Azaroko egutegi gogorra amaitu eta astebeteko atsedenaldia izango dute Lehen mailako jokalariek; euren selekzioekin joan behar ez direnek, behintzat. Denboraldiko bigarren etenaldi honekin batera, lehiaketaren lehen laurdenaren amaiera heldu da ere. Kasu honetan ere, salbuespen batekin, koronabirus kasuek eragindako atzerapenen ondorioz jokatu behar ziren 81 partidetatik 69 besterik ez baitira lehiatu.
Honelako baldintzetan, sailkapenak ez du larregi laguntzen Ligaren lehen laurdenean gertatutakoa irudikatzen, sei taldek besterik ez batituzte euren norgehiagoka guztiak jokatu. Beste hainbeste ezeztatzen dituen heinean, hainbat aurreikuspen sendotzen ari den zelaietan ikusitakoa fidagarriagoa da sailkapena baino.
Atletico, adibidez, Lehen mailako liderra da baina iaz gertatu zen bezela, ez dauka Ligak irabazi zituen denboraldietako itxura garaiezina. Bartzelona, berriz, hirugarren postuan dago, liderretik bi puntutara… hiru partida gutxiago jokatu ondoren. Norgehiagoka guztiak irabazi dituela esan dezaken talde bakarra da eta irabaztearekin konformatu ez eta bere aurkarien gainetik pasatzeko ohitura mantendu du: partidako bost goletako bataz bestekoa sartzen ari da. Jaso, berriz, Nahikarik larunbatean sartutako gola besterik ez du jaso jokatu dituen sei neurketetan.
Real Madrid berriaren zenbakiak ez dira hain liluragarriak baina bere dinamikari begiratuta, badirudi David Aznarrek dagoeneko izar eta promesen anabasa zena talde on, oso on, bat bilakatu duela. Bartzelona Liga irabazteko faborito nagusia, seguruenik bakarra, dela konfirmatzen ari bada, argi dirudi ere Real Madrid dela gaur egun gorri-urdinak Championsen laguntzeko hautagai nagusia.
Hirugarren talde batek lortuko du sari hori aurten eta hor egon daiteke denboraldiko borrokarik politena. Batez ere euskal futbolarentzat, Realak bere proiektu berriak sortutako ikusminari erantzun baitio denboraldiko lehen laurden honetan eta bere emaitzei eta, are gehiago, jokoari begiratuz, agerikoa da borroka horretan egongo dela.
Nahikarik albiste on bikoitza eman du: zuri-urdinez jantzita jarraitzeaz gain, lesioa gainditu du. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Udan etorritako jokalariek lekua hartu dute taldean –Nuria Rabano, Maitane, Gemma eta Franssi oso gutxitan geratu dira hamaikakotik kanpo–, Zubietan aurretik zeuden jokalariek euren mailari eutsi edo igo dute eta Natalia Arroyok denak batu ditu, astetik astera bere proiektuak sortzen duen ilusioa handituz. Donostiarrek, gainera, Nahikarik eskainitako albiste on bikoitza jaso dute: Realeko futbolaria izaten jarraitzen du eta, bere lesioa azkenean gaindituz, taldera itzuli da normaltasun osoz. Eragozpenak ere, badaude. Bata Nahikariri berari dagokio, aurtengoa zuri-urdinez jantzita jokatzen duen azken denboraldia izan daitekeela gero eta nabariagoa baitirudi. Besteak etxeko jokalariei: denboraldiko lehen partidan hiru euskaldun besterik ez ziren egon hasierako hamaikakoan eta orain arteko bataz bestekoa apenas laukoa da.
Realaren borroka berdinean egotea zen Athleticen asmoa denboraldia hasi zenean. Eta lehen emaitzak ikusita bidezkoa zirudien. Seigarren jardunaldira arte, bera eta Bartzelona ziren partidarik galdu barik jarraitzen zuten taldeak. Baina kontuak lehertu zaizkie zuri-gorriei azken bolada honetan. Hiru porrot jarraian jaso, Granadillaren aurka puntu bat ozta-ozta eskuratu eta sailkapenaren burua izugarri urrundu zaie. Zortzi puntuko aldea ateratzen diete dagoeneko Atleticok, seikoa Bartzelonak… Eta hirugarren postuagatik borrokatzeko izan ditzakeen aurkari guztiak ere aurretik dituzte, puntu gehiagokin, denek partida gutxiago jokatu dituzten arren.
Lesio asko sufritu dituzte Athleticeko jokalariek, batez ere erasokoak. Besteak beste, argazkian agertzen diren Yulemak eta Nekanek. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Arrazoi anitz dago Athleticen errendimendu irregularra azaltzeko. Alde batetik, alde egin duten jokalariek utzitako hutsunea betetzea ez da erreza. Ikusi besterik ez dago non eta nola jokatzen ari diren eta zenbat eta nola jokatu zuten ere kamiseta zuri-gorriarekin Maite Orozek eta Damaris Egurrolak. Horri, lesioen madarikazioa gehiatu behar zaio. Badira urteak Athletic sufritzen ari dela etengabeko eta amaigabeko baja zerrendekin eta aurten ez dago salbuespenik.
Egoera bereziki gogorra izan da erasoan, Erikak, Yulemak eta Nekanek ia ezin izan baitute normaltasunez jokatu eta Ane Azkona, ekainean belauna hautsi ondoren, errekuperazio prozesuan dago oraindik. Egoera latza borobiltzeko, zuri-gorriek etxean eduki zezaketen ordezkoak, Amaiur Sarriegik, nahiago izan zuen Realarekin fitxatzea Lezaman jarraitzea baino. Klubaren indarra bere harrobiak urtero jokalari bikainak sortzeko eta hezitzeko duen gaitasunean badago, bete beharreko hutsunea ere argi dauka: erakargarriagoa suertatu, jokalari gazte onenek alde egin ez dezaten.
Harrobian lan handia egiten ari da Eibar ere azken aldi honetan –bost talde dauzka dagoeneko–, baina prozesu luze horrek bere fruituak eman arte, etxeko gutxirekin ekin behar izan dio talde armaginak bere debutari Lehen mailan. Igoera lortu zuen blokea mantenduz, Iker Dorronsoro entrenatzailea barne, Eibarrek Kataluniako harrobi oparoetan eta atzerrian bilatu ditu fitxaketa gehienak, kalitate gaztea bilatuz, esperientzia zein garestia den ikusita.
Aurkari handienen aurrean ere irudi ona eman du Eibarrek. Argazian, Arola baloiarekin Real Madrideko Ivanaren alboan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Bereziki zaila izango den denboraldian, estreinakoa delako eta lau talde jeitsiko direlako, formula ezinhobe irtetzen ari zaio. Alde batetik, emaitzak onak izaten ari baitira mailari eustea helburu duen talde batentzat: zazpi partidatik hiru besterik ez ditu galdu, Real Madrid, Atletico eta Madriden aurka eta orain arte jeitsiera postuetatik kanpo mantendu da; denboraldiko lehen laurdena beteta –gorri-urdinei bi partida falta bazaizkie ere, taldean egondako koronabirus kasuengatik–, bost puntutako aldea dauka.
Bestetik, taldeak eskainitako irudia azpimarratu behar da. Dorronsorok berak astero azpimarratzen du bere helburua norgehiagoka guztietan lehiatzea eta partida guztien amaierara bizirik heltzea dela. Eta orain arte lortu du, talde handien aurka jasotako porrotetan ere. Izan ere, egun dituen zortzi puntuetatik bi, azken minutura arte borrokatzeko gaitasunari esker lortu zituen: Levanteri eta Sportingi egindako bisitetan, 2-0eko emaitzarekin heldu zen azken ordu laurdenera eta biak berdintzea lortu zuen.
Badago ustekaberen bat Eibarrek sailkapenaren behekaldean duen konpainian. Bederatzi partidetatik sei galdu dituen Betis, batez ere, udan egin zituen fitxaketak ikusita. Harrigarria da ere EDF Logroñoren kasua, ondo mugitu baitzen merkatuan. Ez hainbeste Deportivori dagokionez. Iaz egindako denboraldi ederrak ez du bere faktura ahaztu. Misa, Maria Mendez, Tere Abelleira… bere jokalari onenetarikoak eraman dituzte talde boteretsuagoek eta galizarrak nabarmenki ordaintzen ari dira: sailkapenaren azken postuan daude, partida guztiak galdu ondoren.
Kontrako egoera Granadillarena da. Lehen mailara heldu zenetik, eta iazko salbuespenarekin, Tenerifeko taldea beti mugitu da sailkapen goialdean baina inoiz ez aurtengo nagusitasunarekin. Atleticoren zenbaki berberak dauzka, izan ere, eta, tentuz bada ere, Europako borrokan kokatu beharko zaio, Real Madrid, Atletico, Real eta hasiera kaxkarraren eta hiru partida atzeratu ondoren goruntz datorren Levanterekin batera.