Nick Estes Lower Brule Sioux tribuko kidea da eta 2014an The Red Nation erresistentzia-mugimendu indigena antolatu zuen beste natibo eta ez-natibo batzuekin batera indigenen askapena marxismotik, queer mugimendutik eta feminismotik jorratzeko. Mexikoko Unibertsitatean dihardu eta Ameriketako historiaren ikerketa-lanak zuzendu ditu Harvard Unibertsitatean. Aurkezpenak eginda, hobe kokatu daiteke duela kasik bi urte ingelesez idatzi zuen lana, eta orain Katakrak argitaletxeak euskarara ekarri duena: ‘Gure historia da etorkizuna’.
Danele Sarriugartek eta Amaia Astobizak elkarlanean itzulia, lanak kronika eta historia nahasten ditu, XIX. mendetik hasi eta XXI. menderaino Ameriketako Estatu Batuetan eman diren indigenen erresistentzia tradizio luzea, inguru naturaletan egin nahi edo egin diren azpiegitura handien kontrako mugimenduak eta deskolonizazio prozesuak aletzeko.
Hedoi Etxarte editoreak berak adierazi duenez, apustu handia da honakoa, liburu hau «historia hutsa baita». Lehen aldia da argitaletxeak generoa bere horretan lantzen duela. Asteazken honetan egindako aurkezpenean azaldu duenez, liburuak harilkatzen ditu autorearen bi arimak ikuspegiaren aldetik: «Zazpi atal edo estanpa dira, eta batzuetan gertuago dago Ipar Ameriketako azpiegitura handien kontrako mugimendu indigenen erresistentzian parte hartzen duen militante baten kronikatik, eta beste kasu batzuetan historia irakasle batetik. Baina pertsona bera da Nick Estes, eta maila ezberdinetan konbinatzen diren bi ahots dira».
Laudorio asko eta onak jaso dituen lan honetan, egileak «nahiko nabarmen» planteatzen du ezin dela egin trantsiziorik gaur egun bizi dugun sistema ekonomiko «ekozida» horren eta jasangarria izango den beste eredu baten artean bakarrik, eta erdigunean, merkatua jartzen bada. «Alegia, ez dagoela ingelesez esaten dioten bezala, ‘greenville’ posible bat, akordio berde posible bat, baldin eta merkatua den erdigunean jartzen dena. Hori egiten denean bazterrean edo bidean gelditzen dena mendi horietan, ibai horien inguruetan bizi den jendea da», erantsi du Etxartek.
Liburuaren kontaketa kronika batekin abiatuko da, zehazki Dakotan, Missouri ibaiaren inguruan enpresa batek eraiki nahi duen oliobidearen bueltan 2016an jazo ziren erresistentzia mugimenduetan. Ordea, beste atal batzuek beste garai batzuetara eramango gaituzte, historiaren beste gertakari batzuetara. Adibidez, nazioartean XX. mendean eta bereziki Lehen Mundu Gerra eta gero zein ibilbide izan zuten Estatu Batuen barruan zeuden herriek beren autodeterminazio eskubidearen alde eta nazioarteko politiketan izan zituzten eraginetara.
Ikuspegiak
Edukiaz beste gako batzuk eman ditu Sarriugartek. Nick Estesek islatzen du ‘Gure historia de etorkizuna’ lanean nola iritsi diren horraino, eta azaltzen du erresistentzia horrek badituela aurrekariak, eta horiek azalduko ditu. Baina aurrekari horiek azaltzeko aletu behar du, aldi berean, nola izan den kolonizazio modu hori, «tresna biolento asko erabili dituena, genozidio saiakerak baliatu dituenak. Oso gogorra da edukia, baina era berean badago etengabe etsitzen ez duen herri bat eta modu ezberdinetako borrokak eraman dituena aurrera azken 200 urteetan», iritzi du.
Herri haietako begirada espiritualari ere erreparatu nahi izan dio itzultzaileak. «Hori izenburutik bertatik ikusten da», zehaztu du. «Haien ikusmoldearen arabera, iragana, oraina eta etorkizuna ez dira gauza bereiziak, etengabe harreman batean daudenak baizik. Eta Estesek hori alderatzen du kolonizatzaileen edo Mendebaldeko ikuspegiarekin, eta aipatzen du nola hauek nahi duten pentsatu garapen bat dagoela historian, iraganean egin zituzten gehiegikeria horiek ja pasa direla asumituz. Indigenek, ordea, ez dute horrela ikusten. Beren ustez iragana eraikiz lortuko dute etorkizuna eraikitzea, iraganaren kontaketa hori etorkizunaren eraikuntzaren parte delako».
Aipatzekoa da azkenik Garbiñe Elizegi Narbartek egin duen hitzaurre berezia. Dakotako tribu batean aritu zen lanean eta bizitzen hamabost hilabetez eta bere bizipenetatik eskaini du idatzia, haien errealitatea ulertzen laguntzeko ez ezik, gurearekin paralelismoak ateratzeko. «Beraien minak eta traumak entzun nituen, eta neurri batean antzekotasunak bizi nituen gure herriaren eta Dakotaren artean. Beraiek hurbilago bizi dute (…) eta beharbada hemen ez gara ohartzen hain ondo zer gertatu zaigun», hausnartu du.
Ahaztuta ditugun ohiturak, eta kolonizazioaren aurreko historia hori «akaso» galdu dugula beraiek baino gehiago uste du Elizegik. «Hortik pista batzuk ematen ditu liburu honek eta ikusi ahal izango dugu agian guk ikuspuntua aldatu behar dugula, eta begiratu behar dugula atzerago ikusteko nola ginen, zer ginen, kolonizatu aurretik».