Pozik dago Nahikari Garcia. Seguruenik, urte gogor honetan sufritu dituen zauri guztiak ez dira sendatu baina futbolaz berriro gozatu ahal izatea nahikotzat jo du Realako kapitainak, hainbat hilabetetan «faltan bota» ondoren. «Entrenatzeko sentsazioa, konpetitzen ere oso gustora sentitzen naiz… Pozik nago. Faltan botatzen nuen futbola, entrenamenduak, lehiaketa, eta orain egin ahal izatean poz handia ematen dit eta gozatzen ari naiz».
Txorkatileko lesioa ez da urtea gaiztotu duen faktore bakarra eta Nahikarik onartu du ez dela «erraza izan, ez da erosoa izan, ez niretzat ez nire ingurukoentzet». Izan ere, eta klubeko agintariekin egun daukan harremanari buruz hitz egiterakoan, «nirekiko eta nire pertsonarekiko egoera zailak eta deserosoak egon» direla aitortu du, «emandako guztiagatik eskertua» dagoela ere gehituz.
Baina gertatutakoa «ahaztu» barik eta bizitakotik «ikasiz», urnietarrak nahiago du orainean zentratu. «Errealitate bakarra gaur egun hemen nagoela da –azparratu du–. Eta hemen nagoen bitartean, nire konpromezua ehuneko ehunekoa izango da, ez da aldatuko. Oso zentratuta nago, disfrutatzen eta oso gogotsu». Are gutxiago nahi du etorkizunari buruz hitz egin, «bizitzak buelta asko ematen» dituela gogoratuz.
«Orain ezin dut esan zer gertatuko den denboraldi amaieran. Egunez egun joan behar gara, gaur egun bizitzen ari garen egoerak ere hori erakutsi digu, momentua gozatu behar dugula, momentua bizi. Ni une honetan disfrutatzen ari naiz, jokatzeko gogoak dauzkat eta hazteko gogoak. Eta hemendik aurrera, ikusiko dugu. Egia bakarra da nire konpromezua ehuneko ehunekoa dela eta taldearen onura beti guztiaren gainetik jarriko dudala».
Realaren proiektu berriari buruz ere hitz egin du Nahikarik. Taldea «goruntz» dihoala uste du eta oraindik «hazteko marjena» eta «taldea sendotzeko beharra» dauden arren, «taldeak hain ondo eta hain azkar konpaktatzeak guri ere harritu gaitu», onartu du.
Natalia Arroyok, bere aldetik, «haize freskoa» ekarri duela uste du. «Orain arte selekzioekin egin du lan, gainera azken urte honetan ez du hainbeste entrenatu eta nabaritzen da gogotsu dagoela. Berriak dira taldeen lanean Andres eta bera eta duten ilusioa kutsatzen digute. Hori taldeari lotuta, talde gaztea garela eta ilusioa daukagula hazten jarraitzeko, ikasteko, gauza berriak ikasteko eta barneratzeko…, nik uste dut mix ona egin dezakegula eta denok haziko garela eskutik hartuta».
Kapitainak ez du ahaztu nahi izan, hala ere, Arroyoren aurretik aulkian egon direnen lana. «Nik uste dut oso eskertuak egon behar garela aurretik egindako lan guztiaz; kasu honetan Gonzalok bere lan taldearekin egindakoa. Gaur egun gauden egoeran baldin bagaude, aurretik egindako lan guztiagatik da».