NAIZ
BILBO

‘The Last of Us Part II’, urteko bideojokorik onena Bilboko Fun & Serious Game jaialdian

Sony etxearen ‘The Last of Us Part II’ bideojokoak hautagai zen lau sarietako hiru eskuratu ditu, tartean bideojoko onenari Titanium saria. Euskal Herrian egindako lanik onena, berriz, ‘BlockVille’ izan da. Fun & Serious Game jaialdiak hamargarren edizioaren ateak itxi ditu BECen.

‘The Last of Us Part II’ bideokoak irabazi du sari nagusia Fun & Serious Game jaialdian. (NAIZ)
‘The Last of Us Part II’ bideokoak irabazi du sari nagusia Fun & Serious Game jaialdian. (NAIZ)

Fun & Serious Game Festival jaialdiak, Europa mailan bideojokoen inguruan dagoen onenak, bere hamargarren edizioaren ateak itxi ditu larunbata honetan, BECen, eta palmaresa aditzera emanez egin du. Ostegunean abiatu zenetik hamaika izan dira aurkeztu eta gozatu diren ekoizpenak baina guztien artean Sony etxearen ‘The Last of Us Part II’ bideojokoak irabazi du urteko bideojoko onenari Titanium saria.

Barakaldoko BECen ospatu da itxiera gala, baina osasun egoerak hala behartuta ikuslegorik gabe izan da eta interneti esker jaialdiaren web gunearen bidez jarraitu ahal izan dute zaleek kategoria ezberdinetan banatu diren Titanium sariak. Bideojorik arrakastatsuena izan da aipatu ‘The Last of Us Part II’, izan ere hautagai zen lau sarietako hiru eskuratu baititu.

Urteko bideojokorik onena izateaz gainera, Sony-ren lanak Narrazio Diseinu onenaren eta Soinu Banda Orijinal onenaren sariak irabazi ditu.

Bi sari irabazi ditu, ostera, ‘Ori and the Will of Wisps’ bideojokoak: Joko Diseinu onena eta Arte onenaren sariak, zehazki.

Joko berritzailearen kategorian ‘Arise, a simple story’ errekonozitu da, eta ‘112 Operator’ izenekoak berriz Serious Game onenaren saria irabazi du. Sari honek arazo sozial bat ikustarazteko edo honen inguruan hausnarketa sustatzeko edo irakasteko joko batek duen gaitasuna aitortzen da.

Euskal Herrian ekoiztutako bideojorik onena, azkenik, ‘BlockVille’ izan da, eta Talentu Berriak BBK saria ‘Burn Me Twice’ izenburuarentzat izan da.

Alfonso Gomez jaialdiko zuzendariak itxiera ekitaldian oso balorazio «positiboa» egin du, eta azpimarratu du mugak muga, eta edizioa on line egin arren, «oso arrakastatsua» izan dela. Esan duenez, 39 herrialdeetako ikusleak bildu dira pantailaren beste aldean Fun & Serious Game jaialdiaz gozatzeko. «Dagoeneko datorren urteko edizioan pentsatzen ari gara, espero dugu testuingurua bestelakoa izatea eta beste urtebetez Bilbon topatu ahal izatea bideojokoaren arrakastak ospatu ahal izateko kultura eta ekonomiaren motore gisa», desiatu du.