NAIZ

Ia 180.000 parte hartzaile izan ditu Euskaraldiak, lehenengo edizioan baino 45.000 gutxiago

Euskaraldiaren bigarren edizioa amaitu bezperan, ariketa sozialaren parte hartze datu nagusiak eman ditu antolakuntzak. 179.780 lagunek eman dute izena, %77k ahobizi modura eta %23k belarriprest modura.

Euskaraldiaren materiala mahai baten gainean. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)
Euskaraldiaren materiala mahai baten gainean. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)

Euskaraldiko bigarren edizioan, 2020ko azaroaren 20an hasi eta 15 egunen buruan, ostiralean, amaituko den ariketan, guztira 179.780 lagunek hartu dute parte, antolakuntzak ostegun honetan emandako datuen arabera.

Ekimenaren lehenengo edizioan (225.154 parte hartzaile) baino 45.374 pertsona gutxiagok eman dute izena aurtengoan. Pentsatzekoa da koronabirusaren pandemiak eragina izan duela aurtengo Euskaraldiaren izen emateen jaitsieran.

Izena eman dutenen artean, %77k ahobizi modura eman du, eta gainontzekoak, %23k, belarriprest txapa ibili dute soinean. Bestalde, 2018ko ariketan gertatu bezala, parte hartzaile gehienak emakumezkoak izan dira, %62.

Parte hartzea lehenengo ediziokoa baino baxuagoa izan den arren, antolakuntzak nabarmendu du izena eman duten partaideen %29k aurten lehenengo aldiz hartu dute parte Euskaraldian.

Lurraldeei dagokionez, ekimenean parte hartu dutenen %44 gipuzkoarrak izan dira, %34,25 bizkaitarrak, %11 nafarrak, %8,5 arabarrak, %2,1 ipar euskal herritarrak (%1,5 Lapurdin, %0,5 Behe Nafarroan eta %0,1 Zuberoan) eta %0,25ek Euskal Herritik kanpokoak, diasporatik.

Bestalde, adin tarteen arabera, partaideen %23k 16 eta 29 urte artean ditu, %35ek 30 eta 44 urte artean, %29k 45 eta 59 urte artean eta %12k 60 urtetik gora.