NAIZ

EH Bilduren aldeko apustua berretsi du Gazte Abertzaleak erakundeak

Gazte Abertzaleak erakundeak bere XVI. Biltzarra ospatu du Galdakaon. Bertan Andoni Iriondo idazkari nagusi gisa izan da hautatua beste bi urtetarako, eta EA eta EH Bilduren proiektuen aldeko apustua berretsi dute.  

Batzorde berriaren kideak. (GAZTE ABERTZALEAK)
Batzorde berriaren kideak. (GAZTE ABERTZALEAK)

Gazte Abertzaleak erakundeak asteburu honetan bere XVI. biltzarra ospatu du. “Birsortzen” lema izan du egindako biltzarrak. Bertan Andoni Iriondo idazkari nagusi gisa izan da hautatua beste bi urtetarako, eta batzordea berritua izan da. Modu berean, antolakundeak bere ponentzia politikoa eta estatutak berritu ditu.

Biltzar honen ostean antolakundeak «aro berri bat» irekitzen duela esan du Andoni Iriondok, «aurrerapausu bat, euskal gizarteari zabaltzeko bide berriak irekitzea izanik helburu nagusia». Horretarako, Gazte Abertzaleak erakundeak azaldu duenez, bere jardun politikoa EAn eta EH Bildun jorratzen jarraituko du, «bi proiektu horiek berrestuz eta euren arteko zubi-lana eginez».

Biltzarrak ere BetiGazte izaera izatera pasa direnei omenaldia egiteko balio izan du, «urteetan zehar gazteko militante gisa eginiko lana eskertuz eta goraipatuz». Honekin batera, biltzarreko itxiera ekitaldian Ibon Garciak, Galdakaoko zinegotziak, jardun instituzionalaren garrantzia berretsi eta gazteok politikan egoteko beharra nabarmendu du.

Erakundeko batzorde berria honela geratu da asteburu honetako biltzarraren ondoren: Andoni Iriondo izango da idazkari nagusia; Iker Montes, idazkari nazionala; Naroa Velasco, Arabako koordinatzailea; Galder Agudo, Bizkaiko koordinatzailea; eta Ione Mugertza, Gipuzkoako koordinatzailea.