Azaroaren 24ko goizeko seietan hasi zen amesgaiztoa, orduan jaso baitzuten Osakidetzaren mezua. Donostiako Sanitas egoitzan egoiliarra den amak positibo eman zuela zioen mezu horrek, eta susto itzela hartu zuten une horretan Yolandak eta bere ahizpak. Ez zekiten, ordea, sustoa are handiagoa izango zela handik ordu gutxira.
Egoitzarekin ezin izan zuten 09.30ak arte kontaktuan jarri, eta lortu zutenean azaldu zieten ama asintomatikoa zela eta, beraz, Ordiziako egoitzara bidaliko zutela. Izan ere, Gipuzkoan, positibo eman baina sintomarik ez duten egoiliarrak herri horretako San Jose egoitzara eramaten dituzte. Sintomak dituztenak, berriz, Eibarko ospitalean beraientzat propio prestatutako solairu batean artatzen dituzte.
Non zegoen jakin gabe
Ordiziako egoitzara deitzeko ordutegia 17.00ak eta 19.00ak artekoa dela azaldu du Yolandak, eta beraiek ahal bezain pronto deitu zuten. Eta orduan heldu zen sustorik potoloena. «Ama bertan ez zegoela esan ziguten», gogoratu du, eta hura entzutean sortu zitzaien «larritasuna» ikaragarria izan zela aipatu du: «pentsatzen genuen ez genuela ama berriro ikusiko».
Inork ez zien esaten ama non zegoen, eta beraiek hasi ziren, beren kabuz, nonahira deika eta galdezka. Azkenean, gaueko bederatziak aldera, Ordiziara eramango zutela esan eta hamabi ordu geroago, Eibarko ospitalean zegoela jakin zuten.
«Sintomak zituela esan ziguten; mundua erori zitzaigun», onartu du Yolandak. Amak 87 urte ditu eta Alzheimer gaixotasuna garatzen ari da. «Ezinegon handiarekin bizi izan genuen dena», oroitu du, eta «komunikazio falta izugarria» izan zela kritikatu du, Aldundiaren ardura nabarmenduz, «Aldundia delako nora doazen erabakitzen duena eta gure ama non zegoen ez ziolako inori komunikatu». Antza, egoiliarra den egoitzan ere ez zekiten Eibarren zegoela.
Gertatutakoak amaren egoera kognitiboan kalte handia eragin duela aipatu du Yolandak, eta ordu horietan orientazioa galduta ibili zela azaldu du. «Ez zuen ezer ulertzen; guretzat gogorra izan bada, berarentzat are gogorragoa», salatu du. Oraindik Eibarren jarraitzen du, eta atzo sukar pixka bat bazuen ere, alabak lasaiago daude.
Edonola ere, gertatutakoa egoitzetan bizi den egoeraren isla dela aipatu du Yolandak –berak ere egoitza batean lan egiten du–, baita familiek pairatzen duten sufrimenduaren lagina ere. Izan ere, senide asko «zeharo puskatuta» daudela azpimarratu du, martxotik ona jasaten ari direna oso gogorra baita, eta, nabarmendu duenez, «zer gertatzen ari den jakin behar da».