Urtea luzea eta gogorra izan bada, Binakako finalak ezin zuen bestelakoa izan eta Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak jantzi dituzte txapelik landuenak, 884 pilotakadako final batean, Aimar Olaizola eta Urrutikoetxeari nagusitasunez gailenduta. Finaletara heltzea zerbait kosta bazitzaion ere, Arbizuko aurrelaria halakoak irabazten espezialista bat bihurtu da eta laugarren txapela jantzi du, bere lehen zita handian beterano batek bezala jokatu duen Martija handi batek lagunduta.
Bi bikoteak ideiak oso argi zituztela irten dira kantxara eta berehala ikusi da Baikokoen estrategia Joseba Ezkurdia gainetik pasa eta jokoa atzean lantzea zela, baina oso gutxitan izan dira hori egiteko gai. 3-0 aurreratu badira ere, Ezkurdia-Martijak beharrezkoa zen pazientzia izan dute tantoa landu eta, unea iritsita, tantoaren erritmoa aldatzeko.
Sekulako partida jokatu du arbizuarrak eta Aimar Olaizola ezinean aritu da Sakanakoak pilotari ezarri dion abiaduraren aurrean. Mikel Urrutikoetxeak izan duen defentsa ikusgarria izan da, baina bikoteak ez du partida euren aldera bideratzeko modurik topatu. Azkenerako sei pilota galdu baditu ere, Martija oso sendo aritu da eta Olaizola II.ak ez du apenas jokoan sartzeko aukerarik izan.
Urte horren gogorrean, finalak ere izan du sustorik, 11-18koan Martijari ihes egindako pilota batek bete betean jo baitio Aimar Olaizolari buruan. Zorionez, kolpetik ez da pasa eta finala amaitzeko moduan izan dira. Ordurako, baina, txapela oso bideratuta zuten Aspekoek eta ez die ihes egin.
FITXA TEKNIKOA:
Olaizola II-Urrutikoetxea: 13
Ezkurdia-Martija: 22
Pilotakadak: 884. Iraupena: 89,3 minutu. Markagailua: 3-0, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-7, 7-16, 8-16, 8-17, 9-17, 9-18, 10-18, 11-18, 11-19, 13-19 eta 13-22. Sakeak: 2 Ezkurdiak. Tantoak: 5 Olaizola II.ak, 0 Urrutikoetxeak, 11 Ezkurdiak eta 1 Martijak. Hutsak: 5 Olaizola II.ak, 3 Urrutikoetxeak, 2 Ezkurdiak eta 6 Martijak. Gorabeherak: Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu da finala, jenderik gabe.