Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos
Elkarrizketa
Joxerra Aihartza
EHU-ko Zoologia irakasle eta ikertzailea, saguzarretan aditua

«Ez du balio ‘zientziak salbatuko gaitu’ esan eta zientziari kasu ez egiteak»

Arrazoia zuten, saguzarrak –eta beste animalia asko– ikertzea eta dituzten birusak aztertzea ez zen zaletasun “friki” bat, animalia horien ongizatearekin, eta gurearekin, estuki lotuta baitago. Horra, oinarrizko zientziaren balioa.

Joxerra Aihartza zoologoa, Leioako kanpusean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Joxerra Aihartza zoologoa, Leioako kanpusean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Tira, badirudi zerbaitetarako balio duela bizitza erdia saguzarren atzetik emateak.
Beti esan didate: ‘Zer arraiotarako ikertzen dituzu saguzarrak?’. Begira, ezagumendua sortu egin behar da, ezagutzen ez duzuna ezin duzulako erabili. Hori da oinarrizko ikerketaren funtsa, eta hori da guk egiten duguna. Oihanetara joaten gara ea zein saguzar espezie dauden ikustera, ea zer jaten duten, eta ea zein birus izan ditzaketen. Eta agian jabetzen gara eltxo bat jaten dutela, gakoa dena gaitzen bat transmititzeko, adibidez. Ezagumendu hori ezinbestekoa da gero erabilgarritasuna bilatzeko. Uste dut politikariek ez dutela oso ongi ulertzen; ez dago ikerketa aplikaturik, oinarrizko ikerketarik gabe. Koronabirusak argi eta garbi utzi du: kolpetik birus bat sortu, eta aurretik existitzen den oinarrizko ikerketari esker, baditugu tresnak bilatzeko nondik etor daitekeen birus hori.

Zehatza al da saguzarretatik datorrela esatea?
Birus honetatik ezagutzen dugun birus hurbilena saguzarretan aurkitu da. Eboluzio mailan, saguzarretatik datorrela esatea zuzena da. Baina ez dugu birusa bera saguzar batean topatu, eta susmoak daude, zeluletan sartzeko dituen giltzak ikusita, gugandik hurbilago egongo den beste ugaztunen batean bizi izan dela. Ez dakigu nondik pasa den birusa gizakiongana.

Joxerra Aihartza, eskuinean kamararekin, bere lankideekin Gineako Monte Alenen. (J.A.)

OMEk misio bat abiatu du jatorri hori argitzen saiatzeko.
Osasunaren ikuspegitik, uste dut gordailua topatzea garrantzitsua izan daitekeela. Saltsa hau hasi zenean, honetan gabiltzan munduko hainbat ikertzaileren artean sortu zen eztabaida, ea saguzarrekin lanean jarraitu behar genuen aurten edo ez. Eta kezka ez zen saguzarrek birusa pasako ote ziguten, alderantziz baizik, guk pasako ote genien saguzarrei, SARS-CoV-2arentzat gordailu berri bat sortuz. Horixe gertatu da, antza, bisoi abeltegiekin; gordailu berriak bihurtu dira, eta, kolonia handiak direnez, birus horren birkonbinaziorako eta aldaketarako laborategi bihurtu dira. Berdina gertatzen da txerrien kasuan gripearekin, adibidez.

Beraz gordailuak bilatzea garrantzitsua da, baina ez bakarrik basabizitzan. Katu eta felidoetan agertu izan da birusa. Inork testatu al du Europako katuek koronabirusik baduten? Gizarteak zergatik ez ditu jarri dagoeneko albaitariak gure etxe eta aziendetako animaliengan birus honen inpaktua neurtzen? Gordailu berriak sor ditzakegulako gure inguruan. Gure bizimoduaren ondorioa da. Izan ere, koronabirusaz gain, birus emergente pila bat ditugu, gure gaurko bizimoduan oso baldintza onak topatzen dituztenak horrelako jauziak emateko.

Orain helduko diogu. Aurretik, zergatik dakigu hainbeste saguzarren birusei buruz?
Arrazoi historiko eta logistikoak daude. Ni saguzarrekin hasi nintzenean, 1993 inguruan, Finlandian bi ikertzaile hil ziren, ustez amorruak jota, saguzarrek hozka egin eta gero. Eta gutxira Eskozian beste ikertzaile bat hil zen. Horrek argi gorriak piztu zituen eta ikerketak hasi ziren. Berehala konturatu ginen amorrua ez, baina bere taldeko lisabirus batzuk badituztela.

Behin horretan hasita, birologoen eta zoologoen elkarrekintza horretan, konturatu ginen saguzarrekin lan egitea erraza dela, eta hemen datza arrazoi logistikoa. Saguzarretan erraza delako milaka animaliako koloniekin lan egitea, eta beraz, prebalentzia txikietan ager daitezkeen birusak ere kolonia horietan topatu eta ezaugarritu daitezke. Mila saguzarren laginak hartzea lana da, baina egun gutxietako kontua izan daiteke. Aldiz, mila karnibororen birusak hartzea astakeria bat da.

Nycteris Arge saguzar espeziea, hegaldi betean. (J.A.)

Zu ez zara birologoa, zoologoa baizik, eta zuen lana saguzarren jokabide trofiko eta espazialak ikertzea da. Zer jaten duten eta non bizi diren. Aldaketarik sumatu duzue azken hamarkadetan?
Mundu mailan gertatzen ari den zerbait da, baita Euskal Herrian ere. Hemen galzorian dauzkagun espezieetako askoren egoera, ferra-saguzar mediterraneoarena, adibidez, lotuta dago hosto galkorretako basoen egoera txarrarekin edo kobazulo epelen humanizazioarekin. Ez da azken 25 urteetan gertatu, azken 200 urteetan gertatutakoa islatzen du egungo egoerak. Lehendabizi deforestazio basati bat XX. mende hasiera arte, gehienbat Euskal Herri atlantikoan. Industrialdean pilatzen zen jendeak esnea eta okela eskatzen zituen, eta horretarako larreak eta aziendak ugaritu behar ziren. Gero basoak pixkanaka berreskuratzen hasi ziren, baina exotikoen landaketarekin, eta hori desastre bat izan da. Gauza nahiko orokorra da Europako leku gehienetan.

Europa aitzindari izan da, baina aipatutako deforestazioa eta azienden zabaltze hori gori-gorian dago orain, esate baterako, Afrikan eta Asiako hego-ekialdean. Zein neurritan errazten ditu horrek zoonosi berriak?
Asko. Maiztasun txikiarekin gertatzen den zerbait gertatzeko giltza txanpona behin eta berriz botatzea da, apustua behin eta berriz egitea. Eta hori egiten ari gara. Garai batean, munduko hainbat eremutara ez zen gizakirik iristen, edo oso-oso gutxi. Lehenago, horrelako jauzi bat gertatzen zenean [birusak animaliatik gizakira salto egitea, zoonosia], gehienetan ez zuen ibilbide handirik izango. Zoonosi horrek ez zuen bideragarritasunik izango; besteak beste, oso gutxitan gertatuko zelako eta jendearen arteko konektibitatea txikiagoa zelako.

Adibide bat. Aurten Ekuatore Ginean ibili gara, Monte Aleneko oihanetan. Duela 100 urte barruko basoetan ez zen inor sartzen. Pigmeo edo bantu leinu txikiren bat, izatekotan, baina ziur gutxiago sartzen zirela, ehiza lehenago topatuko zutelako. Gauza bera gertatzen da Borneoko Kalimantanen. Hori desagertu da, gaur egun motozerrak eta kamioiak leku guztietan sartu ditugu. Monte Alenen txinatarrak ari dira egurra ateratzen, eta Kalimantanen, malaysiarrak eta korearrak. Ondorioz, bertan birusen batek jauzi egiteko aukera baldin badago, aukera hori handitu egin da. Eta mugikortasuna ere handitu denez, birus hori berehala zabaldu daiteke mundu osora. Alegia, birusek gizakietara jauzi egiteko, eta birus hori mundu mailan hedatzeko aukerak handitu ditugu.

Esan ohi da izurri beltza oinez edo zaldiz mugitzen zela Erdi Aroan; kolerak trena eta itsasontzia hartu zituela; eta koronabirusak hegazkinak eskura izan dituela. Ordu gutxitan munduko edozein txokotan.
Hori da. Ez dago jada azken mundu galdurik. Ez da existitzen. Conan Doylek ezingo luke nobelarik idatzi gaur egun. Dena Google Earth-en dago.

Aurrekoak ez dira debalde jarritako bi adibide. Erdialdeko Afrikako mendebaldean egin duelako eztanda ebolak, deforestazioak eta gerraren ondorioek lagunduta. Eta Kalimantanen topatu da lehenengo aldiz gizakiengan Malaysiako malaria delakoa.
Hala da. Atzerago ere jo dezakegu. Dirudienez, Afrikako Gineako eremu horretan sortu zen hiesa ere zoonosi gisa. Azken ikerketen arabera, XX. mende hasieran. Bertan ibili zen, gizaki populazio txikien artean mugitzen, irauten, 60ko hamarkadara arte, munduan barrena zabaltzen hasi zen arte. Ebolarekin eta Malaysiako malariarekin, antzeko. Baina adibide asko daude. Egun hauetan kezkatuta daude Bolivian, duela 16 urte gizakiengan topatu zen arenabirus batek jauzi egin baitu berriz, baina oraingoan lehenengo aldiz pertsonatik pertsonara kutsatzea detektatu da.

Aldi berean, birus horiek detektatzeko gaitasuna gero eta handiagoa da.
Batetik, ebidentziak daude horrelako gaitzak gero eta gehiago gertatzen direla. Bestetik, gero eta tresna hobeak ditugu gaitz horiek identifikatzeko eta ezaugarritzeko.

Ez dirudi oso inteligentea halako lehia batean sartzea zoonosiekin. Beti ibiliko gara haien atzetik.
Ez da lasterketa bat, nahiz eta balitekeen hautespen naturalak eta eboluzioak lehiatik asko izatea. Batzuek iraun egiten dute, irabazi, eta beste batzuk iraungi egiten dira, galdu. Gure kezka izan behar litzateke ez iraungitzea, baina nire kezka da daramagun bideak ez digula oso itxaropentsu izateko aukerarik ematen. Gauzak asko hobetu ditugu azken 500 urteetan. Kontuan izan zenbat bizi garen, edo zenbat ume hiltzen diren. Gure espezieak sekulako hazkundea izan du, baina kapaz izan behar dugu datorren arazoa aurreikusteko.

Eta gai al gara?
Jendeak pentsatzen du zientziak salbatuko gaituela, teknologiak, ezagumenduak. Azken finean, zientziak ekarri dituelako onura horiek. Baina ez du balio esateak zientziari edo teknologiari esker salbatuko garela, eta gero zientziak esaten digunean ezin dugula bide honetan jarraitu, horri kasurik ez egiteak. Zientzian asko sinisten dugu, baina klima aldaketa gertatzen ari dela esaten digunean eta horren ondorioak ezingo ditugula jasan esaten digunean, ez diogu kasurik egiten. Berdina deforestazioarekin, itsasoaren azidifikazioarekin, hondakinen kudeaketa kaskarrarekin hemen bertan. Ezin da horrela jokatu. Puntu honetan denak ados gaude zientzia munduan: etengabeko hazkuntza ezinezkoa da. Baina etengabeko hazkuntzara kondenatzen gaitu kapitalismoak, sistemak. Etengabe hazten den edozein bizidunek bere bizilekua txikitzen du.

Baikortasunerako zirrikituren bat ikusten al duzu?
Ez dut motibo asko oso baikorra izateko. Iruditzen zait gure politikariek oso maila txarra ematen dutela ezagumenduaren aurrean. Hala eta guztiz ere, uste dut baikor izan behar dugula, arrazoi sinple bategatik: ez dugu beste erremediorik gauzak konpontzea baino. Baina gauzak konpontzea ez da lehengora bueltatzea. Atzoko bide bera hartzen badugu, leku berera iritsiko gara. Atzoren ondorioa gaur da, horrek ez du bueltarik.

Horri buelta emateko gai izan behar dugu. Ezagumenduak eta teknikak, globalizazioarekin batera, tresna oso onak eskaintzen ditu gauza hauek elkarrekin egin ahal izateko. Txunditzekoa da hain denbora laburrean birus bat Txinan detektatu, sekuentziatu, mundu osoko ikertzaileak horretan jarri, eta urtebete baino gutxiagoan 10-20 txerto posible esku artean edukitzea. Bai, kapitalaren interesagatik ere bada, konforme, baina kapaz gara hori egiteko. Hori da gure ahalmena. Gai izan behar dugu ahalmen hori guztien interesen alde jartzeko, eta nolabaiteko hazkuntzarik eza bilatzeko, deshazkuntza gehiegi eskatzea bada.

Egingarria al da?
Oso erronka zaila iruditzen zait gaur egungo joerak ikusita, baina teorikoki egingarria da, eta praktikan ezinbestekoa. Bestela… begira, apokalipsiaren lau zaldiak oso sinbolo ona dira, ziur aski gure kulturan alferrik sortu ez dena: gosea, gerra, izurria eta gorrotoa. Lau zaldi horiek batera datoz, eta bide honetatik jarraituta, etorriko dira.