NAIZ
BILBO

ABAOk «bideraezina» ikusten du ‘Samson et Dadila’ opera taularatzea

Urtarrilean Camille Saint-Saens-en ‘Samson et Dalila’ opera taularatzea «bideraezina» ikusi du ABAOk eta, hortaz, hilaren 23, 26 eta 29an, eta otsailaren 1ean aurreikusiak zituen emanaldiak bertan behera utzi ditu. Osasun krisiaren ondotik hartutako segurtasun neurriek bultza dute horretara.

Bilboko Euskalduna jauregian eskaintzekoa zen ‘Samson et Dalila’ opera. (ABAO)
Bilboko Euskalduna jauregian eskaintzekoa zen ‘Samson et Dalila’ opera. (ABAO)

Urtarrilaren 23an zen estreinatzekoa Bilbon Camille Saint-Saens-en ‘Samson eta Dalila’ opera ospetsua baina osasun krisiak eta hau kontrolatzeko indarrean dauden segurtasun neurrien eraginez, ABAOk programatuta zituen emanaldiak bertan behera uztea deliberatu du. «Bideraezina» ikusten du hilaren 23, 26 eta 29an ez ezik, otsailaren 1ean lehen mailako artistekin hitzartuak zeuden emanaldiak eskaintzea.

«Edukiera 400 pertsonara mugatu izana, alegia, espazioaren %18 baino ezin erabili ahal izatea, eta mugikortasunean zein ordutegietan dauden neurriak kontutan hartuta, ez da posible ez bazkide, ez gainontzeko ikusleentzat, programatuta dauden funtzioetara joan ahal izatea», zehaztu du ABAOk ohar bidez.

Tamainako opera batek antolaketa artistiko handia exijitzen du, hala nola ekoizpen garrantzitsua muntaiaren aldetik. Horri guztiari hilaren amaierarako entseguak aurreikusita zeudela erantsita, erabakia orain hartu behar izan dela «eta ez beranduago» argitu du ABAOk.

Gune seguruak

ABAOren aburuz, Euskalduna Jauregiarekin zein Opera XXI Elkartearekin batera hartutako neurriek «edukieraren handitzea ahalbidetuko lukete, beti ere osasuna bermatzeko segurtasun neurriak errespetatuz», iritzi du. Zentzu horretan, oharrean gogorarazi dute operak eta antzerkiak, oro har, erakutsi dutela «gune seguruak» direla. «Gainera, kontutan izanda Euskaldunak dituen dimentsioak, ez direla beste espazio batzuek dituzten tamainakoak, honek ez luke edukieraren neurri berberaz gidatu behar», aldarrikatu du.

Azkenik, ABAOk ikuslegoaren, bazkideen zein babesleen jarrera eskertu nahi izan du, egoera eta hartutako erabakia ulertzeagatik.