NAIZ

Donostiako Metroa gelditzeko eskatuko du Satorralaiaren manifestazioak larunbatean

Donostiako Metroaren egitasmoa behin-betiko gelditzeko eskaera egingo du larunbat honetan Satorralaiak deitu duen manifestazioak (12.00, Koldo Mitxelena). Obretan sortu diren arazoak eta onartu diren gainkostuen berri izan ondoren, lan hau «zentzugabekeriatzat» jo du mugimendu horrek.

Satorralaiako kideek gaur Donostian egin duten agerraldia. (SATORRALAIA)
Satorralaiako kideek gaur Donostian egin duten agerraldia. (SATORRALAIA)

«Donostiako Metroaren obretan jazo diren gertakari larriak eta %80tik gorako gainkostuak direla eta» larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Eguerdiko 12.00etan abiatuko da Koldo Mitxelenatik «Zer gehiago gertatu behar da? Orain da unea: ardurak argitu, Metroa behin betiko gelditu!» lelopean. Bulebarreraino helduko da mobilizazioa.
 
«Era honetan, metroaren obretan azaleratu den lardaskeria itzelaren inguruan ardurak argitu daitezela eta jendartean deskreditu osoa bereganatzen ari den makro-proiektu behargabeko hori behin-betiko geldiaraz dezatela eskatuko dugu», azaldu dute gaur egin duten agerraldian.

«Donostiako Metroaren obretan arazo larriak eta gainkostu itogarriak pilatzearen ondorioz, hiriko erdialdean lurpeko eraikuntza lanak eten behar izateak proiektuaren zentzugabekeria egiaztatu baino ez du egiten», Satorralaiaren ustez. «Esan gabe doa, Jaurlaritzak gertaera eskandalagarri hori ‘hondarra eta uren ustekabeko agertzeari’ leporatzea barregarria ere badela. Obraren egoera kaotiko honek argi eta garbi erakusten duenez, proiektu hau Donostiako ibai-marea lur hareatsuetan eraikita dauden erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desengonkortzeko arriskuak aintzat hartu gabe eta ezjakintasun izugarriarekin diseinatu da. Iñaki Arriola sailburuak milioi askotakoko gainkostuak barne hartuko dituen esleipen berri bat egiteko agertu duen asmoa erabat onartezina da. Are gehiago egungo krisi egoeran, proiektu honek gizarte arloko hainbat premia atzeraezin eta lehentasunezkoei erantzuteko behar-beharrezkoak diren baliabideen xahuketa ekonomiko justifikaezina dakarrenean.  Zer gehiago gertatu behar da Metroaren obra erabat gelditzeko?», gaineratu dute,    

«Donostiako hiri-erdialdean barrena Metro bat eraikitzea herritar gehienen iritziaren aurka inposatu da. Egitasmoak ez du inongo justifikaziorik hiriko garraio publikoa nahiz Gipuzkoan EuskoTrenen sarea hobetzeko egin diren bestelako proposamenen aldean. Hori gutxi balitz, eraikuntza lanetan arazo larriak sortu dira orain, eta langileen eta herritarren segurtasuna jarri da arriskuan. Honi dagokionean, informazio guztia argitara eman dezatela eskatzen dugu bestalde, bai Zubieta kaleko 8. eraikinean Kontxako hondartzaren azpiko tunelaren zulaketak eragindako ezbehar larriari buruz, eta bai Urbieta kalearen azpian tunelaren zulaketa lanak Amarako Eskolen eta Koldo Mitxelena Kulturgunearen artean geldiaraztea behartu duten arazoen inguruan. Benetan kezkagarria da metroaren lanei buruz dagoen iluntasuna, Jaurlaritzak eta Udalak ez dutelako herritarrei azalpenak emateko inongo borondaterik», gaineratu dute Satorralaiako kideek.