Kolpe berri bat jaso du kulturak, abenduaren 15ean emango den deskonfinamenduan kultur aretoak irekitzea espero baitzen, baina osasun egoera uste baino okerragoa izanik, Gobernuak deskonfinamendua eta gero, beste hiru astez gehiago bederen hetsiak atxikitzea deliberatu du. Guztiz ziurra ez bazen ere, heldu den asterako aurrikusia zen irekiera baliatuz agenda kultural apal bat programatua zen jada.
Haserre handia piztu du berriak kulturgileen artean. Erantzun hori aurrikusita, Jean Castex Lehen ministroak ostegunean neurri berriak aurkezteko eman zuen prentsaurrekoan, diru-laguntzak izanen direla aitzinatu zuen, baina horrek ez du kultur munduko eragileen dezepzioa, haserrea eta frustrazioa desagertarazi. Horrelako erabakiak hartzeko momentuan izan den konzertazio eza ere salatu da.
Kulturaren munduak pandemia garai honetan bizi duten egoera salatzeko protestak udaberrian hasi ziren, eta azaroaren 28an ere Baionako herriko etxearen aintzinean ekintza berri bat egin zuten kulturgileek sektorean heriotza irudikatuz beltzez jantzita.
Museoak eta zinema aretoak
Zinema aretoak duela ia bi hilabetez hetsiak izan ondoren, berriz irekitzeko debekua frustrazio handiarekin hartua izan da. Pandemia hasi zenetik, irekiak izan direlarik, neurriak zorrotz bete dituztela azpimarratzen dute zinema aretoetako jabeek.
Ipar Euskal Herrian elkarteek kudeatutako arte eta entsegu zinema gelak asko dira. Baionako Atalante, Donibane Garaziko Garazikus, Maule-Lextarreko Maule Baitha, Getariako Getari enea edo Donapaleuko Argitze esaterako, eta barnealdean bereziki, egitura txikiak dira.
Diru sarrerarik gabe elkarteek langileak langabezian utzi behar izan dituzte. Langileak ordaintzeko Estatu frantsesak diru-laguntzak eman ditu jada, baina zinema aretoak laguntzeko Kultura ministeritzari dagozkionak ez dira oraindik banatuak izan. Eta horrek arriskuan ematen ditu, bereziki barnealdean diren egitura ttipiak.
Baionako Atalante gela erreferentzialak, ostatua eta jatetxea ere badituenez, konfinamendu garai honetan etxera eramateko janariak proposatzen ditu, galerak ttipitzeko asmoz.
Museoei dagokienez, Baionako Euskal Eraskustokiak 15erako irekiera aurrikusia zuen, ohiko bisita gidatuekin, baina mintzaldiak hilabete bat beranduago abiatzeko asmoa zuen hastapenetik, hori dela eta programazioa atxiki dute.
Euskal Herriko bira bukatu ezinik
Axut!, Artedrama & Dejabu Panpin Laborategiak egindako ‘Zaldu urdina’ antzezlanarekin Euskal Herrian zehar egiten ari den azken antzezpenen biraren baitan Hazparnen 20an eta Senperen 21ean aritu behar ziren, Leitzan 27an bukatu aitzin. Orain, uste bezala antzezpenak 2020an bukatuko dituzten, edo Lapurdin aurrikusiak ziren beste bi emanaldi horiek gibelatuak izanen diren ikusi beharko da.
Malandain Ballet Biarritzek Maitaldian aurkeztu zuen ‘Beethoven 6’ heldu den 21, 22 eta 23an Gare du Midin eskaintzea aurrikusia zuen. Euskal Herrian eta nazioarte mailan geroz eta arrakasta gehiago daukan ballet konpania pairatzen ari den egoera ekonomiko zailari aurre egiteko, 30.000 eurotako diru-laguntza eman dio Euskal Elkargoak.
Biarritzeko Atabal kontzertu gelak abenduaren 18rako programatuta zeukan Maïrü eta Rüdigerren kontzertua bertan behera utzi behar izan du. Hurrengoa otsailaren 26rako aurrikusita dagoen Suzanen kontzertua izanen da, ordurako ekimen kulturalak egiteko parada izanen denaren esperoan.
Ipar Euskal Herriko kultur areto nagusien artean kokatzen diren Baionako Michel Portal eta Angeluko Quintau antzokiek aldiz, bere ikuslegoarekin urtarriletik goiti elkartzeko gomita luzatu zuten zuzenean. Scene National Bayonne Pays Basque egiturarekin lan egiten duten antzokietan, lehen emanaldia urtarrilaren 12rako dago aurrikusita, Ecrire un mouvement konpainiaren ‘Ruin porn body’ Baionan.
Ekimen publikoak debekatuak badira ere, hezkuntza zentroetako ikasleekin egiten diren ekimenek jarraitzen dute, konfinamendu garai honetan ere. Esaterako Biarritzeko ballet konpainiak Donibane Lohizuneko Sainte Famille d’Urquijo kolegioan egindakoak. Axut antzerki konpainiak Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasleei, apirilean estreinatuko duen lan berriaren zati batzuk aurkeztu dizkie ere.