Gaur astelehenean amaitu da euskal preso politiko batek jasandako kartzelaldia luzeneetarikoa: Josu Arkauz da, Arrasatekoa, eta Valladoliden agortu du zigorra. Ia 30 urtez espetxean izan dute, bi estatuetan.
Biarritzen atxilotu zuten Arkauz, 1991ko martxoaren 18an hain zuzen ere. Pasa den denborari neurria hartzeko, sarekada hura Madriletik txalotu zuen Barne ministroa Jose Luis Corcuera zen, Felipe Gonzalez buru zuen gobernuan.
Estatu frantsesean zigorra bete ostean, 1997. urtean Espainiaratu zuten eta Madrilen zigor handiak ezarri zizkioten, ETA erakundean ardura nagusiak egotziz.
Kondenaren hiru laurdenak beterik, berez 2015ean aske gelditu behar izan zen, Unai Arkauz semeak ‘Kazeta’ri gogoratu dioenez, baina ohi bezala ez zuten horretan legea bete.
Gainera, 2018. urtean Europako Giza Eskubideen Entzutegiaren erabakiak luzapen honetan eragina izan du. Santi Arrozpide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika ‘Pakito’ren helegitea atzera botatzean, nolabait ontzat jo zituen Estatu frantsesean betetako denbora kontuan ez hartzeko Madrilek asmatutako lege trikimailua. «Sekulako mina eman zigun –aitortu du gazteak–, askatua izango zela uste baitzuen berak».
Gatibualdi luzearen seinale erantsia da honako hau: hamalau espetxetik pasa da Josu Arkauz 29 urte eta erdi hauetan, bataz beste bi urtetan bat ezagutu du beraz. Murtzian egon da denbora luzez, ia oraintxe arte. Valladolidera lekualdatu dute azkenik, baina duela oso aste gutxi.
2018an Murtziatik Arrasatera ekarri zuten, aitaren heriotza zela eta, baina baimen guztiak izan arren ezin zion zion azken agurra eman.
Bere herritarrek aspaldi aldarrikatu dute aske uzteko garaia bazela. Adibide bat emateagatik, atxekimendu asko eta oso esanguratsuak bildu zituen Arrasateko Sarek 2016. urtean.