Nerea Goti
Elkarrizketa
Kike Amonarriz
Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakaria

«Euskararen gaia agenda komunikatibo eta soziopolitikotik desagertzeko arriskuan zegoen»

Euskaraldia pandemian? Mugak daude baina Amonarrizek dioenez, hitz egiten jarraitzen dugu, eta gehiago dago jokoan: beharra, ilusioa, gogoa, konplizitateak...

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakaria.
Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakaria.

Ez dira ariketa sozial masibo bat egiteko garairik aproposenak, pandemiaren olatu berri baten erdian. Harremanak izateko mugak hor daude, kezka ere bai, baina euskarak ere arnasa behar du hizkuntza hegemonikoen aldeko joera ekarri duen pandemiaren erdian, eta hitz egiten, komunikatzen jarraitzen dugu. Beraz, Kike Amonarrizek komentatzen duenez, gauden egoeran gaudela, praktikan jarri behar da hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa. Eta, gainera, Euskaraldiak are gehiago dakar: ilusioa, herri gogoa, hizkuntza komunitate baten indarra...

GAUR8ko ale hau itxi orduko mahai gainean dauden datuak horren isla dira: 423 herri, 13.000 barne arigune baino gehiago eta 12.300 kanpo arigunetik gora.

Euskaraldiaren saio berri bat martxan, zer dakar berri?

Egoera honetan nabarmentzeko kontu bat da egin egingo dela. Iruditzen zait azpimarratzekoa dela pandemiaren hasieran zalantza batzuk izan genituelako bai erakundeetan eta bai guk Topagunean, eta euskalduntzeko beste eragile batzuekin ere konpartitu genuen kezka hori. Uste dut berehala ikusi genuela ezinbestekoa zela Euskaraldia egitea, besteak beste, bestela euskararen gaia agenda komunikatibo eta soziopolitikotik desagertzeko arriskuan zegoelako, eta alde horretatik iruditzen zait erabaki ona izan zela, Euskaraldia bera egitea ere badela momentu honetan nabarmentzekoa.

Aurtengo berrikuntzarik handiena “ariguneak” izango dira, alegia, lehen edizioan norbanakoengan, herritarrengan, zentratu zen ariketa soziala, eta kasu honetan norbanakoekin jarraituko du ariketak baina era guztietako entitateetara ere zabalduko da eta esan genezake egoera honetan oso pozgarria zaigula 25.000 arigune inguru sortu direla esan behar izatea.

Eta udalerri gehiagotan.

Bai, duela bi urte baino udalerri gehiagotan egongo da Euskaraldia eta hori ere nabarmentzeko datua da bizi dugun garai honetan, arriskua zegoelako kasu batzuetan atzera egiteko eta justu kontrakoa gertatu da, duela bi urte baino udalerri gehiagok hartuko dute parte, eta beraz horrek esan nahi du finkatzen ari dela, zabaltzen ari dela eta nolabait esateko Euskal Herri osoaren mapa gero eta osatuagoa ikus daitekeela Euskaraldiarekin, nahiz eta nik uste dudan ez ditugula egitasmo asko Euskal Herri osora iristen direnak, Euskal Herri osoko erakundeak, euskalgintza eta bestelako eragile sozialak bateratu izan dituztenak. Iruditzen zait alde horretatik Euskaraldiak lortu duela Euskal Herrian oso-oso gutxitan lortzen den zerbait, Euskal Herri osoa irudikatzea; Euskal Herri osoak, batera, ilusio berarekin aurrera eramatea horrelako ariketa bat.

Ariguneak, euskaraz hitz egitea bermatzen duten espazio horiek. Nola sortu dira eta nola funtzionatzen dute, zeren badaude barne ariguneak eta kanpo ariguneak.

Ariguneak izango lirateke euskaraz eroso egin daitekeen espazio babestuak. Ariguneak zer dira? Ariguneak dira entitate barruan ohiko harremana duten pertsonen multzoa, izan daiteke sekzio bat enpresa batean, izan daiteke talde bat kirol elkarte batean, izan daiteke batzorde bat erakunde batean. Arigunea osatzeko baldintzak dira batetik parte hartzen duten guztiek euskara gutxienez ulertzea, gehiengo nabarmenak ariketan parte hartzeko prest egotea eta elkarte horren edo enpresa horretako zuzendaritzak edo arduradunek baimena ematea eta ariketa hori babestea. Horrek esan nahi du hamabost egunez arigune horietan hizkuntza ohiturak aldatzeko prozedura martxan jarriko dutela eta bertako partaideak ahobizi eta belarriprest gisa arituko direla.

Iruditzen zait hor sekulako potentzialitatea dagoela hizkuntza ohiturak aldatzeko eta orain arte erdaraz garatzen ziren harremanak euskaraz garatu daitezen lortzeko. Oso inportantea izango da ariketa hasi baino lehen egin ez badute, ariketan zehar ere bertako partaideek esplizitatzea, hitz egitea, elkarri kontatzea bakoitzaren helburuak, asmoak, ilusioak, oztopoak, beldurrak… Askotan, ez baldin badugu hizkuntzaz aldatzen, ez badugu jauzi hori egiten da ez diogulako elkarri esplizitatzen euskaraz egin nahi diogula elkarri, batzuetan beldurra ematen duelako edo batzuei lotsa ematen dielako.

Iruditzen zait Ariguneek sekulako aukera ematen dutela ezkutuan egon daitezkeen arrazoi gorde horiek mahai gainera ateratzeko eta horiei aurre egiteko estrategia bideratzeko, zeren hori lortzen den egunetik aurrera euskarazko ohiko erabilerarako jauziak eginda daude, kontuan izanik Euskal Herrian 25.000 inguru arigune direla, barne ariguneak nahiz kanpo ariguneak. Azken horiek dira bezero, herritar edo era guztietako partaideekin harremana duten lanpostuak, eta hor bermatzen bada euskaraz egin daitekeela sekulako jauzia gerta daiteke. Iparraldean sekulako garrantzia eman diote kanpo ariguneei. Horrek Iparraldeko egoera soziolinguistikoan sekulako jauzia ekar dezake euskararen erabilera handitzeari begira.

Non aurkitu ditzakegu ariguneak?

Ariguneak sortu dira Jaurlaritzan edo Diputazioan... baina kultura eta kirol elkarteetan sortu dira batzuk, baita elkarte gastronomiko batzuetan ere; esate baterako, zuzendaritza talde batzuk arigune bihurtu dira. Hainbat enpresatan sortu dira, sekzio bat arigune bilakatu da; sindikatuetan ere sortu dira, ikastetxeetan agian guraso elkarteak arigunea sortu du… Era guztietako enpresa, kirol eta kultura elkarteetan sortu dira, eta lehen aldia da figura hori martxan jartzen dugula.

Azken batean ari gara oso-oso izaera ezberdinetako ariguneekin eta uste dut lehen ariketa hau oso aberasgarria izango dela, ikusteko nola garatu den esperientzia leku ezberdinetan, zeintzuk izan diren partaideen bizipenak, lorpenak, oztopoak… eta horren inguruan etorriko dira ikerketak eta ikerketa horietatik abiatuta, aurrerapausoak.

Kanpo ariguneen kasuan, enpresak bezeroekin euskara hutsezko harremanak izateko espazio bat eratzea litzateke?

Kanpo harremanetara bideratzen diren lanpostuetan bermatzen dena da euskara erabili ahal izatea. Eremurik euskaldunenetan kanpo ariguneek jada euskaraz funtzionatzen dute, baina leku erdaldunagoenetan kanpo ariguneak izugarrizko garrantzia daukate euskarari bisibilitatea emateko, euskaldunei euskaraz egiteko aukera emateko eta euskararen presentzia sozial hori handitzeko.

Kanpo/barne ariguneen garrantzia esango nuke batez ere diferentea dela eredu soziolinguistikoen arabera, eta hori lotzen da Euskaraldiak oinarrian duen progresibitatearen ideia horrekin. Horregatik daude bi rol, horregatik batzuk belarriprest dira eta beste batzuk ahobizi dira, eta leku batzuetan kanpo ariguneen esparru horiek bermatuta daude eta garrantzi handiagoa eman behar zaie barne ariguneei. Ikusten baldin bada barne arigunea sortzea oso zaila dela eremurik erdaldunenetan eta aipatuko ditut Baiona ingurua, esate baterako, edo Nafarroako hegoaldea edo Gasteiz eta Arabako hegoaldea, ba kasu horietan kanpo ariguneak sustatzea oso-oso garrantzitsua da.

Herritarrekin harremanetan aritzen diren langile horien kanpo ariguneak nola antolatu dira?

Espazio horrek irudi bat izango du eta pertsona horrek txapa eramango du, belarriprest edo ahobizi, eta esaten ari gara hor euskaraz egin behar dutela. Horregatik Iparraldean garrantzi handia eman diote figura horri, zeren askotan ohitura soziala da edozein entitate, eta are ofiziala bada, jada zuzenean frantsesez esatea, eta Hegoaldean leku askotan gertatzen da. Kanpo arigune asko lortuz gero batetik euskarari bisibilitatea ematen ari gara. Ari gara esaten euskara erabili daitekeela uste genuena baino askoz ere leku gehiagotan, euskara erabiltzeko ohitura sozial hori hedatzen ari gara eta kanpo arigune horiek sortu dituzten entitateek ikusten dute, hurrengo urratsa zein da? Ba kanpo ariguneetatik barne ariguneak sortzera bitarteko urratsak ematen hastea eta hurrengo euskaraldiak hor eragingo du.

Aurten ariguneak osatzerik izan ez duten hainbat entitatek ikusi dute bide bat egin beharra daukatela. Horrek denbora behar du, eta horregatik esaten dugu abenduaren 4tik aurrera hasiko garela hirugarren Euskaraldiaren prestaketarekin eta prestaketa horrek entitateetan esan nahi du nola optimizatu daitezkeen dauden aukerak, nola hobetu aukerak, nola hobetu bertako partaideen hizkuntzaren ezagutza barne ariguneak sortu ahal izateko. Ariguneen bitartez beste kontu bat bisibilizatzen ari da: zein garrantzitsua den ezagutzaren unibertsalizazioa eta, batez ere, ulerpenaren unibertsalizazioa gutxienez. Esan genezake arigune batean denek ulertuz gero, hizkuntza arazoak neurri handi batean desagertu egiten direla, kasu horretan norberak jada erabil dezakeelako nahi duen hizkuntza.

Lehenengo edizioak izugarrizko erantzuna izan zuen kaleetan, baina pandemiaren bigarren olatuaren erdian kale gutxiago izango du Euskaraldiak, nola uste duzu eragingo duela horrek?

Egoerarik optimoena izango litzateke denok kalean ibili ahal izatea eta erlazio sozialetan mugarik ez izatea, azken batean hizkuntza praktika soziala delako eta Euskaraldiaren ingurune naturala, eta batez ere norbanakoari dagokionez, kalea izango litzatekeelako. Baina covid-19a etorri zaigu eta gauden egoeran gaude, baina gauden egoeran gaudela ere euskaraz egin genezake aurrez aurre, telefonoz, telematikoki, Whatsappez… Orduan, gauden egoeran gaudela ere ahobizi eta belarriprest rolak eraman genitzake aurrera nahiz eta jakin erlazio sozialak mugatuago daudenez gure erlazio kopurua ere mugatuagoa izango dela, baina izango ditugun horietan rolak aplikatu genitzake berdin-berdin. Gaur egun zoritxarrez establezimendu batzuk itxita daude, beste batzuk oso gaizki ari dira pasatzen, badakigu mugak ikaragarriak direla eta arigune bezala izena eman zuten batzuk ezingo dutela ariketa gauzatu; bueno, gu muga horietaz kontziente gara, baina muga horiek hor egon arren askok bideratu ahal izango dituzte dauden egoeran eta batzuena izango da arigune presentzial bat eta besteena izango da arigune telematiko bat, baina egoera bat ala beste izan ariketa soziala eraman daiteke aurrera. Uste dut hori ari garela probatzen egun hauetan eta ari garela frogatzen zoriontzekoa dela bene-benetan milaka eta milaka herritar Euskal Herri osoan egiten ari diren ahalegina, oztopo guztien gainetik, ariketa soziala ilusioz eta ahalik eta handien aurrera eramaten.

Pandemiak hizkuntzaren erabileran izan duen eraginaren inguruko kezkak agertu dira, batez ere eskola arloan… Covid-19ak gure hizkuntza ohituretan eragin du?

Dudarik gabe, egin kontu itxialdiak zer-nolako ondorio kaltegarriak izan dituen hainbat esparrutan, batetik hezkuntzan, haur askok ingurune erdaldunetan eta familia erdaldunetan sei hilabetean ez du praktikan harremanik izan euskararekin eta hori atzerakada ikaragarria da. Eta ikusi dugu ikus-entzunezkoen erabilera ikaragarri biderkatu dela eta haur baina batez ere gazteei zuzendutako eskaintza, esate baterako, oso urria dela euskaraz eta gazteak beste hizkuntzatara joan dira, normalean gaztelaniara edo ingelesera. Covid-19ak horrelako hutsuneak agerian utzi ditu eta areagotu egin ditu hizkuntza hegemonikoen aldeko inertziak esparru askotan.

Euskara zein momentutan ikusten duzu?

Covid-19ak zailtasun erantsi batzuk ekarri ditu, bestalde iruditzen zait herri gogo bat ere indartu duela egoera zail honetan, ikusi dela badagoela atxikimendu sozial bat hizkuntzaren biziberritzearen inguruan eta esango nuke gaudela momentu batean non aukera handiak ditugun hizkuntza normalizazio prozesuan urrats sendoak emateko. Baina arriskuak ere baditugu aurrerapauso horiek behar bezala eta behar den indarrarekin ematen ez baldin badira, orain arte egindako bidean atzera egiteko. Jarrera positiboa hartzen dut egoerarekiko eta iruditzen zait askotan erakutsi dugun bezala herri honek baduela hizkuntza komunitate zentzu hori eta gure historian zehar askotan gertatu den bezala zailtasunei aurre egin diegula eta lortu dugula aurrera ateratzea. Oraingo honetan ea Euskaraldia den horren erakusgarrietako bat ikusarazteko badaukagula oinarri on bat, hizkuntza biziberritzeko prozesuari egoera zail honetan ere bultzada bat emateko.

Euskaraldiaren eraginak neurgarriak dira orain edo epe luzeago batean ikusiko dira?

Lehenengo edizioak erakutsi zigun baduela momentuko eragin handi bat. Ikerketa kualitatiboak eta kuantitatiboak argi erakutsi zuten Euskaraldian zehar euskararen erabilera nabarmen handitu zela. Noski, amaitu eta gero ohiko inertziak itzultzen dira baina iaz egindako ikerketan ikusi zen handik hiru hilabetetara egindako aldaketa horietako asko egonkortu egin zirela, beraz hobekuntza nabarmena zen. Hizkuntza ohiturak aldatzeko horrelako prozesuak luzeak dira eta behar dute ez kolpe bat baizik eta kolpe gehiago.

Uste dut Euskaraldi honek, egoera honetan egon arren. lagunduko duela lehenengoan lortutakoa hobetzen eta aurtengo honetan progresio bat egongo dela eta hizkuntza ohituren aldaketan beste urrats bat egingo duela hainbat jendek. Are gehiago ariguneak ere izango ditugu. Nik uste dut hor bi abiaduratan jokatzen dugula. Badago kolpe azkar bat, ariketa soziala masiboa da eta mugatua da eta egun horietan sortzen da giro kolektibo aldeko bat, ilusio kolektibo bat eta horrek asko laguntzen du jende batek ahalegin berezi bat egiteko, ahalegin horrek bere fruituak ematen ditu epe luzean mantentzen direnak, baina beste kolpetxo bat behar da beste jauzi bat egiteko. Iruditzen zait bi epetan izan duela eragin positibo hori. Epe motzean nabarmena da, baina epe luzean ere egonkortzen ari dira hizkuntza ohituren aldaketa horietako asko.

«Konplizitate asko sortzen ditu eta hori inbertsio linguistikoaz gain inbertsio sozial ikaragarria da»

Ariketa sozial horretan, hizkuntzaren erabileraz gain elkarri ulertzeko praktika horretan enpatia dosi handiak daude. Euskaraldiak hizkuntza ohiturei lotutakoak baino emaitza gehiago ditu?

Aurreko edizioaren balorazioa egin zenean askotan ateratzen ziren bi kontzeptu ziren ilusioa eta konplizitatea; jendeak sentitu zuen ilusio bat, ilusio kolektibo bat eta konplizitate bat, sentitu ziren talde baten partaide. Horiek oso emaitza positiboak dira, eta ariguneen kasuan aipatzen nuen bezala, iruditzen zait hemen egiten den inbertsioa ez dela bakarrik hizkuntza biziberritzeari begira baizik eta ona dela ere elkarbizitzari begira eta are gehiago pandemia garai honetan. Uste dut Euskaraldiak adierazten duela bizi nahi bat, komunitatearekiko atxikimendu bat, elkarren beharra daukagula aurrera ateratzeko.

Hizkuntzaren inguruan ari gara kasu honetan baina uste dut horrek ere islatzen dituela bestelako oihartzun batzuk izan ditzakeela, eta ariguneekin ikusarazi da bertako komertzioarekin lanean ari garela. Bertako komertzioak bat egiten du euskararekin baina gu ere esaten ari gara bertako komertzioan erabili daitekeela hizkuntza, beraz elkarren arteko sinergia eta konplizitate asko ere sortzen ditu Euskaraldiak, eta hori inbertsio linguistikoa izateaz gain inbertsio sozial ikaragarria da.

Badago Euskaraldia bezalako ekimen bat beste edozein hizkuntzatan egingo lukeela dioenik, zer uste duzu?

Korrikak esportatu ditugu, gure hezkuntza sistemaren hainbat esperientzia ere esportatu ditugu eta beste hizkuntza komunitateetatik etorri dira oso interesatuta ikustera hemen zertan ari garen. Euskaraldia ere bada munduko beste hizkuntza gutxitu batzuek aurrera eramateko moduko ariketa soziala. Orain dela gutxi Carmen Junyent soziolinguista katalanak atera du liburu bat: “El futur del català depèn de tu”, eta bertan defendatzen duen tesi nagusiak uste dut guztiz bat egiten duela ariketa sozial honekin. Berak esaten du lehen hitzaren garrantzia zein den, hori masiboki egitearen garrantzia, hizkuntzari eustea… ba horretan ari gara gu hemen Euskaraldiarekin. Beraz, ez dakit noiz, baina ikusiko dugu Euskal Herritik kanpo Euskaraldiren bat.