Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Ibilbideko lehenengoa edo laugarrena izan, finalak beti dira final

Arazorik gabe aukeratu dituzte Aitor Elordik eta Julen Egigurenek larunbatean Tolosan jokatuko duten Promozio mailako Lau eta Erdiko finalerako pilotak, biziagoak mallabitarraren kasuan.

Aitor Elordi eta Julen Egiguren gustura agertu dira finalerako materialarekin. (ASPEPELOTA)
Aitor Elordi eta Julen Egiguren gustura agertu dira finalerako materialarekin. (ASPEPELOTA)

Euren kirol ibilbideko oso une desberdinetan dauden arren, Tolosako Beotibarren egingo dute topo, larunbat honetan, Aitor Elordi eta Julen Egigurenen ilusioek, Promozio mailako Lau eta Erdiko txapelketaren finalean.

Mallabitarrak laugarren urtea du profesionaletan eta asteburukoa promozio mailako laugarren finala izango du –iaz Binakako txapela jantzi zuen Oier Etxebarriarekin– eta jauzia orain urte eta erdi eman zuen azpeitiarrak hau izango du lehenengoa. Eskarmentua, beraz, bizkaitarren alde dago, baina finalak beti dira final eta orain hiru aste ondo baino hobeto ikusi zuen Elordik, txapelketa bikaina osatu ostean, Arteagaren aurka bere mailatik oso urrun geratuta.

Astearte honetan aukeratu dituzte final honetarako pilotak eta materiala behintzat, ez da aitzakia izango partida eder bat ikusteko. «Bai Julenenak eta bai nireak gustatu zaizkit, kaiolarako pilota egokiak dira. Nireak pilota nobleak dira eta berarenak, bat irteera gehiagokoa, eta bestea, moteleagoa», azaldu du gorriz arituko den Elordik.

Nolabait, Buruz burukoan barruan geratu zitzaion arantza kentzeko aukera eskaini dio kaiolako honek, gehiegi pentsatzeko astirik eman gabe. «Denbora gutxian bi final jokatuko ditut. Denok dakigu zein zaila den finaletara heltzea eta gustora nago. Buruz burukoko finalean buru-makur amaitu nuen eta orain, horren bizkor, beste final bat jokatzea ona da niretzat. Egia esan, Buruz buruko finala galdu eta kaiolakoa hasterakoan kostatu zitzaidan txapelketa sentsazio onak berreskuratzea, baina orain gogotsu nago», adierazi du.

Hasiberriaren ilusioa

Julen Egigurenentzat, aldiz, dena da berria eta larunbateko finalak ilusio handia egiten dio. «Debuta egiten duen edozein pilotariren ametsa da. Ilusio handia daukat eta partida on bat egiteko gogotsu nago. Konfidantzaz aurkitzen naiz, aurreko bi kanporaketetan egindako lanarekin gustura nago… eta finalean zergatik, ez? Irabazteko esperantza beti hor dago», aipatu du. Ostiralean ere lehen mailako txapelketan horren lan ona egindako Dario bezalako pilotari bat kanporatuta ezustekoa eman zuen azpeitiarrak.

«Nire lehenengo finala da eta urduritasuna izan dezaket, baina normaltasunez  hartuko dut. Alde horretatik faboritoa bera da. Esperientziagatik, behintzat», gaineratu du, nolabait presioa aurkariaren bizkar utziz.

Aurrez behintzat, final errazik ez da izaten eta biek ere lehia estu eta zaila espero dute larunbaterako. «Aurkari berria eta gogorra da, pixkanaka gora datorren pilotaria da Julen. Kaiolako postura guztiak ondo menderatzen ditu eta ahulezia gutxi ditu. Buruz buru, aurrekoan, bere aurka jokatu nuenean nik neraman guztia eman behar izan nuen Egiguren gainditzeko», azaldu du Elordik.

«Partida gogora izango da. Aitorrek asko sakatzen du. Gakoa sakeak ondo erantzun eta sakea nik dudanean ere aprobetxatzean egongo da. Gero, Aitor alde batetik betera mugitzen saiatuko naiz eta aukerak aprobetxatzen», aitortu du Julen Egigurenek.

Mariezkurrena eta Victorren saioa Asperekin Labriten

Bien bitartean, Baikon kontraturik gabe geratu ziren Jon Mariezkurrena eta Victor Estebanek entrenamendu saio bat burutu dute astearte goizean Labriten Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendariaren aginduetara, besteak beste, Ezkurdia eta Zabaletarekin batera. Berriozarreko atzelariak datorren astean hasiko den Binakako txapelketa jokatuko du Eibarko enpresarekin eta azken asteetan afizionatuetan aritu den arren, maila bikainean aritu omen da lehen mailako aurkarien aurka.