Jon Ormazabal

Darioren armak erabilita lortu du Altunak bere bigarren finalerako txartela (22-15)

Errioxarrak asko estutu du amezketarra eta 14-15 ere aurreratu da, baina partida amaieran asko atzeratu eta batzertu du pilota gipuzkoarrak eta bere lagun min Jakaren aurka jokatuko du datorren igandean.

Jokin Altunak botera asko jokatuta lortu du finalerako txartela. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jokin Altunak botera asko jokatuta lortu du finalerako txartela. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bigarren finalerdi honetan Joa, sakea, fisikoa, oinak eta arintasuna nagusitu direla esanda, emango luke Dariok jokatuko duela aurtengo Buruz Buruko finala, baina aurkariaren armak bereak ere izan daitezkeela frogatuta, lagun minen arteko partida batek, Erik Jaka eta Jokin Altunaren artekoak, erabakiko du aurtengo txapela, amezketarrak ondo landutako garaipenaren ostean. 1955. urtetik eman gabeko gipuzkoarren arteko finala jokatuko da hortaz datorren igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan, aspaldiko bereziena, eta ez bakarrik publikorik egonen ez delako.

Horretarako, ordea, bide antagonikoak eman behar izan dituzte bi finalistek, atzo lizartzarrak neurketa eroso xamarra izan zuen bitartean, Dariok erabat hustera behartu baitu amezketarra, gauzak oso zail jarriz. Izan ere, sakea baino akoz gehiago dela erakutsi baitu gaur Dariok, izugarrizko hanka arinak, joa eta defentsa, modalitate honetarako funtsezko dohainak ere baditu eta lehen tantoan erakutsi bezala, airez ere molda daiteke.

Gauzak horrela, lehen jardunaldian txundituta Peñaren aurka utzi gintuen Altuna zehatz eta eraginkorra alde batera utzi eta orain astebete Ezkurdia kanporatu zuen Altuna serio eta langilea izan behar izan du amezketarrak partida aurrera ateratzeko. Dariok behartu egin du, asko, airez bi tanto baino ez ditu lortu gipuzkoarrak eta 7-3 aurreratzea lortu badu ere, kosta egin zaio zuloa irekitzea.

Horren berea duen sake-errematerako aukerarik ere apenas izan du Jokin Altunak eta saiatu den pare bat alditan ere aurkariaren oin arinek ezerezean utzi dute bere ahalegina eta beste joko mota bat egitera bultzatu du.

Eta normalean bestelako Jokin Altuna bat ikustera ohituta bagaude ere, beste bertsio zurrunago hau ere oso eraginkorra izan daitekeela ikusi dugu. Bere burua larrien ikusi duenean (14-15), bera izan da Darioren txokoko dejada on batera heldu eta buruzgain pasa duena, eta hortik aurrera zuzenean joan da 22. kartoira. Dejadak eta erremate politak alde batera utzi eta pilota luzatu eta baztertzeari ekin dio etengabe. 17-18koan zabalean egindako dejada bikain bat kenduta, atzean Darioren hutsa behartzen lortu ditu falta zitzaizkion tanto guztiak, finalerako txartela eskuratu arte.

Elordi, Promoziokoan

Promozio mailako txapelketan ere pronostikoak bete dira, baina Aitor Elordi, egungo azpitxapeldunak ere asko sufritu behar izan du oso indartsu hasi den Julen Egigureni irabazteko. Azpeitiarra oso ausart irten da Astelenako kantxara eta abantaila batzuk ere izan ditu, baina azkenerako bizkaitarraren ofizioa eta esperientzia handiagoa nagusitu dira eta lehen mailakoan bezala, gorriz jantzitakoak 22-15 irabazi du.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a: 22

Dario: 15

Pilotakadak: 264. Iraupena: 56,18 minutu. Markagailua: 0-3, 7-3, 7-10, 11-10, 11-11, 13-11, 13-12, 1412, 14-15 eta 22-15. Sakeak: 5 Altuna III.ak eta 4 Dariok. Tantoak: 9 Altuna III.ak eta 8 Dariok. Hutsak: 3 Altuna III.ak eta 8 Dariok. Gorabeherak: Publkorik gabe jokatu da partida Eibarko Astelenan. Botilerorik ere ez dute izan bi pilotariak Aspekoak izanda.