«Gure zeregina Francoren erregimen faxista epaitzea zen»
Itziar Aizpurua (Deba, 1943) Burgosen auzipetu zituzten hamasei lagunetako bat izan zen. Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea izan zen gerora, baita Gasteizko Parlamentuko legebiltzarkidea eta Kongresu espainoleko diputatua ere.
Frankismoak zigortutako familia batetik zatoz. Zer datorkizu burura Burgosko epaiketaren aurreko urteen inguruan?
60ko hamarkadaren garrantzia maila sozialean, kulturgintzan, abertzaletasunean. Pizkunde kultural eta politikoa: auzolana, kooperatibismoaren eraketa. Greba handiak eta elkartasun handiagoak. Emakumeen garrantzia mugimendu sozialetan. Euskararekiko konpromiso serioa, gurasoak barne. Herrigintzan eta politikagintzan ziklo oso bat markatu zuen Euskal Herrian hamarkada horrek.
Zergatik erabakitzen duzu ETAn militatzea?
Birsortze horri politikoki bide egin ziona ETA izan zen. 1960ko hamarkada kulturalki eta politikoki garrantzi handikoa izan bazen Euskal Herrian, aktore politiko eta sozial ugari inplikaturik zeudelako da. Maitasuna eta harrotasuna bizi izan nituen Euskal Herriarekiko. Debako ikastolan, 1962an sortua, irakasle izan nintzen. Musika ikasketak eginak nituen, eta piano irakasle nintzen. ETAn aurkitu nuen bide egokiena nire nahiak eta helburuak bete ahal izateko. Militante legala nintzen. Baita Jokin ere. 13 urte eta erdirekin lanean hasi zen halabeharrez, etxean beste soldata koxkor baten beharra zegoelako. CCOOko sortzailetarikoa izan Tolosako bailaran. Ondoren, ETAko Langile Frontean egin zuen lan 1967tik aurrera. ETAko liberatua izan zen. Klandestinitatean lan egin zuen.
Aita, neba eta Jokinekin batera atxilotu zintuzten oso gazteak zinetenean. Zer eragin zuen horrek zuen bizitzetan?
Nola gogoratuko dut ba? Puskatu nahi izan gintuztela goitik behera. Ez zuten lortu baina. Torturak jasan genituen, baita aitak eta nebak ere. Egoera hori bizi izan duten milaka ETAko militantek, baita ETAtik kanpoko abertzale edo ezkertiarrek ere. Ez dugu inoiz ahaztuko.
Zer gogoratzen duzu epaiketa egin bitarteko itxaronaldiaz?
Epaiketara heltzeko urte eta erdi igaro genuen Jokinek Burgosko kartzelan eta neuk Iruñekoan. Garai hori oso ona izan zen Jokinentzat, kide askorekin elkartu baitzen Burgosen eta ETAko preso militanteen bizitza eraman ahal izan baitzuen. Zoriontasunak ez zion denbora luzean iraun, ordea. Bere amaren heriotzaren berri jaso zuen 1970eko otsailean, eta bi hilabetera aitarena. Hango lagunarteari eskerrak aurrera ekin zion gaixotasun larririk gabe, banandu zuten arte epaiketa ondoren Cartagenara eramanez; Tolosa eta Debatik urrun eta bakarrik.
Iruñeko kartzelatik Burgoskora Jone Dorronsoro eta biok eraman aurretik, abuztuan jaso genituen fiskaltzaren eskaerak: heriotza zigorra sei kiderentzat. Horien artean zegoen Jokin. Niretzat, 15 urteko eskaera. Beraz, nire eskaerarekin ez nuen minutu bat bera ere galdu, nahiz Jokinek sekulako garrantzia eman. Burgosen emakumeentzat kartzelarik ez, baina beti egoten da gizonekoengandik hurbil igarotze kartzela bat. Eta, Burgoskoa, El Cid-en zalditegiaren tokia izan omen zen! Hor egon ginen Jone Dorronsoro, Arantza Arruti eta hirurok. Momentu latzak eta era berean ederrak.
Epaiketan, azkenean, berriz elkar ikusteko aukera.
Epaiketako egunak ezin hobeak izan ziren guretzat, guztiontzat, esango nuke. Elkartasuna da hitz egokiena nire ustez, eta elkarganako maite-giroa. Jokin eta bion kasuan, zoramena! Elkar ikusi, musuak eman, besarkatu, ahotsa entzun, gorputzak sentitu... sinestezina. Ez baikenekien nola planteatua zuten Gerra Kontseilu hura militarrek, eta gu zein egoeratan egongo ginen. Eskuburdinekin egon arren, guretzat hari soilak ziren, ezin baita maitasuna atxilotu, ezta birrindu ere. Gazteak ginen eta edozeri aurre egiteko prest! Gogoz epaiketa hasteko eta ginena emateko Erregimenaren aurpegi ilunenaren aurrean.
Epaiketari aurre egiteko planteamendua oso garbi zenuten.
Epaiketa apurtu egin behar genuen hasieratik, galdera-erantzunen bidez, saiatu behar ginen gutako bakoitza Erregimen zapaltzaile eta faxista salatzen. Gerra Kontseilu hura ez baitzen hamasei akusatuentzat antolatu, gure bidez Euskal Herria epaitzeko baizik, eta hori oso garbi genuen. Horretarako, akusatu bakoitza gai bati lotu ginen. Nire kasuan, gaia euskara izan zen. Ohore handia niretzat euskararen gaia izatea! Ez dut inoiz ahaztuko. Jokinek, aldiz, bere deklarazioan Langile Frontekoa zela esan zuen eta langile klaseak izan behar zuela Euskal Iraultza Sozialistaren dinamizatzailea. Arrisku guztien jabe zela esan zuen, iraultzaile guztiak bezala ETAko kide izatean.
Epaiketari buelta ematea zen zenuten helburua.
Bai, Francoren Erregimen faxista izan behar zen epaitua, ez gu. Hori zen gure zeregina, noski, abokatuen lanari esker lortu genuena, bakoitzak bat egin baitzuen defendatzen zuen auzipetuarekin. Gertatzen ari zena Europan zehar kontatzeko gure alde genituen epaiketa aretoan ziren nazioarteko behatzaileak, baita prentsako nazioarteko kazetariak ere.
Inoiz komentatu duzu miresmenarekin gogoratzen duzula Jose Antonio Etxebarrieta.
Ezin beste inork berak bezala zer esan eta nola egin azaldu, ETAko kidea baitzen. Gaixotasun sendaezina zuen, eta Burgosko Prozesutik hiru urtera hil zen 33 urte zituelarik. Kide eta buruzagi paregabea! Maitasunez bizi da nire baitan, Txabi bezala. Epaiketa aurretik, epaiketan bertan, eta ondoren, eztabaidak Burgosko gizonen presondegian, bertako patioan, eginak izan ziren. Hiru emakumeok eta bi apaizak, beste presondegietan egonik, ezin izan genuen parte hartu eztabaidotan, geure abokatuekin izan ezik.
Abenduaren 6an hasi ginen akusatuok deklaratzen. Eta, 7an, “oporrak” hartu zituen bokal ponenteak, Troncosok, gaixo jarri zelako. Ordura arte deklaratu genuenon saiakerak gustuko ez nonbait, eta Madrilera joan zen aholku eske! Hilaren 8an jakin genuen Roberto Perez Jauregi, egun batzuk lehenago manifestaldi batean balaz zauritu zutena, hil egin zela.
Eta 9an, epaiketa apurtzeko unea heldu zen.
Epaiketa Onaindiaren “Gora Euskadi Askatuta!” hitzekin bukatu zen, eta gu guztiok “gora!” esanez. Ondoren akusatu guztiok “Eusko gudariak” abesten hasi ginen, ahal genuen eran. Ezpatak aurrean, txakurrak atzean gu oratzen eta bultzaka; eta gu ukabila altxatuz aretoan zeuden etxekoekin eta beste jenderekin. Koru zoragarria! Horrelakorik ez zen ezagutzen, ezta ezagutuko ere! Momentu berean apurtu genuen epaiketa betiko akusatu bakoitzak geure abokatuari defentsa ukatuz. Ikaragarrizko momentua, gogorra beharbada, baina hunkigarria bezain ederra. Epikoa esango nuke. Nire buruan orduko gure ahotsen soinua, aretoko hotsak, militarren oihuak... Txakurrak beso eta lepotik heltzen tiraka, gu aurrera, atearen danbatekoa ixten, “desalojen la sala” Ordovas koronel presidentearen deiadarra...
Poztasunetik kezkara. Nola jaso zenuen zure 15 urteko zigorraren eta Jokini ezarritako bi heriotza-zigorren albistea?
Abenduaren 28an zigorra gailurrera eraman nahian edo, hiru kideri bina heriotza zigor bota zizkieten. Horien artean Jokin zegoen. Egia esateko, ez nuen nire kondena zein zen jakiteko gogorik ere. Ondoren, abokatuak guregana etorri ziren, emakumeak ginen kartzelara. Berri txarra jaso ahala, barrua hutsa banu bezala, inon ez nintzen sentitzen. Hotza besterik ez nuen nire baitan. Aurpegia zuri jarri omen zitzaidan, eta zorabioa sentitzen hasi nintzen. Hori esan eta eseri egin nintzen aulki batean. Kamamila eskatu zuten. Ez dakit ekarri eta hartu nuen ere. Hirurok igo ginenean negarrari eman genion bide. Gogoan dut, Jone, Arantza eta hirurok bat egin genuela gure barruko min ikaragarria partekatuz.
Nire obsesioa bi egun luze horietan, eta gau luzeagoetan, Jokinek deituko ote zidan ala ez zen. Zalantza hori nuen “kaperan” sartu aurretik, fusilatu baino lehen nahi dut esan. Izan ere, erabakia hartuta genuen denon artean fusilatuak izan behar genuela eta ez garrote vil-az erailak, Espainian ordura arte egiten zuten bezala. Euskal Herriaren aldeko militante bezala, era duinagoa ikusten genuen.
Bi egun geroago, aldiz, indultuak iritsi ziren. Zerk suposatu zuen garaipen hark zuen belaunaldiarentzat?
Ez dago zalantzarik frankismoaren krisia bizkortu zuela, ikusi besterik ez nolako bost urte bizi izan zituen Francok, 73an Carrero Blanco erditik kendu zitzaionetik batez ere. Eta “euskal gatazka politikoa” deiturikoa erdigunean jarri genuen denon artean. Munduan ezaguna egin zen gure herria, txikia neurriz baina handia ekintzez, zein ideologia mailan zein praxian.
1978an Herri Batasunaren sorreran parte hartu zenuen, eta Gasteizko legebiltzarkide eta Kongresuko diputatu izan zara ere. Emakume bakarretakoa zinen gizonak nagusi ziren testuinguru batean.
Emakume asko egon dira Mahai Nazionalean edo legebiltzarreko partaide izan direnak, eta ezagunak izaten direnak. Baina Herri Batasunan eta ezker abertzalean emakume militante asko egon dira. Nik mitinak ematen nituen eta urte oso gogorretan egon naiz parte hartzen, erreferentzia horregatik dator agian. Baina erreferenteak herri guztietan militatzen duten emakumeak dira.
Gizartea asko aldatu da garai hartatik. Zu izan zara garaian defendatutako ildo horretan irmo jarraitu duzun auzipetuetako bat. Nola ikusten duzu gaurko Euskal Herria?
80ko eta 90eko hamarkadak oso gogorrak izan ziren. Aurrerapausoak eman genituen, baina azkenaldian beste era batera funtzionatzen dugu. Beste era bateko politika egiten dugu orain. Herria ari da gauzak egiten maila sozialean, feminismoak indar asko hartu du... 70eko hamarkadako gazteak ere, gaur zaharrak garenok, mobilizatuta ikusten ditut. Momentu itxaropentsua bizi dugu, nahiz eta covid-19a gainean eduki. Gazteak mugimendu askotan daude eta gazteen bidea jarraitu nahian nabil, arrastaka bada ere.