Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Erik Jaka
Aspeko aurrelaria

«Nire neska laguna eta gero, Jokin Altuna izango da denborarik gehien egoten naizen pertsona»

Kantxan duen jokoa bezala, lizartzarra zuzena eta argia da bere erantzunetan. Bere buruan izan duen konfiantza eta exijentzia maila jotzen ditu azken urteetan izandako hamaika oztopoak, batzuk oso latzak ere bai, gainditzeko giltzarri.

Erik, azkenean aldatu da zure zortea?
Beno, igandean txapela irabaziko banu, orduan nik esango nuke baietz. Nik uste kirolari askori gertatzen zaiguna dela, dinamika txar batean sartzen zarela eta hortik irteten ari zarenean berriz horretan erortzea. Niri gertatu zait halako zerbait, baina ez naiz kexatuko, Buruz Buruko final batean nago eta nik uste ez dela jende askok lortzen duen lorpena eta pozik egoteko moduan nagoela une honetan.



Ia denetik pasa zaizu eta eta gauza larriak gainera…


Bai, egia esan denetik pasa zait, lesioa desberdinak, amaren gaixotasun larri bat eta heriotza… nik uste gauza txar askoz gehiago pasatzea ez daukadala eta espero bolada txar hori atzean utzi eta onari denbora luzerako heltzea.

Esaten dute erortzea aukera bat dela, jaikitzea bete beharra.
Nik uste dut gogor ekin diodala bizitzari. Bizitzak kolpeak ematen dizkizu, niri eman dizkit ederrak, pilotan bertan ere kolpe ederrak jaso ditut, baina burugogor  jarraitu dut lanean, nire aukeretan sinistuz, nire lanean konfiantza handiarekin eta emaitzak azken urte honetan ikusten ari dira.



Zure burua ere asko estutzen duen horietakoa zara, batzuetan gehiegi ere bai?

Bai, posible da, askotan hitz egin izan dut Jokin Etxanizekin, eta esan izan dit nire burua ez horrenbeste estutzeko. Baina nik hori barruan daramadan zerbait dela uste dut, ez naiz konformatzen, adibide bat jartzekotan, entrenamendu batean 10 gantxo ondo egitearekin, beti gehiagoren bila aritzen naiz eta hori ez bazait ondo irteten, moskeo ederrak ere hartu izan ditut. Jokinek nik uste sufritu izan dituela bat baino gehiago asko merezi gabe, baina nik uste nire hobekuntzaren partea hortik ere badatorrela.



Une zail horietan nondik ateratzen duzu indarra?


Hori hein handi batean berezkoa izaten da eta gero, betikoa, inguru ona izateak asko laguntzen du. Nik pertsonalki etxean beti laguntza handia sentitu dut, neska lagunaren partetik ere beti sentitu dut sekulako babesa, une txarretan beti hor izan dut laguntzeko eta nire pilotako ingurua ere bai; prestatzaileen aldetik, Jokin Altunaren partetik ere bai, eta gauza horiek beti laguntzen dute eta beti egongo naiz oso eskertuta.



Pilota bakarkako kirola dela esaten da baina zuk beti izan duzu talde on bat inguruan...

Bai, azkenean nik uste garrantzitsua dela lan talde bat izatea inguruan. Nire kasuan ez zait iruditzen lan taldea bakarrik denik, lanaz harago doan talde bat iruditzen zait. Azkenean gure harremanak ez dira bakarrik pilota mundura mugatzen, hortik haratago doaz. Jokin –Altuna– nik beti esaten dut dudan lagunik onenetako bat dela, ez bakarrik pilotan, pilotatik kanpo ere bai. David –Dominguez– prestatzailea berdin, prestatzaile izateaz harago doan pertsona bat da niretzat eta Etxaniz ere bai. Azken zazpi urte hauetan bakarrik ez, aurrekontratua nuen urteetan pasatako ordu guzti horiek niri pertsonalki asko eman didate eta biok dugun harremana, aurreko biekin aipatu dudan bezala, ez da bakarrik harreman profesionala.



Orain dela hiruzpalau aste honaino helduko zinela esan balizute...


Ederra da, bizitzak ematen dituen bueltak dira, kirolak ematen dituen bueltak horrela dira. Binakako finalerdia jokatu eta gero gelditzea erabaki nuen, normal ez zen zerbait bazegoelako. Hilabete bat geldirik egon eta gero, eta greba gora greba behera, grebari esker iritsi naiz partida hauek jokatzera, eta begira, zeinek esan behar zuen finalean egongo nintzela.



Zalantzatan egon omen zinen jokatu edo ez jokatu?


Bai, jokatzeko erabakia justu aurkezpenaren aurreko egunean hartu nuen. Aurreko astean hasi nintzen entrenamenduak egiten, «mano a mano» saio oso-oso suabe bat egin nuen lehenengo, gero astearen erdialdera beste bat gogorragoa sartu nuen eta sentsazioak hobeak ziren, ez ziren normalak baina bai hobeak, eta hori ikusita erabaki nuen enpresarekin hitz egin eta asteburuan partida bat jokatzea, ikusteko partidako tentsioarekin eta, ea gorputza gai zen halako partida bat aguantatzeko. Partida hori ondo bukatu nuen fisikoki, astelehenean beste saio fuerte bat egin nuen buruz buru, eta ikusita hura nahiko ondo bukatzeko gai izan nintzela, jokatzeko erabakia hartu genuen.



Argi duzu zer izan zen? Mononukleosia agian?


Ez dakigu ziur zer izan zen. Lehenik eta behin covid-aa baztertu genuen, gero mononukleosiaren ikara geneukan eta hortik joan ginen, probak egin zizkidaten eta espezialista batzuk esaten dute posible dela mononukleosia pasa izana, antigorputz batzuk agertu ziren baina beste batzuek esaten dute ezetz, beste era bateko birusen bat edo infekzio bat izatea zeukala. Ikusirik ez zela ezer garbirik ateratzen eta sentsazioak hobetzen zirela, erabaki genuen sentsazioei kasu gehiago egitea beste frogei baino eta, ematen duenez, asmatu egin genuen.



Eta txapelketan nabarmen egin duzu gora...


Bai, astetik astera sentsazio fisikoak hobetzen joan dira dudarik gabe. Batez ere lehen astetik bigarrenera sentitu nuen hobekuntzan jauzi hori. Lehen partida luzea eta gogorra izan zen eta muskularki ere oso justu bukatu nuen, kalanbreekin eta abar. Ondorengo asteak errekuperazioan pentsatut planteatu ditut a, batik bat asteburura ahalik eta freskoen heltzeko, eta nik uste asmatu egin dudala eta astetik astera hobeto sentitu naizela frontoian.



Onenen artean egoteko gai zarela erakusteko balio izango du txapelketak?


Nik egin izan dudan lanean beti sinistu dut, beti sinistu dut aukerak etorri behar zuela lehenago edo beranduago. Badakit batzuk debutatu eta zuzenean izar bihurtu direla eta beste batzuk denbora eta lan gehiago behar dutela horretarako. Nik argi neukan ahal nuen guztia egingo nuela, aukerak sortzeko lehenbizi eta gero aukera horiek aprobetxatzeko, eta nik uste dut pixkanaka-pixkanaka lortu dudala. Aurreko pare bat urteetan hasita, hor Binakakorako ordezko egon nintzenean eta lehen partidetan maila oso ona ematen, gero buruz burukoetan erantzuten jakin izan dudala eta iazko Lau eta Erdikoaz geroztik, beno, hiru finalerdi jokatu ditut jarraian, orain final batean sartu naiz eta nik uste dut erakusten ari naizela azken denboran goian egoteko moduko pilotaria naizela.



Jokatzeko oso estilo definituarekin gainera, arriskuak hartuz, beti zuzen eta aurrera.


Nik uste dut ez naizela suizida bat, nik jokaldi bat egiten badut, egiten dut pentsatuz posible dela egitea eta ondo ateratzea. Badakit mugan jokatzen dudala, niri gustatzen zaidan jokoa hori da, eta nik uste dut horrekin leiala izan behar dudala, ez zait iruditzen beste era batera jokatuko banu errendimendu hobea izango nukeenik. Horrela jokatzen badut da sinisten dudalako horrela jokatuta lortuko ditudala emaitzarik onenak.



Gezurra dirudi baina atzelari hasi zinen...

Bai, ia 18 urte egin arte atzelari jokatu nuen, hor jubeniletan lehen eta bigarren urtearen artean hasi nintzen txapelketa batzuetan aurretik jokatzen eta niri, egia esan, betidanik aurrelari jokatzea gustatu izan zait, baina klubean aurrelari gehiago zeuden atzelariak baino, atzetik ere ondo moldatzen nintzen, baina beti izaten nuen aurrerako gogo hori eta baita ere ikusita beste atzelari batzuk nik baino kolpe luzeagoa zutela, Xaltonek –Zabalak– eta biok Aspeko intendenteekin-eta hitz eginda erabaki genuen aurrera pasa eta frogatxo batzuk egitea eta nik uste ondo joan zirela. Asperekin aurrekontratua sinatu aurretik hasi nintzen eta honaino.



Erabaki ona, Xaltoni eskerrak emateko moduan zaude hortaz?


Bai, Xaltoni eskerrak emateko nago, baina ez horregatik bakarrik, Xaltonek, ume- umetatik Amezketara joan nintzenetik, oso ondo tratatu nau betidanik. Nik uste pilota mundu honetan nire lehen maisua bera izan dela, eta behin profesionaletara pasaz geroztik, behin baino gehiagotan eskatu izan dizkiot aholkuak. Garbi daukadana da etapak erretzen joan beharra dagoela, badakit edozein gauza behar badut Xalton hor dudala baina orain nire maisua dena Jokin Etxaniz da. Azkenean berari esker eman dut eman dudan garapena frontoiko joko horretan eta nik uste oraindik ere garatzen jarraitzeko marjena badudala.



Fisikoki ere garapen handia izan duzu, arinago ikusten zaizu, batez ere defentsan...

Bai, nik uste garapena etengabekoa izan dela. Azkenean 17-18 urterekin aurrera jokatzera pasa, 19 urterekin debutatu… tara asko nituen. Garbi daukadana da, defentsa aldetik batez ere, berde debutatu nuela baina urteen poderioarekin, lana eginda, ez bakarrik frontoian, baizik eta fisikoki eta abar, nik uste dezente hobetu dudala. Jende asko beti gauza batzuekin geratzen da. Jokinengatik –Altuna– ere igual esaten dute pilotari motza dela, eta Darioren aurkako partida ikusi besterik ez dago ikusteko nola atzeratzen duen pilota. Eta nigatik esaten dute defentsan txarra naizela. Bueno, badakit igual ez naizela profesionaletan dagoen defendatzailerik onena, ezta bigarren onena ere, baina nik uste lehen mailan jokatzen aritzeko ezin duzula defentsa txarra izan. Gauza batzuk zurekin geratzen dira betiko eta jakin egin beharra dago horrekin bizitzen. 



Final oso berezia izango da igandekoa, publikorik gabe, baina hortik harago, lagun handi baten aurka jokatu behar hori…


Bai, azkenean oso ilusionagarria da. Hamaika ordu konpartitutakoak gara, konpartitzen ditugunak, egunero hitz egiten dugu elkarrekin, erabat kontaktuan gaude, uste dut ez dagoela egunik hitz egiten ez dugunik, elkar ikusi ere ia egunero… Nik beti esaten dut, nire neska laguna eta gero, gehien egoten naizen pertsona Jokin izango dela. Azkenean zirraragarria da biontzat, hori bai, biok argi daukaguna da, igandean hil edo bizi irtengo garela elkarren kontra. Eta gero betikoa, hemendik urte batzuetara nik uste gehiago baloratuko dugula orain baloratzen duguna baino.



Galtzeak pena gutxiago emango du lagun baten aurka?


Nik uste galtzen duenak pena bera izango duela baina poza ere sentituko duela era berean. Kontradikzio bat ematen du baino nik uste hala izango dela. Nik Jokinek irabazten duenean beti hartzen dut poza, eta alderantziz eta final batean sentimendu horiek nik uste are eta muturrerago eramaten direla. Galtzen badut kristoren pena izango dut, kristoren haserrea izango dut, badakit, galtzaile txarra naizelako eta nik uste bera ere hala dela, baina poza emango lidake txapela irabazten didana bera izango delako. Eta nik daukadan sentsazioa da berak ere berdin biziko duela. 



Pena izango da, lehen finalera heldu eta jendeak joaterik ez izatea, ala?


Bai, pena handia baina zer esango dizut, pena baino poz handiagoa daukat. Pena ematen du zure gertuko jendeak ezin izango duelako bizi final batean egoten den festa giro hori, baina azkenean egoera hau da. Aurkezpen egunean esan genuen, publikoa kendu zutenean ere esan genuen, garrantzitsuena zela pilotak jarraitzea, txapelketak jokatzea eta momentuz jarraitzeko gai izaten ari gara eta guretzat eta pilotazaleentzat garrantzitsuena hori da.



Pilotatik aparte, zer egiten du Erikek? 


Orain, egia esan, gauza gutxi. Burbuila batean bezala bizitzen saiatzen ari naiz, azken asteotan, deskuidu txiki batek eta zorte txarrak kanpoan uzten zaitu. Positibo batekin kontaktuan egoteak txapelketa bertan behera uztea suposatzen du, eta saiatu naiz entrenatzera bakarrik irteten, gauza funtsezkoetarako bakarrik irteten. Bestela, egia esan, etxean nago neska lagunarekin eta txakurkume batekin eta eguna di-da batean pasatzen zait.



Sare sozialetan eta ibili zalea bazara....

Bai, kontrolatzen ditut, batez ere Twitter eta Instagrama dauzkat eta gehienbat saskibaloia jarraitzeko erabiltzen ditut. NBAren zale nahiko sutsua naiz eta egia esan bertako albisteak jarraitzeko erabiltzen ditut gehien, eta bideoak eta argazkiak ikusteko. 



Ez zarete asko izango NBA eta NFL jarraitzen duzuen pilotariak... 


Egia esan ez ditut gremioko zale asko, ni nahiko sutsua naiz, denetik jarraitzen dut, kirol amerikarra asko gustatzen zait, show bat da, batez ere NBA jarraitzen dut. Aurten, hala ere, konfinamenduan hasi nintzen NFL jarraitzen eta, egia esan, gustua hartu diot. Oraingo egoerarako asko ari zait laguntzen, udan NBAko Orlandoko burbuila ikusteko modua izan nuen, orain NBA bukatu zen eta fitxaketetan dabiltza eta NFL martxan denez, hori ikusten ari naiz.



Eta futbolean Real Madrilekoa?


Realekoa eta Real Madrilekoa. Nik beti esaten dudana, Real Madridek eta Realak jokatzen badute eta biek irabazteko aukera badute, Liga adibidez, Realaren alde egongo naiz, baina Realak ez badu irabazten, Madrilek irabaztea nahi dut.



Benzema zale handia ere bai, zure sareetako argazki bat famatua egin zen.
..

Bai, oso zalea. Real Madrideko jendea nirekin oso ondo portatu zen egun hartan. Bernabeuko palkora joateko gonbidapen bat luzatu zidaten eta niretzat ederra izan zen. Kristoren nibela, beste mundu bat ematen du horrek, palkoan ikusten duzun jendea: Florentino, konbokatuta ez dauden jokalariak… Eta aukera eman zidaten partida bukatu eta gero aldagelara jaisteko eta jokalariak banaka-banaka ezagutzeko. eta Karimekin dudan argazki hori etxean ere badut koadro txiki batean jarrita.