Larunbat honetan da hitzordua, abenduak 26, 18.00etatik aurrera eta gauerdira arte. Ez da oraingoan milaka ikusle zuzenean batzeko aukerarik izango, bai ordea etxetik ederki gozatzekoa. Hatortxu Rock-aren 24. edizio berezi honek dakarren ikuskizuna iragartzen du ondoko bideoak.
Bertan, Erika Olaizola aktore azpeitarrak preso egoteari eta izateari buruzko hausnarketa taularatzen du, «nere amets guztiak kabitzen diren» ziegaren esparru murritzetik mintzo. Eta gero Liher taldeko abeslari Lide Hernandok eta Gatibu taldeko Alex Sarduik Berri Txarrak-en ‘Izena izana ezina’ bertsionatzen dute: «Batzuk mila kilometrora, bihotzetik gertu alegia...»
Izan ere, musikarekin batera antzerkia izango da edizio berezi honen ardatz. Hiru agertoki edo gune ezberdin izango ditu ikuskizunak, bloke bakoitzerako espreski prestatuak. «Zerbait benetan berezia prestatu dugu –nabarmendu dute aurretik antolatzaileek NAIZeko informazio honetan–. Ez da kontzertu bat, ez da antzerki bat... ikuskizun bat dela esan dezakegu. Badaude Hatortxuko ohiko formatuan ariko diren taldeak, haien abesti propioekin baina egunerako bereziki moldatuak, badaude abesti ezagunen hainbat bertsio berezi eta, batez ere, dena borobilduko duen antzezlana; antzezlanak izango du aurtengo jaialdiak kontatu nahi duena borobiltzeko ardura», kontatu dute.
Hiru gune eta ustekaberen bat edo beste
Bertsioen txokoa da hiru guneetako bat: Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando, Alberto Sanzol, Hutsun, Iván Carmona eta Alex Sarduiren laguntza izango dute, ondoko bideoa erakusgarri.
Ohiko taula izan zitekeen guneak Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak bilduko ditu, beren lan berriak aurkezten. Ustekaberen bat ere egongo da honetan, iragarri dutenaren arabera.
Biekin batera, ziega zulo ilun bat, antzezlanaren espazioa. Bertan, Erika Olaizola protagonista, Lander Garroren zuzendaritzapean.
Auzolan handia eta diru ekarpena
Aurtengoan jende aurreko agertokiri fisikorik ez izateak ez du esan nahi ikuskizuna lagun gutxiren artean burutuko denik, kontrakoa baizik. Oso esanguratsuak dira pilatutako zenbakiak.
Arlo teknikoari dagokionez, muntaia, koordinazioa, grabaketa eta ekoizpen lanetan 55 pertsona aritu dira. Ondorengo lanak batuz, 100 inguru. Eta arlo artistikoan, 38 lagunek hartuko dute parte emanaldian.
Esan bezala, ikuskizuna abenduaren 26ko 18.00etatik gauerdira arte egongo da ikusgai. Ekarpen ekonomikoa online eros daitekeen sarreraren bitartez egingo da. Sarrera erosten duenak esteka eta pasahitza jasoko ditu ordu batzuk lehenago.