Etxebizitza eskubidea aldarrikatzen zuen pankarta ezarri dute, gaur goizean, Angeluko Larochefoucauld auzoko Orpi higiezinen agentziaren aitzinean. Koltxoi bat ere paratu dute erakus-leihioaren kontra.
Era horretan Euskal Herri Baik bere kexa agertu du higiezin gaineko espekulazioaren aurrean eta «etxebizitza eskubidea ez dela salgai» oroitarazi dute.
Herritar askorentzat etxebizitza bat atzematea gero eta zailago bilakatu den lurralde batean Angeluko higiezinen agentzia horrek eginiko publizitate kanpainak hautsak harrotu ditu.
Posta bidezko publizitatea baliatuz aipaturiko higiezinen agentzia horrek etxe jabeak gomitatzen ditu, eguberriko sasoian gehienbat frantziar hiri handietatik helduko diren bisitarien etorrera baliatuz, beti ere beraien etxea ahal den eta prezio altuenean saltzeko.
«Besta handiak hurbil direlarik, hiri handietako gure lagunak euskal kostaldera heldu dira paradisu xokoak atzemateko itxaropenez», azaltzen du agentziak etxez etxe banatu duen gutunak.
Higiezinen bulegoak banatu duen gutunak ez ditu epel utzi sare sozialetako erabiltzaileak.
Bulegoko jabearekin hizketan
Bertako herritarren anitzek, eta bereziki gazteek etxebizitza aurkitzeko dituzten zailtasunak nabarmendu dute hainbat sare sozailetako erabiltzailek.
Angeluko agentziako arduradunak, bere aldetik, salaketa jarri du sare sozialetan mehatxuak jasan izanagatik. Agentziaren eraskuleihoaren gainean ‘Euskal Herria ez da salgai’ leloarekin margoketa aurkitu ondoren, beste salaketa bat jarri du «pertsona ezezagunaren kontra».
Hain zuzen EH Baiko ordezkariek gaurko ekintza burutzen ari zelarik heldu da bulegoko arduraduna.
Ipar Euskal Herrian etxebizitzen %21a bigarren egoitzak direla nabarmenduz, herritarren eta lurraldearen beharren araberako etxebizitza politika gauzatzeko bidean sektoreko inplikazioa ezinbestekoa dela azaldu dio Nicolas Blain EH Baiko bozeramaleak.