«Denak itxiak edo denak irekiak» zioen pankarta batekin 150 lagun bildu dira herriko-etxearen aitzinean. Gobernu frantsesak «funtsezkoak ez diren» saltokiak ixteko ezarri dituen neurriak salatu eta «lan egin nahi» dutela nabarmendu dute.
Azaroaren lauean Eric Spitz suprefetarekin bildu zen Serge Istequek hitz gogorrak izan ditu dendari txikiek Donibane Garazin egin duten elkarretaratzean.Dendariek egin duten «itzelezko esfortzua» ez dela batere kontuan hartu izan, eta gainera, birusaren transmisioa haiei egotzi dietela salatu du Istequek.
«Ezin ditugu eternalki gure dendak itxiak izan», ohartarazi du Biarrizko Merkataritza Bulegoko lehendakariak. Bere iritziz, «desodendientzian penstatzen hasteko unea iritsi da» da eta abenduaren lauean denda guztiek irekitzeko proposamena astertu dadila eskatu du. «Ez dugu nahi legez kanpo jokatu, baina ez digute beste biderik uzten», adierazi du.
Dendariak eta herritarrak elkarrekin
Osasun neurriak betez burutu da ekitaldia. Metro bateko distantzia erespetatu eta maskarak jartzeko deia luzatu diete antolatzaileek Donibane Garaziko herriko-etxearen aitzinean bildu diren dendariei eta haiei babesa ematera gerturatu diren herritarrei. «Denok dugu egoeraren larritasunaren kontzientzia, ez gara arduragabe batzuk», nabarmendu du Donibane Garaziko dendarien elkarteko ordezkaria den Patricia Arangoisek.
Inguruan kaleak hutsik ziren, dendak eta tabernak itxiak, autoren bat edo beste errepidean, baina orokorrean basamortu bat zirudien Nafarroa Behereko hiriburuak. Ordea, elkarretaratzean dendariak ez diren herritar andana bildu dira eta baita Laurent Inchauspe auzapeza ere. «Gobernarientzat ez gara ‘esentzialak’, ezer ez da esentziala haientzat», salatu du hizlariak, eta zera oroitarazi du, «dendari txikiek lan soziala ere egiten dugu, herritarrekin harreman zuzena baitugu».
Dendariek salatu dutenez, «Amazonek aurrera egiten du, lanbide txikiak desagertzen diren bitartean, eta neurri hauekin ekonomia lokala ateratzen da galtzaile», horregatik, elkarretaratzean bidlu diren herritarrei zuzendu zaie Arangoise: «Gure lanpostuegatik borrokan jarraituko dugu, baina zuen laguntza eta elkartasuna behar ditugu».
Zentzu horretan, elkarretaratzean egon ezin izan duten arren, Zuberoa eta Nafarroa Behereko dendari anitzek haien sustengua helarazi dietela jakin arazi du. Ipar Euskal Herriko ekonomia «ez da kostaldera mugatzen, barne aldeko lana gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea», azpimarratu du dendarien ordezkariak.