Gu ere bai! ekimenak agerraldi publikoa egin du Bilboko Miribilla auzoan, Bizkaia frontoiaren aurrean "Euskal selekzioa ofizialtasuna, Euskal Herritik mundura!" pankartarekin, hain zuzen Euskal selekzioak aurreko astelehenean Ipuruan zelai erdian erakutsi zuen mezu berdinarekin.
Gu ere bai! ekimenak euskal jokalariak «zoriondu» nahi izan ditu, Costa Ricaren aurkako partidan 2-1eko emaitza «ez zelako garaipen bakarra izan», adierazi dutenez. Etxean ofizialtasunaren bidean «urrats handia» eman zuen Euskal Selekzioak, eta «orain bigarren zatian gaude», aitortu dute. «Etxetik, Euskal Futbol Federaziotik nazioarterako urratsa emateko ordua baita», azpimarratu dute.
Alde horretatik, Luis Mari Elustondok zuzentzen duen Euskal Federazioari «babes osoa» eskainiko diola jakinarazi dute ekimeneko arduradunek. Hau da, «UEFA eta FIFAn eskaera egiteko gure laguntza guztia izango duela adierazi nahi diogu».
Era berean, «euskal instituzio guztiei eskatu nahi diegu, futbol selekzioa eta gainontzeko kirolen selekzioen ofizialtasuna emateko orduan elkarrekin aritzea. Nazioartean aritzeko eskubidea dugu euskal kirolariok, eta administrazioaren laguntza eta babesa behar beharrezkoa izango da», azpimarratu dute.
«Kirolariok gure aldetik, klubetan, federazioetan, herrietan lan horretan jarraituko dugu, eta gaur Bilbon adierazi dugun bezala, herritarren ametsa zelaian euskal selekzioak ikustea da, eta partida horretan ahalik eta ondoen jokatzera goaz, garaipena eskuratu arte», amaitu dute.