Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Jokin Etxaniz
Aspeko kirol zuzendaria

«Txapelketan izen berriak azaltzea ona da eta horrek ez du esan nahi kalitate gutxiago egongo denik»

Larunbatean, Bilbon Elezkano eta Erik Jaka, igandean, Eibarren, Altuna III.a eta Dario, Buruz Burukoaren finalerdiak Aspeko lau pilotarik jokatuko dituzte eta pozarren da Bergarakoa. Txapelketa azkar honen orain artekoaz eta etor daitekeenaz mintzo zaigu botilero lanik egin beharko ez duen teknikaria, pilotari bakoitzaren unea aztertuz.

Jokin Etxaniz entrenamendu batean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jokin Etxaniz entrenamendu batean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Finalerdietako lau pilotariak Aspekoak dira, hori ez da sarri gertatzen...
Ez, orain arte ez dakit sekula gertatu den. Azken urteetan pasa zen hiru sartu genituela eta oso pozik eta oraingo honetan lau izan dira eta txapelketarako ere bi izen berri eta zorionez gureak dira biak eta oso pozik.

Eta hori Irribarria eta Ezkurdia bezalako bi pilotari kanpoan geratu direla
Hori da, gaur aritu naiz pixka bat pentsatzen datorren urtekoan eta espero dut sistema aldatzea, aurten bezala sei eta sei bada…nola egin behar dugu? Espero  dut sistema aldatzea eta denek aukerak izatea txapelketa jokatzeko.

Zozketaren egunean, gainera, Aspek zorte txarra izan zuela ematen zeuen, ezta?
Egia da kolpea izan zela Altuna eta Ezkurdia adar berean tokatzea, Asperentzat eta txapelketarentzat. Bi hautagai garrantzitsu ziren txapela irabazteko eta hala tokatu zen. Datorren urterako pentsa ze hiru geratu diren kanpoan, Urruti, Ezkurdia eta Irribarria. Pentsatzen dut, zerrendaburu  hauek zozketara  nahiko urduri joango direla ea zein tokatzen zaien. Nik uste hau ona dala txapelketarentzat, irekia ikusten da eta zenbait eta jende gehiago egon txapela irabazteko, ba hobeto.

Lauren izenak aipatuko ditugu. Zer esan Darioz?
Beti ikusi dugu dohainak  badituela buruz burukoan aritzeko, baino suerte askorik ere ez du izan eskuetatik eta falta  zain zaio jarraikortasun bat eta nik uste iaz  promoziokoa irabazteak lasaitasun puntu bat eman ziola. lehen partidara nahiko urduri joan zen  baina bigarrenerako, Irribarriaren aurka jokatuta, oso lasai. Oso pozik nago beragatik, merezi du, oso gazte langilea da, oso jatorra eta ea  zorte pixka bat duen eta jarraikortasuna izaten duen eskuekin.

Jakari ere zortea aldatu zaio?
Bai. Egia da Binakakoan ez duela zorterik izan, txapelketa oso ona egiten ari zen, geldialdia etorri zen eta justu finalerdietan arazo fisiko bat izan zuen eta ez zuen bere maila eman, garbi esanda. Pena horrekin zegoen, zalantzatan egon ginen jokatu ala ez, azkenean entrenamendu batzuk ikusita baiezkoa eman genuen eta pentsa orain non dagoen. Iaz ere erakutsi zuen berekin  hemendik aurrera kontatu  egin beharko dala, Artolari irabazita, Josebari ere iaz lanak emanda... lau eta erdian ere hortxe ibiltzen da, urtez urte  ari da pauso batzuk ematen eta  oraindik ez dakigu noraino helduko den, baino honaino heltzea sari bat da urtetan egin duen lan guztiarengatik.
Ikusi zen lehen partidan gaizki pasatu zuela, baina argi neukan bigarren partidan beste Jaka bat ikusiko genuela eta horrela izan zen.

Danel Elezkano?
Sekulakoa da Danelena. Ez dakit nola esan, lana afizioa, gogoa ilusioa… eta beti hor. Bere gabezi edo mugak ditu, baina sekulako meritua dauka. Kontua da hori ez zaiola ezerezetik etorri, ordu asko daude atzetik, eta esandakoa, ilusioa, gogo asko eta merezita du gutzia. Eta hiru urte dira jarraian, horrek zerbait esan nahi du, ez da urte on bat izan duela, txapelketak une gozoa harrapatu duela, hiru jarraian dira, lau eta erdian hortxe ibiltzen da, binaka ere  urtean zehar sekulako maila ematen... hor erakutsia du ze maila duen.

Eta amaitzeko, Jokin Altuna
Ba bueno, zer esango dizut. Urtetik urtera nahiz eta  orain bi urte txapeldun izan, gorantz doa, fisikoki,  esperientzi aldetik… pilotari bezala hobetzen doa eta oraindik nik uste margena duela. Iaz berak hartu zuen kolpea, zain zegoen eta Irribarria handi baten aurka tokatu zitzaion galtzea eta aurten alderantziz. Orain denen ahotan faborito garbia izango da, baina berak badaki, eta horretan oso azkarra da, partidaz partida joan behar duela eta asko jokatu beharko duela Dariori irabaztea nahi badu.

Finalerdietan lasai, botilero lanik egin beharrik gabe?
Hala da bai, baina ez diot nik egoetagatik, baina nik uste dut beharrezkoa dela botilero bat egotea. Utzi pilotariei bakoitzak nahi duena aukeratzen, jendearekin ere bai, baina egoera honetan are gehiago, kontzentrazioa mantentzeko eta, nik uste beharrezkoak direla.

Nola ikusten dituzu finalerdiak?
Beti nahi izaten dugu izen handiak hortxe egotea baina nik uste ona dala izen berriak egotea eta horrek ez du esan nahi kalitate gutxiago egongo denik. Horraino heldu dena zerbaitegatik da. Lauren artean ematen du Altunak faborito garbia izan daitekeela, baino jokatu egin beharko du eta kontuz Dariorekin, beti arerio oso zaila eta arriskutsua da. Nik uste dut gauza politak ikusiko ditugula, joko bizia hori bai, oso azkarra izango da.
Eta bestea, nahiko antzerakoak dira biak, ez dira luzeak baino moldatzen dira botera, hobeto airez eta bukatzeko garaian, airez batez ere, oso onak biak. Defentsan biek erakutsi dute airez ondo moldatzen direla… nahiko partida paretsua ematen du, sakea garrantzitsua izango da eta bukatzeko  garaian ea nork amaitzen duen gehiago.

Txanponaren beste aldea izango dira Irribarria eta Ezkurdia, kudeatzeko zailagoak dira?                                                                     Noski, azkenean kolpea handia da. Ikerrentzat egia da Buruz Burukoa oso txapelketa garrantzitsua dela, faboritoa zen txapela irabazteko eta kolpe handia izan da. Baina berak badaki aurrera egin behar duela, orain dela bi urte ere gauza bera gertatu zitzaion eta hurrengo urtean txapeldun  izan zen. Oraindik urte batzuk baditu fisikoki eta frontoiko lanarekin hobera egingo duena eta alde horretatik nahiko ondo hartu du.
Josebaren kasuan  baita, izan ere ikusten du urteak pasatzen direla eta nahi du txapel hori irabazi, beti hor ibiltzen da eta txapela bakarrik falta zaio. Pena handiarekin dago baina orain segituan beste txapelketa bat etorriko zaio, ea Binakakoarekin zer gertatzen den, Lau eta erdikoan bera txapelduna da… Batzuetan ondo etortzen da dena hain segidan izatea, batez ere kanporatua  geratzen bazara berriro zentratzeko. Irabazten duzuenean, dena hain segidan izanda ez dizu gozatzeko astirik ematen, baina oraindik buelta ematen ari zaio. Baina biak ere aurretik ere halakoak pasata daude eta gauza onekin geratu beharko dugu.

Gauza ez da lehen mailan geratzen, Promoziokoan ere lautik hiru Aspekoak dira...
Egia esanda, Egigureni eta Salaberriari oraindik, batez ere Egigureni, falta zaizkio urte batzuk, egin egin behar da, esperientzia  hartu behar du, fisikoki heldu egin behar da, baina aurkari gogor baten aurka, bere lana ondo eginda, lortu zuen irabaztea eta esperientzia bezala ondo etorriko zaio. Gainontzean pilotariek ez dute partida askorik jokatzen eta hemendik pasatzea ondo etorriko zaio eta  alde horretatik pozik. Salaberriarekin ikusi da pixka bat afizionatuetan ikusitakoa, ze langilea den, aurreko jokoan artista da eta frontoi osoan  badauzka bere mugak, baina irabazi egin behar zaio. Orain arerio gogorra izango du baita –ostiralean Arteaga Bergaran–, baina saiatuko da, seguru.

Baina ondoen ikusten dudana gurean behintzat, Elordi da. Iaz ere finala jokatu zuen eta aurten entrenatzen ikusi dut, eta ez edozeinekin, eta oso ondo aritu da. Momentu  honetan, gero ez dakit irabaziko duen, baino ikusten dut lehen mailan  ere oso ondo moldatuko zela.