Arnaitz Gorriti

Miniotas lituaniarraren debutean sasoiko hirugarren garaipena lortu nahi du Bilbao Basketek

Andorra izango da beltzezko gizonen aurkaria 18.30etatik aurrera, covid-19aren erruz bertan behera geratutako partida jokatzeko. Sevillan irabazi ostean, gorantz begira jartzeko aukera.

Andorraren aurkako dema gorantzko bidea jarraitzeko baliatu nahi du Bilbao Basketek. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Andorraren aurkako dema gorantzko bidea jarraitzeko baliatu nahi du Bilbao Basketek. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ez da oso ohikoa RETAbet Bilbao Basketek ostegun batean ACB Ligako partida bat jokatu behar izatea, baina hala dagokio, 18.30etatik aurrera Bilbao Arena pabilioian, Morabanc Andorraren aurka, zortzigarren jardunaldiari dagokion neurketa, hain justu. Izan ere, Andorrakoek bere garaian nozitu zituzten covid-19 kasuek partida bertan behera uztera derrigortu zuten. Behin Ibon Navarrorenek –tartean Ibon Navarro berak– osasuna berreskuratu ostean, partida bere horretan jokatuko da.

FIBA Lehioak direla-eta ACB Liga eten bezperetan Bilbao Basketek Sevillan denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen –ezustean, aste osoa entrenatu ezinik pasa ondoren, covid-19aren erruz– eta, bide batez, egundoko arnasaldia hartu ere bai. esan gabe doa ondotxo garaipen gehiago behar dituztela bilbotarrek ACB Ligako atzeko aldea laga eta gorantz begira jartzeko, eta zer hoberik Andorrako taldeari irabaztea baino xede hori gauzatzen hasteko.

Horrez gain, Ragimantas Miniotas hegal-pibot lituaniarra ere fitxatu dute beltzezko gizonek Sevillako partidatik honantz, eta ostegun honetan bertan debuta egin lezake. Bere ohiko prentsaurrekoan, Alex Mumbru entrenatzaileak hitz ederrak izan ditu bere jokalari berriarentzat.

«Lituanian ‘bost’ gisa aritu da –pibot gisa, alegia– eta guk nahiago dugu ‘lau’ gisa erabiltzea –hegal-pibot postuan–. Aparta da erreboteak hartzeko orduan, defentsan ongi kokatzen da eta kanpotik jaurtiketa txukuna du. Oraindik sistemak justu xamar dakizki, baina taldeari zer edo zer emateko gai izan daitekeela uste dut», adierazi du Badalonako entrenatzaileak.

Egia da, bestalde, FIBA Lehioek eta koronabirusak zenbait arazo laga dituela Bilbo aldean. Adibidez, Ludde Hakanson antolatzaile suediarrak azken orduko PCR proba bat egin beharko du ostegunean jokatzeko moduan dagoen ala ez ikusteko. Bestetik, Zyskowski eta Balvin Poloniako eta Txekiar Errepublikako selekzioen partiden ostean min hartuta itzuli dira Bilbora, baina jokatzeko moduan izango direla uste du Mumbruk.

Morabanc Andorrak zortzi partida baino ez ditu jokatu orain arte, Bilbao Basketek baino bi gutxiago eta beste hainbaten aldean, hiru gutxiago eta 4-4ko balantzeaz sailkapeneko hamabigarren postuan dago. Ibon Navarroren taldea ez da espero bezain denboraldi ona egiten ari, baina badauka gaia noiznahi esnatu eta gorantz abiatzeko. «Oso talde fisikoa» dela azpimarratu du Alex Mumbruk, bere prentsaurrekoan. «Kontzentraturik egoteaz gain, 40 minutuetan eutsi beharko diogu Andorraren maila fisko altu horri», erantsi du.