NAIZ
DONOSTIA

Botiloia egiten ari zirenik eta poliziari eraso egin ziotenik ukatu dute Donostiako gazteek

Ertzaintzaren jarrera «oldarkorra» salatu dute Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladatik, poliziak Trinitate plazan larunbata iluntzean jazotako gertaeren baitan. Botiloia ez zirela egiten ari baieztatu dute.

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Ertzaintzaren jarrera salatu du. (NAIZ)
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Ertzaintzaren jarrera salatu du. (NAIZ)

Albiste agentziek zabaldu duten bezala, Lakuako Segurtasun iturriak aipatuz, larunbata iluntzean gazte talde bat botiloia egiten ari zen Donostiako Alde Zaharrean, zehazki Trinitate plazan. Taldea desegitean sortu ziren, iturri berberen arabera, istiluak. Igande honetan baieztatu denez, 26 urteko gazte bat atxilotua izan zen, autoritateari eraso egitea leporatuta, eta beste batzuk identifikatuak gertatu ziren.

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, ordea, zenbait informazio gezurtatu ditu komunikabideei bidalitako ohar batean. Adierazi zutenez, ez ziren botiloila egiten ari, eta Ertzaintzak baliatutako «indarkeria» eta jarrera «oldarkorra» salatu nahi izan dituzte, gazteek defendatu dutenez haiek ez baitzieten agenteei eraso egin «inongo momentuan». Hainbat gaztek zauriak dituzte.

Gertakarien xehetasunak eta jazotakoaren berri eman dituzte igande honetan bertan eginiko prentsaurreko batean. Bihar, abenduak 14, iluntzeko 20.00etan Plaza Berritik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. 

Oharrean gazteek erantsi dutenez, «alarmaren egoeraren aitzakipean, poliziak inpunitate osoz jokatzeko eskubidea duela uste du; horren froga dira urte honetan zehar publiko egin diren hamaika irudi. Donostiako Alde Zaharra adibide bat gehiago da eta auzo eta herri guztietan bizi dugu egoera hau. Behin eta berriro ari dira fokoa gazteon erantzukizun sozialean jartzen», kritikatu dute, gazteriaren kontrako kriminalitatearen amaitu dadila eskatuz.