Hunkitutarik, pozik, lasaitu ederra hartuta eta eskerrak emanez. Horrela azaldu ziren komunikabideen aurrean atzo Nerea Mujika eta Arantza Tapia, hurrenez hurren Gerediaga elkarteko lehendakaria eta kudeatzailea. Eta ez da harritzekoa, egindako apustuaren neurria izugarria zelako Gerediaga bezalako elkarte batentzat.
Pandemiaren eraginez, abenduaren 4tik 8ra arte egin den Durangoko Azokaren ediziorik ezohikoena «moldatu, berritu eta zabaldu» egin behar izan dute, Nerea Mujikaren hitzetan. Ia aurrez aurreko ekitaldirik gabe –egindakoetan jende oso gutxi bildu ahal izan da gainera osasun neurriengandik–, birtuala bihurtzea beste aukerarik ez du izan Azokak. Mujikak aitortu zuen bezala, «zaila izan da baldintzotan Azoka antolatzea, erronka handia izan da guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela».
Aurreikuspenak gainditu egin dira. Noski, beldur handia zegoen, inork ez baitzekien online erosketek nola funtzionatuko zuten. Berez astearteko gauerdian erosketak egiteko aukera itxi zuten arren, atzo dendaren jarduerak bor-bor jarraitzen zuen. Oraindik egun batzuk beharko dituzte saski birtualean gordetako eskaera guztiak euskaltzaleen etxeetara bidali ahal izateko. Bitxia bada ere, erosketa kopururik handiena Azokaren azken egunean egin zen.
Datu zehatzei dagokionez, aurten 7.800 erosketa egin dira Azokako sareko dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5.145 bestelakoak. Erosle gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Herrialde Katalanetatik, Galiziatik eta Espainiar estatuko beste lurralde batzuetatik eskaerak egin dituztenak.
Salmentei dagokionez, ez dago aurreko edizioetako datuekin alderaketa errealik egiteko modurik, baina, adibide bat jartze aldera, aurten erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3,5 produktu erosi ditu batez beste. Siadeco etxeak 2018ko Azokan egin zuen ikerketaren arabera, 48 bat euroko gastua egin zuen bisitari bakoitzak.
Bestalde, bisita kopurua ez da makala izan: 147.000 lagun baino gehiago sartu dira www.durangokoazoka.eus atarira. Une batzuetan, 4.000 inguru konektatu dira batera. Egitarau presentzialari dagokionez, Durangoko Azokako aurrez aurreko ekitaldietara 2.600 lagun baino gehiago gerturatu dira; gonbidapenak, gehienetan, agortu egin dira. Dena den, ekitaldiak streaming bidez jarraitu izan ahal direnez, “bisitari” kopurua nabarmen altuagoa izan da, 43.500 lagunek jarraitu dituztelako online. Mexikotik, Argentinak edota AEBetatik ere konektatu dira kulturazaleak Azokara.
Azkenik, “Zu non, han da!” egitasmoaren baitan, zortzi udalerritan antolatutako birako kontzertuetan 32 taldek parte hartu dute. Kontzertuotan ere, sarrera guztiak agortu dira kasu gehienetan. Guztira, 3.200 lagun gerturatu dira aurrez aurreko kontzertuotara.
Bestalde, Azokaren bigarren faseari ekin zitzaion atzo, urtarrilaren 8ra arte luzatuko dena. Euskal Herriko 141 liburu dendatan Azokako produktuak eskuratu ahal izango dira: 13 Araban, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, 19 Nafarroan eta Lapurdin bat. Zerrenda osoa eta bakoitzaren informazioa web orrialdean kontsulta daiteke. «Online dendan erosi ez duzuenok oraindik ere aukera duzue zuen hiri edo herriko liburu dendan Azokako produktuak eskuratzeko», Gerediagakoen esanetan.
JOANMARI LARRARTE
Elkar
«Digitala izateko, Azokak datu onak izan ditu»
Argitaletxeei hurrengo astean emango dizkiete aurtengo salmenten datu errealak. Halere, aurreikus dezakete zenbakiek nondik nora joko duten. Guk batzuengana jo dugu beraien lehen inpresioak jakin nahian.
«Badakigu aurreko urteetan baino dezente gutxiago izango dela salmenta, zeren dezente material gutxiago eraman dugu Durangora, besteak beste. Baina momentu honetan zer esan nahi du horrek? Aurreko urteetako %20 saldu dela? Ez dakit ari naizen pasatzen edo motz geratzen...», argitu du Elkar argitaletxeko kultura arduradunak, Joanmari Larrartek.
Elkarrek salmenta digitalean esperientzia zabala du eta datuak ez dira baikor egoteko modukoak; Amazon plataforma erraldoia oraindik jaun eta jabe da merkatu birtualean. Baina Azokako online dendako datuek harritu egin dute Larrarte: «Eman dituzten datuen arabera, guk uste dugu digitala izateko gure balorazioa ona dela, batez ere, Durangok muga bat jarri behar izan zielako argitaletxeei. Bakoitzak bidali behar zituen aurtengo nobedadeak gehi katalogotik 20-40 produktu. Horrek asko mugatu du salmenta, guk urtero ia funts osoa eramaten genuelako. Aurten ezin genuen hori egin. Eta gero Durango badakigu zer den; joaten zara ezer erosteko asmorik gabe, baina behin han zerbait ikusi eta erosi egiten duzu... Ezin da alderatu aurrez aurrekoa eta digitala. Halere, eta batez ere egoera honetan, Durangok balio izan du kulturari ikusgarritasuna emateko. Zentzu horretan bete du bere funtzioa, batez ere hedabideek egin duzuen lanari esker».
Aurtengo Azokaren berritasun bat ere azpimarratu nahi izan du Larrartek: «Azoka ez da bukatu, jarraitzen du liburu dendetan eta hori beste pausu bat da, oso interesgarria».
Datorren urterako geldituko den berritasunen bat aurreikusten du? «Nik uste dut interesgarria dela aurten eutsi egin zaiola programazioari. Ikusi da posible dela sarearen bidez Azoka zabaltzea eta horri eutsi beharko litzaioke». Izan ere, auskalo zein egoeratan egongo garen 2021ean...
PELLO ELZABURU
Pamiela
«Liburu dendekin konexioa mantendu behar da»
Pamiela argitaletxeko editoreak argi du: «Azoka presentzialean baina askoz gutxiago saldu da, baina hori bagenekien. Kolpe hau espero genuen, baina hala ere pozik gaude, helburua haria ez apurtzea izan delako; aurten salbuespen egoera honetan jendea mobilizatzea nolabait, memoria ez galtzea eta datorren urterako Azoka presentziala egitea, hori zen helburua. Honek alde antropologikoa duelako, biltoki bat izatea inportantea delako komunitatea egiteko».
Azokako sareko dendan ohi baino titulu gutxiago jarri ditu Pamielak eskuragarri. «Normalean 600-700 titulu eramaten ditugu Durangora, baina aurten joan gara 50 erreferentziarekin, aurtengo nobedadeak besterik ez ditugulako eraman, horrela ulertu genuelako. Gu bezalako argitaletxe batentzat, Durango da ia aukera bakarra irakurleen aurrean gure produkzio osoaren irudia emateko, funts osoa erakusteko. Eta hori islatu egin da salmentetan».
Nafar editoreak argi du, dena den, krisi guztietatik ikasgaiak atera behar direla. Esaterako, interes bereziarekin ikusi du Azokak liburu dendetan presentzia izateko egin duen esfortzua. «Durango Euskal Herri osora eraman eta konexioa egin liburu dendekin; Durango presentzial bat egin, eta gero Eguberriko kanpainak ere egin, euskal liburuak dendetara eramanez. Egon da dibortzio antzeko bat Durango eta liburu denden artean, liburu dendek ikusten zutelako mesfidantzaz Azoka. Eta nik argi daukat horrek ez duela arrazoirik; Durangori esker, euskal argitaletxeok egiten dugu eskaintza berezi bat, eta eskaintza horren onura liburu dendek ere jasotzen dute. Gure liburu arrakastatsuenetatik Durangon saltzen dugu %10, eta beste %90a, berriz, liburu dendek saltzen dute».
LEIRE LOPEZ ZILUAGA
Susa
«Aurrez aurrekoa versus birtuala aztertu behar da»
Susa argitaletxeak aurten kaleratu dituen zazpi nobedadeak eraman ditu Durangora. Udaberrian, konfinamenduarekin, kolpe latza jaso zuten; udazkenean nobedadeen zerrenda ez dute txikitu, beste argitaletxe batzuek egin duten bezala. «Nahiko eszeptiko geunden Azoka hasi aurretik eta, horregatik agian, gure aurreikuspenak ez ziren oso onak –aitortu du Leire Lopez Ziluaga editoreak–. Azokak gure aurreikuspenak gainditu ditu eta gure salmentei dagokionez balorazio ona egiten dugu. Ez dakigu zehazki zenbat saldu dugun, baina gutxi gorabehera kalkulatzen dugu iazkoaren erdian ibiliko garela. Salmenta nahiko banatuta egon da; nobedadeak hobeto saldu dira, ohikoa den bezala, baina beste liburu batzuk ere saldu dira, bakoitza bere neurrian».
Dena den, zenbaki dantza horretan hausnarketa bat egitea proposatu du editoreak. «Orain arte ezagutu dugun Azoka bada erosteko espazio bat, baina baita irakurleekin eta lagunekin elkartzeko leku bat ere. Inportantea da esatea, aurten hori ez denez egon, geratzen zaizkigunak, oraingoz behintzat, datu ekonomikoak direla. Eta kulturari buruz ari garenez, horrek badauka arrisku puntu bat, merkatu irizpide horiek direlako gelditzen direnak. Eta kultura ez da zenbakiekin kuantifikagarria. Kentzen duzunean Azokaren zati bat, geratzen dena da merkatu hutsaren zentzua».
Eta streaming bidez egindako aurkezpenak hurrengo urteetan ere izango ditugu? «Aurrez aurrekoa versus birtuala nahiko sakon aztertu beharrekoa da, ez bakarrik Azokari dagokionez. Iruditzen zait kulturan oro har beharrezkoa dugula horren inguruan pentsatzea», nabarmendu du Leire Lopez Ziluagak.