Pilota profesionalean, are gehiago lehen mailako txapelketetan, 22ra iristea da balio duen bakarra, baina irabaztetik irabaztera alde ederra egon daiteke. Galde diezaietela bestela Erik Jaka eta Jokin Altuna kide eta lagunei, biek lortu dute Buruz Burukoaren final laurdenetara heltzea, baina bataren eta bestearen lehen pausoa erabat antagonikoak izan dira; lizartzarrak sufritu duen guztia gozatu ahal izan du amezketarrak Astelena mutu batean jokatutako bi partida arras desberdinetan.
Lehenengoan, Erik Jakak 22-20 irabazi dio «nire profesional bizitzan jasotako kolperik latzena» eraman duen Joanes Bakaikoari. Badira etorkizun hurbil eta luze batean betiko markatzen zaituzten partidak eta, esan daiteke, Aspekoak gainetik kendu duen zama guztia etxarriarraren bizkarrean dagoela oraintxe.
Izan ere, Baikoko aurrelariak lehen mailan garaipen handi bat eskuratzeko aukera bikaina alperrik galdu du, 1-9eta 6-14 aurreratu den partida bati ihes egiten utziz. Txapelketa bateko lehen partidak ez dira sekula errazak izaten eta lotuta, oso lotuta hasi du kanporaketa faborito garbia zen gipuzkoarrak. Gantxara sartu ezin, pilota gozatu ezinda eta mugimenduetan baldar xamar, Erik Jakak ez du bere maila ematerik izan eta, distira handirik gabe, baina berea oso ondo eginda, Baikokoa erraz nagusitu da partidaren lehen erdian.
Partida oso maldan gora ikusi duenean bakarrik askatu ahal izan da Erik Jaka, pilotari itxaron beharrean bere bila joaten hasi da, bere ohiko jokoa berreskuratzen hasi da eta lehia erabat irauli du. Boleaz eta errematean asmatuta, 14-1eko partzialarekin lehia erabakita utzi duela ematen zuen 21-15 aurreratu denean. Gorputzari buelta ematea kosta zaion arren, Bakaikoak ez du etsi eta beste estualdi bat eman dio Jakari tanto bakarrera gerturatuz, baina amore eman behar izan du. Urrutikoetxea izango da bere hurrengo arerioa.
Altunak, hasi eta buka
Goi mailako beste aurkari bat, Joseba Ezkurdia, izango da Jokin Altunaren hurrengo arerioa, baina lehendik ere ez bazekien, kezkatzen hasteko motiboak ditu arbizuarrak, Amezketakoak gaur Eibarren eman duen erakustaldia eta gero.
Jon Ander Peñak 1-2 aurreratzea lortu badu ere, ezer gutxi egin ahal izan du tolosarrak partida ia perfektua jokatu duen Altunaren aurka. Pilota bizi mugituz eta errematean zorrotz, 20-1eko partzial bat sartu dio erabat gaindituta izan den arerioari eta perfekziotik aldendu duen akats bakarra, 16-3koan sakez egindako pasa, txapelketako lehena, izan da. Dena egin du ondo amezketarrak, udan beste urteetako partida pilaketarik gabe, fresko dago oso eta bere hautagaitza sendotu du.
FITXA TEKNIKOAK:
Erik Jaka: 22
Bakaikoa: 20
Pilotakadak: 320. Iraupena: 55,29 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-9, 5-9, 5-12, 6-12, 6-14, 16-14, 16-15, 21-15, 21-20, 22-20. Sakeak: 3 Jakak eta 3 Bakaikoak. Tantoak: 16 Jakak eta 7 Bakaikoak. Hutsak: 10 Jakak eta 3 Bakaikoak. Gorabeherak: Publikorik gabeko jokatu da partida Eibarko Astelenan. Jon Apezetxea eta Unai Apeztegia aritu dira botilero lanetan.
Altuna III.a: 22
Peña III.a: 5
Pilotakadak: 181. Iraupena: 32,56 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 16-2, 16-3, 21-3, 21-5 eta 22-5. Sakeak: 3 (pasa 1) Altuna III.ak. Tantoak: 14 Altuna III.ak eta 3 Peña III.ak. Hutsak: 1 Altuna III.ak eta 5 Peña III.ak. Gorabeherak: Publikorik gabeko jokatu da partida Eibarko Astelenan. Jon Apezetxea eta Pablo Berasaluze aritu dira botilero lanetan.