Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Kirmen Uriberen ‘Bilbao-New York-Bilbao’-ren edizio osatuak irekiko du Mintegia saila

Literaturaren historian esanguratsuak izan diren liburuen bertsio gaurkotu eta osatuak eskainiko ditu Elkar-ek Mintegia sailean. Kirmen Uriberen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ izango da lehena.

Kirmen Uribek 2008an argitaratu zuen ‘Bilbao-New York-Bilbao’. (Jon URBE | FOKU)
Kirmen Uribek 2008an argitaratu zuen ‘Bilbao-New York-Bilbao’. (Jon URBE | FOKU)

2008an argitaratu zuen Kirmen Uribek ‘Bilbao-New York-Bilbao’, Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’-ekin batera nazioarte mailan sona gehien izan duen euskal literaturako eleberria. Literaturaz birpentsatzeko baliatu zuen Uribek sormen prozesua, literatura hitzaren atzeko esanguretan arakatzeko eta adiera horiek gaurkotasunera ekartzeko. Baita euskalduntasunaz gogoeta egiteko ere, sorlekuaz, identitateaz.

Hausnarketa horiek, edukiaz gainera, edukiontziaz gogoeta egitera ere eraman zuten idazle ondarroarra eta, hala, sare sozialen egiturak imitatuz jauzika, iraganetik orainaldira eta iparretik hegora saltoka jasoko zituen irakurleak kontakizuna osatuko zuten piezak.

«2008an argitaratu zen liburua Durangon, eta ni orduan hasi nintzen liburuari bigarren orrazialdi bat ematen», aitortu du Uribek ‘Bilbao-New York-Bilbao’-ren edizio berrituaren aurkezpenean. Edizio hau Elkar argitaletxeak ireki duen Mintegia sail berriaren lehen alea izango da eta, Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez, edizio lerro berri honen barruan euskal literaturaren historian esanguratsuak izan diren liburuen berrirakurketak argitaratuko dituzte, kasuan kasuan, hitzaurre, azterketa edota gogoeta eta eztabaidarako materialarekin. Uriberen eleberriaren kasuan, edizio berrituak egilearen ‘berridazketa’, berak idatzitako hitzaurrea eta Ana Arregik egindako irakurketa gida dakartza.

Uribe pozarren agertu da saila ‘Bilbao-New York-Bilbao’-k irekitzen duelako. Liburuan aldaerak egiten argitaratu orduko hasi zela berretsi du autoreak. «Liburua irakurri eta gogoan hartu nituen liburuan beharbada lekurik izan zezaketen pasarteak, eta horiek gehitzen hasi nintzen, halako berrantolaketa bat egiten, batez ere 12. kapitulutik aurrera», azaldu du.

Itzulpenak egiterako orduan bigarren bertsio hau, orain Mintegian argitaratu dena, erabili izan dutela ere aipatu du Uribek, «uste bainuen argiago edo hobeto azaltzen zuela liburuaren izpiritua jatorrizkoak baino». Jatorrizkoa, gaineratu duenez, «euskaldunoi begira» idatzi zuen, «nire liburu guztiak bezala», baina bigarrena «bukatuagoa» dagoela uste du. «Zergatik ez eskaini bigarren bertsio hau ere euskal irakurleei, ez dezaten itzulpenera joan behar beste korte hori, zineman esaten den ‘zuzendariaren kortea’, jasotzeko?», galdegin du.

AEBetan edizio arrunta eta irakurle klubei edota ikastetxeei begira sortutako edizio bereziak badaudela ere ekarri du gogora. Horiek hitzaurreak, autoreari elkarrizketak edota eztabaidarako materiala biltzen dutela nabarmendu du Uribek. «Ana Arregiri eskatu zitzaion irakurketa gida sendo bat egiteko, nobelaren azterketa bat, eta galdera batzuk ere badakartza, edozein irakurle taldetan komentatzeko edo lagun artean galdera horiei erantzunez liburuaren nondik-norakoak argitzeko», nabarmendu du. Horrez gainera, Uribek berak idatzitako hitzaurrean, hamabi urte beranduago liburuaz egiten duen gogoeta plazaratzen du idazle ondarroarrak.

Mintegia sailaren bigarren alea 2021eko hastapenetan argitaratuko den Joan Mari Irigoienen ‘Babiloniak’ izango da, Mendigurenek aurreratu duenez, Irati Jimenezen hitzaurre «luze eta mamitsua» izango duena.