NAIZ

Auto karabana deitu dute Orbaitzetan azaroaren 29an Mikel Zabalza gogoratzeko

35 urte igaro dira Mikel Zabalza Guardia Zibilak atxilotu zuenetik. Bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen. Urtero bezala, Mikel Zabalza Gogoan ekimenak hainbat ekitaldi antolatuko ditu egia eta justizia aldarrikatzeko, covid-19aren aurkako neurriak betez.

MIkel Zabalza
MIkel Zabalza

Azaroaren 26an 35 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra atxilotu zuenetik. Bere gorpua abenduaren 15ean aurkitu zuten, Bidasoa ibaian. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Familia eta gertukoek urte hauetan salatu dutenez, guardia zibilek torturatu eta erail zuten. 

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenetik haren oroimenez hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten ere, «bizi dugun egoera berrira egokituta». Horietan egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dute beste behin, baita errepresioa berriz ez errepikatzeko bermea exijitu ere.

Ekitaldi nagusia azaroaren 28an egingo dute, Aurizko kultur etxean, 12.00etan. Covid-19aren hedapena geldiarazteko neurrietara egokituta, edukiera murriztua izango du ekitaldiak eta gonbidapenarekin baino ezingo da sartu aretora. Ahotsa.info atariaren bitartez streaming bidez eskainiko dute.

Hurrengo egunean, 29an, egingo dute ekitaldi berezi bat. «Urtero igandearekin egiten dugu oroimen ekitaldia, Mikel Zabalzaren sortetxearen ondoan dagoen oroitarriaren aitzinean. Aurten, baina, egoera berrira egokitu nahian, ezberdina izanen da Orbaizetako Olako ekitaldia», azaldu dute.

«Orbaizetako 1985ko gazteek eman digute ideia: Mikel Zabalzaren hiletaren egunean, abenduaren 18an, 'traktore eta auto anitz bailarako errepideak zeharkatu zituzten, bat bateko ekitaldi hunkigarri batean, eta haren familiari elkartasuna adierazteko bere etxe aurretik igaro ginen'», adierazi du herri ekimenak

Hala, azaroaren 29an, 11.00etatik aurrera, herri lore eskaintza egingo dute Orbaizetako Olan, Mikel Zabalzaren oroitarriraino autoz gerturatuz. «Covid-19aren aurkako neurrietara egokituta, jende pilaketak ekidin nahi ditugu; beraz, banan banan oroitarrian lore bat ezartzea izanen da familiari elkartasuna adierazteko gure aurtengo keinua. Loreak banatuko ditu herri ekimenak».