Gozoa zegoen ba Dusko Ivanovic Real Madrilen aurka asteazkenean jokaturiko partida eta gero! «Real Madril lehiatzera atera da kantxara eta gu, berriz, bueltaxka bat ematera. Guk Real Madrili egin diogun Gabonetako oparia eta gero, ea guri ere halakorik egiten diguten», bota zuen majo ernegaturik Bijelo Poljeko entrenatzaileak.
Bada, ostiralean 17.30etan Anadolu Efes izango du aurkari Gasteizko taldeak eta Dusko Ivanovicen gizonak Real Madrilen aurka bezala, 15-0eko partzial bat opari egin eta Olentzeroren itxurarik errepikatzen badute, jai izango dute Ergin Atamanen taldearen aurka.
Hamabigarren jardunaldi honetara hamarna partida jokatuta iritsiko dira bai TD systems Baskonia baita Anadolu Efes ere. Turkiarrak Top 8 barruan daude uneotan 6-4ko balantzearekin; Baskonia, garaipen bat gutxiagorekin, hamargarren postuan dago.
«Iaz Istanbulen egon nintzenetik aurrenekoz noa bertara eta partida oso berezia izango da niretzat», onartu du neurketa bezperan Alec Petersek.
Hegal-pibot estatubatuarrak ongi ezagutzen ditu bere taldekide ohiak eta badaki zernolako talentua duten. «Shane Larkin, edo Briant Dunston bezalako jokalarien aurka lehiatzea beti da zaila, sekulako talentua dutelako, eta Euroligan nahi beste eskarmentu ere badute», onartu du Illinoisko jaurtitzaile finak.
«Real Madrilen aurka ikusi dugu asko dugula ikasteko halako taldeen aurrean. Porrot honetatik badugu zer ikasia berriz gertatu ez dakigun», azpimarratu du Petersek, Ivanovicek Real Madrilen aurkako prentsaurrekoaren osteko haritik tiraka.
Sei partidatik, bost garaipen
Egia da Istanbulekoei Tibor Pleiss faltako zaiela, baina Shane Larkin da Anadolu Efesen termometro eta iparrorratza. Larkin gaixorik eta min hartuta ibili ostean, hasi da berriz ere bereak eta bi egiten. Hala, Ergin Atamanek zuzentzen duen taldeak azken sei neurketetatik bost irabazi ditu; azkena Izar Gorriaren etxean 64-75, Larkinen 18 puntu eta Adrien Moermanen 17 punturi esker.
Bestetik, Luca Vildozarik gabe jokatu beharko dute beste behin gasteiztarrek. Lunbalgiak jota Real Madrilen aurka jokatu ezinik geratu zen argentinarra eta Madrildik zuzenean Gasteizera joatea ebatzi zuten Saski Baskoniako mediku zerbitzuek. Bada, Pierria Henry eta Arturs Kurucsen artean konpondu beharko dute talde arabarraren gidaritza Larkin, Micic eta enparauen aurrean.