Artea «orain eta hemen» jasotzeko ondasuna da, ukitu, sentitu, bizitu. Dela margolan bat, dantza emanaldi bat, musika kontzertu bat. Emozioak zuzenean dira… edo ez dira? Paradigma aldaketa batean murgilduta ginenean, ia dena sarean banatu, zabaldu eta eskaintzen den honetan, pandemiak ziur asko are eta ageriagoan utzi ditu errealitate honetako beharrak eta ahuldadeak, baita indarguneak.
Kultura, beste esparru guztiak bezala, bere digitalizazioa bizitzen ari da. Nola egin daiteke salto oholtzatik pantailara? Posible da bidean ezer galdu gabe? Durangoko Azokaren baitan, mahai ingurua antolatu da astelehen honetan ‘Digitalizazio prozesua eta kultur jarduera’ izenburupean. Diana Franco moderatzaile lanetan, Amaia Ocerin komunikazioan aditua, Sabin Bikandi musikaria eta Oier Etxeberria Tabakaleran arte bisualen eremuan arduraduna izan dira parte hartzaileak.
Azken hilabeteotan digitalizaziorako egon den bultzada handitu egin da, horretaz zalantzarik ez da egiten dagoeneko. Bereziki harremanen mugatzeak ekarri du hori eta ziur asko eragin du inflexio puntu bat digitalizazioa orain arte eta hemendik aurrera ulertzeko dugun moduen artean. Lehen hausnarketa hori mahai gainean ipinita, Amaia Ocerinen iritziz, itxialdiak eta pandemiak oro har batzuk digitalizazioaren ‘lanak’ eginak harrapatu zituen eta beste batzuk, aldiz, dena egiteke, «noraezean eta sarean inolako presentziarik gabe». Batzuek zein besteek, edozein kasutan, «moldatu behar izan dute eta zeuden baliabideak erabili».
Arrisku handienaz ohartarazi nahi izan du, ordea, komunikazioan aditua den Ocerinek. «Ez gaude hain sentsibilizatuta gizarte mailan eta Kultura arloan ezta ere, sare sozialak doakoak direla gu bilakatzen garelako produktua, bai norbanakoa, sortzaileak, elkarteak… guk eskaintzen dizkiegu sareei informazioa eta datuak inolako erreparorik gabe. Alde batetik aukera izugarria da gure sormena plazaratu eta munduaren esku jartzeko, ez dago mugarik denboran, ez geografiaren aldetik, edonork entzun dezake euskal talde baten musika. Baina, bestetik, sarritan jauzten gara tranpatxoan: eskaintzen dugu gurea dena».
Era berean, hedapen ahalmen ekonomikoarekin lotu du Ocerinek, izan ere… :«Irismena dirua duenak dauka, behartuta gaude publizitatean inbertitzen gure baliabide horiek atera ahal izateko, eta iritsi ahal izateko gure publikora».
Emozioak digitalizatu al daitezke?
Oholtzatik pantailara salto egitean, era berean, gaitasun batzuk galdu ote daitezkeen hausnartu dute. Alegia, emozioak eraginda egiten dugu negar eta barre, hunkitzen garelako txalotzen dugu. Posible al da hori digitalizazioarekin? Galdera honi Oier Etxeberriak beste buelta bat eman dio, arreta merkantilizazioan jarriaz. «Zibernetikaren bigarren aroan ei gaude, ez da bakarrik kontrol eta planifikazio sistema bat, baizik orain zibernetikak hortik etekina atera dezake. Bada aditurik sostengatzen duenik zibernetika bihurtzen dela sistema paratotalitario batean».
Eta Arteak horri ezin iskin egin… «Artearen ikuspegitik hori antzematen da: tradizioan artearenak izan diren giza kualitateak, oroimena, espontaneitatea eta emozioak kasu, arte esparru horretatik atera eta ekonomiara pasa dira. Zibernetika ‘ofiziala’ren aurrean, ‘pobreen’ zibernetika bat aldarrikatzen duenik bada. Geu produktu bihurtzen gara, dena produktu bilakatzen da, hain zuzen ustez kultura eta artean ekonomizatu ezin ziren horiek produktu bilakatuz», ohartarazi du.
Bestelako begirada bat azaldu du, kontrara, Sabin Bikandik. Musikari eta dantzariarentzat zaharrak berri. «Spotify, Youtube, Los40… Badakizue zenbat dinamita dugun inguruan nire moduko danbolintero xume baten ikuspuntutik?», galdegin du. Bere iritziz, Azokan bertan badaude ‘aberatsak’ eta ‘pobreak’, eta berak egin izan dio galdera bere buruari beretzat plaza ona den edo ez, aitortu duenez. Paradigma honek egoera gehiago bihurritzea baino ez dakar. «Konfinamendua etorri zenean hasi nintzen etxetik dantza eskolak ematen eta Youtuben egin nuen doan delako. Berdin zait zertarako erabiltzen dituen nire datuak», esan du.
Ordea, Bikandik badu zer kontatua sortu duen Aiko dantza eskola digitalaren inguruan. Nahiz eta onartu dantzari gisa esperientzia ez dela berdina aurrez aurre, dantza badelako «harremana da, elkar ukitzea, eta izerditan elkarrekin egitea», proiektuak teknikoki «gauza asko irakastea» ahalbidetu dizkio pantailaren mugak eta trabak gaindituz. Posible bada, beraz.
«Euskal kultura gure handitasunean txikia da beste zenbakiak ikusita», adierazi du Ocerinek. Hala ere, badugu aukera hedatzeko eta presente egoteko, eta egon behar dugula uste du adituak, baina «beti» handienen kultura inposatzen zaigula salatu du. Nola egin horren kontra? Zein baliabide ditugu? «Herrigintza da gakoa, hori landu behar dugu, eta herri mailan egin behar dira hautuak, baina Administrazioak alboan behar du. Kultur sektoreari dagokionez nahiatezkoa da, kultur sektoreak laguntza behar du».