Aspe eta Baiko enpresek jakitera eman dutenez, bi enpresak eta Beñat Rezusta akordio batera heldu dira Bergarako atzelariak urte berriarekin hasiko den Binakako txapelketa Bilboko enpresarekin utzita joka dezan. Akordioa, printzipioz, txapelketa honetarako litzateke bakarrik eta behin amaituta, Aspera itzuliko litzateke. Formula hau ez da berria, 2015ean ere erabili baitzuten Aitor Zubietarekin. Kasu hartan, Etxarri-Aranatzekoak Pablo Berasaluzerekin jokatu zuen eta emaitza ona eman zuen, finaleraino heldu baitzen bikotea, nahiz eta finalean Bengoetxea VI.a-Untoriaren aurka galdu.
Akordio honen lehen helburua azken txapelketetan bi enpresetako pilotarien artean izandako desorekarekin amaitzea litzateke. 2017an Oinatz Bengoetxeak Buruz buruko txapela jantzi zuenetik, Baikok ez du beste titulurik eskuratu eta are larriagoa dena, finaletan ere pilotari gutxi sartu izan ditu. Binakakoari dagokionean, azken lau urteetan txapela Aspeko pilotariek eskuratu dute, 2018 eta 2019ko finaletan bi bikoteak Aspekoak izanda gainera.
Hilaren 29an aurkeztuko dute 2021eko Binakako txapelketa eta, mugimendu honekin, ematen duenez, alboratu egiten da, azken asteetan indarra hartzen ari zen bikote mistoak jartzearen aukera.
Denak gustura
Fitxaketa honekin, Baikok berme osoko atzelari bat ziurtatzen du, –aurten kenduta azken lau finaletan egon da, bi txapel jantziz– eta edozein aurrelarirekin faboritoen artean egoteko moduko bikote bat osatuko luke. Urrutiegira joan gabe, aurtengo uda berezian, Artolarekin batera Mastersa irabazi du bergararrak.
Aspek, bere aldetik, nahikoa justu duen altxortegiari haize pixka bat emango dio akordio honekin. Kirol emaitzak bikainak izaten ari dira Eibarko enpresarentzat, ezin hobeak azken lau urteetan, baina gero eta pilotari gehiago ditu lehen mailan aritzekoak eta ez da erraza irabazitako txapelei etekin ekonomikoa ateratzea. Osasun larrialdia ezarri zenetik, enpresak eta pilotariek akordio desberdinak lortu dituzte, azkena aste honetan bertan, baina diru kontuak egokitzea ez da batere lan erraza izaten ari.
Kirol mailan, Rezusta bezalako pilotari bat galtzea beti da galera handia, baina bizkarra nahiko ondo babestua dauka; Zabaleta eta Martija txapeldunak izandakoak dira, Bikuña behetik indartsu dator eta laugarren atzelari izateko hor ditu Ladis Galarza edo aurretik atzera jauzia eman lezakeen Irribarria bera ere. Gainera, ezin da ahaztu EPEL-ek Baikotik kanpo geratu ziren pilotariak hartzeko duen konpromisoa eta azkenaldian ugariak dira Jon Mariezkurrenak Aspen amaituko duenaren zurrumurruak.