Ion SALGADO

Euskara, Arabako zortzi kuadrillak batzen dituen hizkuntza

Duela bi urte bezala, Argantzunek eta Trebiñuk parte hartuko dute Euskaraldian, nahiz eta Burgosen menpe egon. Argantzungo Udalak bi ekitaldi antolatuko ditu larunbatea; eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatuko du.

Trebiñuko irudia. (Juanan RUIZ/FOKU)
Trebiñuko irudia. (Juanan RUIZ/FOKU)

Euskal Herriko zazpi herrialdeek parte hartuko dute ostiralean hasiko den Euskaraldiaren bigarren edizioan. Arabaren kasuan zortzi kuadrilletako biztanleek parte hartzeko aukera izango dute, politikoki herrialde honen parte diren kuadrilletan bizi diren lagunek zein oraindik era ofizial batean aitortua izan ez den kuadrillan bizi direnek, Trebiñu eta Argantzungo bizilagunek.

Argantzungo Udalak bi ekitaldi antolatu ditu Euskaraldia baliatuz. Biak larunbatean izango dira. Lehena eguerdian, herriko ludotekan. Zurrunka konpainiak tailer bat egingo du txotxongiloekin. Arratsaldean, 18.00etan hain zuzen ere, antzezlan bat izango da frontoian. Bata edo bestean parte hartzeko aurretik izena ematea ezinbestekoa da.

Bestetik, Arabako Foru Aldundiak 3.930 euro bideratuko ditu politikoki Burgosen menpe dauden udalerri hauetan zenbait ekimen finantzatzeko, Euskaraldia barne. Hala iragarri zuen asteartean Foru Gobernuak izandako kontseiluaren ondoren komunikabideei bidalitako oharrean.

Bertan azaltzen denez, «foru Aldundiak eta Trebiñuko Konderriko Udalak lankidetza hitzarmena sinatuko dute 'Trebiñuko Euskaldunon sarea: familia mintzalaguna eta Euskaraldia' programaren barruan kokaguneak programatuta dituen jarduerak finantzatzeko».

Helburua, konderriko herrietan euskaraz eginiko sozializazioa bultzatzea. Hauxe da izan ere Euskaraldiaren helburua, Trebiñu eta Argantzunen, eta Araba osatzen duten gainontzeko udalerri eta kontzejuetan. Ahobizi direnek ahal duten guztietan euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta Belarriprest direnek, berriz, euskaraz ulertzeko gai direnez, gainerakoei beraiekin euskaraz hitz egiteko gonbita egingo diete.