NAIZ
Donostia

Zinemaldiaren azken edizioko emanaldietan 66.000 ikusle baino gehiago izan dira

Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioak 50 herrialdetatik etorritako 151 film eskaini ditu, eta 66.234 pertsonak ikusi zituzten emanaldiak.

Zinemaldiko azken eguneko gala, saritu guztiekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Zinemaldiko azken eguneko gala, saritu guztiekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Zinemaldiaren azken edizioak 50 herrialdetatik etorritako 151 film eskaini deitu, eta 66.234 pertsonak ikusi zituzten emanaldiak. Gainera, 2.626 profesional akreditatu ziren, horietatik 376 hedabidetako 689 kazetari eta zinema industriako 1.185 profesional, Zinemaldiaren aurtengo edizioko memoriaren arabera.

Jaialdiko arduradunek jakinarazi dutenez, 2019ko edizioko memorian bi errekor aipatu ziren: publikoarena (178.687 ikusle) eta akreditatuen kopuruarena (4.319). Arduradunek orduan ohartarazi zuten zaila zela gehiago haztea eta Zinemaldiak urteak zeramatzala bere hazkuntza sabaira hurbiltzen.

«Orduan, ezinezkoa zen aurreikustea portzentajeak %30 eta %70 artean murriztuko zirela 68. edizioan eta, are gutxiago, positibotzat joko zirela zifrok», adierazi dute.

Halere, 2020an, Donostiako Zinemaldiaren arreta «beste nonbaiten» izan da. Inguruko beste enpresa eta erakunde kultural asko bezala, covid-19aren pandemiak markatu du edizioa, eta Zinemaldiak hiru helburu izan ditu: parte hartu zuten guztiontzako segurua izatea; Zinemaldiaren kontzeptuaren funtsa babestea, alegia, film bat emateko toki onena zinema areto bat dela; eta ekonomikoki bideragarria izango zen edizioa lortzea.

Horrela, arduradunek nabarmendu dute ez dela inor kutsatu eta zinema industriako 1.000tik gora profesionalen eta 376 hedabidetako ia 700 kazetariren interesa erakarri duela. Horrez gain, Zinemaldiak «egiturazko aldaketak» egin behar izan ditu, eta sareko alderdian sakondu du.

Neurriek izan duten emaitza eta harrera ikusita, berritasun horietako batzuk pandemia amaitzen denean ere mantentzea planteatzen da, esate baterako, eserlekuak aurrez esleitzea eta zinema industriari zuzendutako jarduerak aldi berean sarean eta aurrez aurre egitea.

Erronkak
Halere, pandemia ez da Zinemaldiak duen erronka bakarra, eta ondoko hauek dira beste erronketako batzuk: talentu berrien aldeko apustu irmoa; ‘Pentsamendua eta Eztabaida’ saila sortzea eta genero identifikazioko txostena egitea; eta, ekimen horiei guztiei lotuta, urte osoko zinema jaialdiaren konfigurazioa izatea, eta presenteago egongo da Tabakaleran eta bertako komunitatearekin 2021ean zehar.