NAIZ

Arizkuren Iruñeko espetxera ekarriko dute eta bost preso hurbilduko dituzte

Bihotzekoa jasan ostean, Josetxo Arizkuren presoa ez dute askatuko baina Iruñeko espetxera ekarriko dute, ez Logroñora (aurreikusia zegoena). Bost euskal preso gehiago hurbilduko dituzte, Palentzia, Asturias, Burgos eta Santanderrera hain zuzen ere.

Arizkuren etxera ekar dezaten Iruñean eginiko mobilizazioa. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Arizkuren etxera ekar dezaten Iruñean eginiko mobilizazioa. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Sei euskal preso lekualdatzeko erabakia jakinarazi du ostiral honetan Gobernu espainoleko Espetxe Zuzendaritzak. Horietatik bost Euskal Herritik gertuagoko kartzeletan egongo dira aurrerantzean eta seigarren kasu batean aurretik iragarritakoa zuzendu da: Josetxo Arizkuren ez dute azkenik Murtziatik Logroñora lekualdatuko, Iruñera baizik.

Jakina denez, iragarpen hori azaroaren 26ean egin ondoren, eta oraindik gauzatu gabe zegoela, bihotzekoa jasan zuen Murtziako kartzelan Iruñeko presoak. Jada 21 urte egin ditu espetxean Arizkurenek eta aurretik aski ezagunak dira bere osasun arazoak. Ez dute askatuko baina bere hirira ekarriko dutela erabaki dute.

Trantze benetan larrian egon zen Josetxo Arizkuren bihotzeko horren ondoren, bere abokatuak agerraldi honetan azaldu zuenez. Hiru stent jarri dizkiote arazoak arintzeko; aurretik jada beste bat zuen.

Lekualdatuko dituzten gainerako presoak hauetxek dira: Alberto Lopez de la Calle, A Coruñako Teixeirotik Asturiaseko Villabonara; Luis Mariñelarena, Teixeirotik Palentziako Dueñasera; Manex Zubiaga, Valentziatik Burgosera; Gotzon Aranburu, Alacantetik Dueñasera; eta Juan Manuel Intziarte, Salamancako Topasetik Kantabriako Duesora.

Bost hauek lehenengo gradutik bigarrenera pasako direla eransten du Espetxe Zuzendaritzaren oharrak. Arizkurenen kasuan gradu aldaketarik dagoen ez da aipatzen, ordea; Etxeratek eskatu zuenez, Euskal Herrira ekarri beharko lukete hirugarren graduan, kalera ateratzen has dadin, are gehiago bere osasun egoera kontuan harturik.