NAIZ

Oriako Itxian legez kanpoko hondakinak daudela salatu du Eguzki talde ekologistak

Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Oriako Itxian, Lasarte-Oriako Oria auzotik gertu baina Donostiako udalerrian, legez kanpoko hondakinak daude.

Oria Itxian pilatuta dauden hondakinak. (EGUZKI)
Oria Itxian pilatuta dauden hondakinak. (EGUZKI)

Eguzkik ohar batean azaldu duenez, Oriako Itxian, Lasarte-Oriako Oria auzotik gertu baina Donostiako udalerrian, legez kanpoko hondakinak daude. Abuztuan eman zion horren berri talde ekologistak Donostiako Udalari, eta irailean «Udalak erantzun zuen hondakinak lursail pribatu batean daudela eta, ondorioz, lurjabeak direla (antza denez, Allerruko gasolindegia) hondakinen ardura dutenak».

Eguzkik dioenez, lursail pribatu batean egon arren, hondakin horiek legez kanpo daude han, eta horregatik irailean bertan Udalari galdetu zion ea lurjabeei hondakinak bertatik kentzeko errekerimendua egin zien.

Udalaren erantzuna hau izan da, talde ekologistaren arabera: «Zonaldea ez da udaleko jabetza, horregatik, ez da udal honetako kale garbiketa eta hondakinen kontratuetan agertzen».

«Guk zuzenean egindako galderari erantzun ez dionez, ondorioztatzen dugu Udalak lurjabeei ez diela errekerimendurik egin eta ez duela egiteko inolako asmorik. Ardura-utzikeria nabarmena iruditzen zaigu, argi eta garbi», salatu du Eguzkik.

Gogoratu duenez, Hondakinen Legeak espreski debekatzen du «edozein motatako hondakinak kontrolik gabe abandonatzea, isurtzea edo ezabatzea», eta «nahiko argi uzten du eskumena, Oriako Itxia bezalako kasuetan, toki-erakundeena dela, udal eta mankomunitateena, alegia. Donostiako Hiri Hondakinak Biltzeko Udal Ordenantzak ere ez du onartzen hondakinak edonon eta edonola uztea», ohartarazi du.

Eguzkiren iritziz, Oria Itxiko hondakinak «Donostiako erdigunean» egon ez arren, Udalak «ez luke horregatik beste aldera begiratu beharko; izan ere, hondakin horiek Alderdi Ederren bertan baleude bezain legez kanpokoak dira».