AEBetako Justizia Departamentuan hautes-delituen zuzendariak, Richard Pilgerrek, kargua utzi du William Barr fiskal nagusiak hauteskunde presidentzialetan ustezko iruzurra ikertzeko aginduaren ondoren.
«Agindu berria eta bere ondorioak ondo aztertu ostean (…) tamalez nere kargua utzi egin behar dut», azaldu du jada Hautes-Krimenen Dibisioaren buru ohiak.
Pilgerrek gogor gaitzetsi du Barr fiskal nagusiaren agindua, «bertan behera uzten duelako 40 urte bete dituen araua, hauteskundeak ziurtatu baino lehen Gobernu federalak hautes-iruzurren inguruko ikerketan ezin duela parte hartu argi eta garbi azaltzen duen araua» hain zuzen ere.
Fiskal nagusiak Pilgerren beraren jarrera gogor kritikatu zuen astelehenean Donald Trumpen estrategiarekin bat egin nahi ez zuelako, eta agindua eman zien Justizia Departamentuko fiskal guztiei hauteskundeetan ustezko irregulartasunak ikertzeko, emaitzak behin betikoak ez badira ere.
Barrek, gainera, soilik kasu batzuetan ikertzeko agindu du, «batez ere estatu zehatz baten presidentearen hautaketa baldintzatu ditzaketen irregulartasunak».
Horrela, bada, bozen zenbaketaren amaieran Joe Biden demokratari garaipena eman dioten estatuetako datuak ikertzeko agindu du fiskal nagusiak. Beraz, Wisconsin, Michigan, Pensylvania eta Nevada ditu jomugan, zenbaketa oraindik amaitu ez den Arizona eta Georgia errepublikarren gotorleku ohiak ahaztu gabe.
Trumpek irabazi dituen estatuetan ez omen dago inolako arazorik eta ez dute fiskalek ikertuko.
Izaera federala
Are gehiago, Barrek AEBetako izaera federalari muzin egiten dio. Izan ere, hauteskundeen emaitzak behin betikoak ez diren bitartean, Justizia Departamentuak ezin duela ikerketarik egin ohartarazten duten protokoloak gogor kritikatu ditu, horren ondorioz «hauteskundeen emaitzak estatuek erabakitzen dituztelako eta ez Gobernu federalak».
Fiskal nagusiak ez omen du argi hori horrela dela, estatuek bozkatzen dutelako presidentea, delegazio-bozekin. Horrexegatik, hain zuzen, irabazi zituen Trumpek 2016an hauteskundeak, Hillary Clintonek herrialde osoan 3 milioi boto gehiago eskuratu arren.
Bost axola. Fiskal nagusiak Trumpen estrategiaren agindura jarri ditu fiskal federal guztiak.
2021eko urtarrilaren 20ra arte Etxe Zuriko maizterrak ez du inolaz ere amore emateko asmorik eta helegite andana iragarri du hauteskundeetan «iruzur izugarria frogatzeko». Orain arte, alabaina, ez du froga bat bera ere aurkeztu.